Labean da Super Hren ipuina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 13a, 14:15

Urnietako Super H elkarteak ipuina aurkeztuko du abenduaren 4an zabalduko duten Durangoko Azokan. Miren Amuriza bertsolaria gidoilaria da, eta Almu Salas ilustratzailea. Ohi bezala, salmentatik lortutako irabaziak haur minbiziaren ikerkuntzarako bideratuko dituzte. Ipuinak, bestalde, bigarren helburu bat du: gaitz horri buruzko sentsibilizazioa gizarteratzea.

Super H elkarteak Eguberri hauetarako opari egokia izan daitekeen ipuina argitaratuko du azaroaren amaiera aldera, Durangoko Azokan ere aurkeztuko dutena. Almu Salas elkarteko kide eta ipuinaren ilustratzaileak gidoiari buruz aurreratu daitekeena azaldu dio Aiurri astekariari, “liburuaren pertsonaia Hodei haurra da. Askok bezala bizitza normala egiten du, eskolara joaten da, laguntxoekin jolasten du baina egun batean eskolan mina hartu eta ospitalera eramaten dute. Han gaixotasun bat duela esaten diote. Hortik aurrera Hodei bere ametsen munduan murgilduko da”.
Elkarte mailan abiarazi zuten egitasmoa, baina argitalpena borobiltzeko Miren Amurizari ipuina osatzea eskatu zioten. Arantzazu Miner Super H taldeko kideak adierazi duenez, haur txikiek gurasoen laguntzarekin irakurri behar dute ipuina: “Adin batetik aurrera, 9 urtetik aurrera edo, istorioaren muina ulertzen has daitezke. Horiek baino txikiago diren haurren kasuan gurasoen laguntzarekin irakurtzea aholkatuko genuke”.
Ez daude eskuak gurutzatuta egoteko, eta ekimen betean dira. Herriko jaietan murala egin zuten, eta piskanaka datorren urteko mendi maratoiaren prestaketekin hasi dira. Azken asteetan burubelarri sartu dira ipuinaren ekoizpenean. Azkar batean joan zaie denbora, Salasek aitortzen duenez: “urte erdi edo pasa dela iruditzen zaigu guri, baina egia esan azken bi hilabeteetan jarri gara burubelarri. Sanmieletako marrazki lehiaketarekin hasi zela esan daiteke. Marrazki saio hura ipuin kontaketan bilakatu zen”. Eta ipuin hori paperezko edizio txukunean bilakatuko da orain. “Hontz zuriaren lurraldean” izenburupean argitaratuko dute.
Koloretan, eta kalitate handiko paperean, ipuina hamar euroko prezioan salgai izango da laster. Urnietan bezala, Durangoko Azokan ere bai: “Durangoko azokan salgai izango da, eta Urnietan aurkezpen ekitaldia Eguberrietan egingo dugu. Miren Amuriza bertan izatea nahiko genuke. Ipuina, bestalde, Eguberrietarako opari polita izango litzateke”. 10 eurotan salgai jarriko dituzte 3.000 ale.

Ipuina orain,
unitate didaktikoa gero
“Gerora, ipuinetik abiatuta unitate didaktikoa lantzea pentsatzen ari gara ikastetxeetan lantzeko. Gure helburuetako bat da ikerkuntzan lantzeko dirua lortzea da, baina oso gogoko duguna da gizartea sentsibilizatzea eta horretarako ikastetxeetara jo nahi dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!