Nork osatzen duzue Mazuak taldea? 18 lagun gara, taldekide ia guztiak Uxo Toki elkarteko kideak. Samartiñetako larunbatetan 30 bat gazte elkartean bildu ohi ginen bazkaltzeko eta 1990 urtean, bazkaria herritar guztiei zabaltzea pentsatu genuen. Lehen bi urteetan kanpotik ekarri genuen jatekoa, baina 1992tik aurrera geroni hasi ginen prestatzen.
Menu zehatza izaten duzue urtero… Eltzeko haragiarekin eta oiloarekin egindako zopa. Haragi gisatua nahiz parrillan errea. Postretarako gazta menbrilloarekin eta Iruñeako gozotegi batetik espreski bezperan ekarritako pastak, kafeari laguntzeko. Edateko, besteak beste, Oiongo ardoa.
Nongo txekorra izango duzue aurten? Txekor urrixa izaten saiatzen gara eta, ahal bada, Amasako baserriren batekoa. Aurten Arratzain baserriko Bixenterena izango da. Kapritxoz hazten ditu. 250 kilo pasatxokoa bada ere, 330 bat lagun biltzen garenez, azken urteotan haragi gehiago ere ekarri ohi dugu.
Nondik datorkizue Mazuak izena? Bazkaria prestatzen lanez gainezka gabiltzala, noizbait norbait egoskortu denean, ‘hau dek mazzzua’ esan izan diogu elkarri. Hortik datorkigu izena, ia gure sinbolo bihurtu dena. Taldekide batek zuhaitz enbor batekin mazo handi bat egin eta pilotalekuan jarri genuen behin.
Noiz hasten zarete prestaketa lanetan? Bezperan zopa eta gisatuarentzako barazkiak prestatzen ditugu. Gainerako guztia larunbat goizean goiz hasita. Iluntzeko 20:30ak aldera arte ez gara geratzen. Orduan hasten gara lasaitzen.