Arbasoak gogoan hartu dituen murala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 12a, 13:54

Andoaingo 400. urteurrena gogoan izateko, arbasoekin eta herriarekin lotutako murala margotu dute Agustin Leitza kalean. Eduardo Arreseigorren gidaritzapean, muralean herriko artista askok pare hartu du: Sergio Vallejo, Juanan Lazkano, Sebastian Herrero, Margarita Oiarzun, Aiora Arregi, Alejandro Gonzalez, Itziar Gutierrez, Naiara Lasarte eta Ainhoa Markez.

Tela zatiak margotu eta guztiak puzleen gisara kokatu dituzte eraikineko paretean. Irudian Angela Esnaola baserritarra ikusi daiteke, sardearekin lanean. Horren azpian, Andoain osatzen duten elementuak ageri dira; tunela, eliza, zubia, industria… Baita isilpeko zenbait elementu ere. Margolaneko irudi batzuk esanahi bat baduten arren, beste asko guztiz irekiak direla adierazi dute: “Sinbologia batzuk itxiak dira eta beste asko irekiak. Sekretu batzuk badaude, baina ez ditugu kontatuko, herritarrek beren iritzia eraikitzea nahi baitugu”, azaldu du Eduardo Arreseigor irakasleak.

Irekiera ekitaldi jendetsua
“Segaz moztutako belarra sardeaz biltzen hasi da baserritarra. Sustraiak bere erroetatik erauzi ditu, bere arbasoen izana, gure iraganeko ondarea gurera ekarriz. Hontzaren jakintza, aizkolariaren ausardia, langilearen kemena, trenaren triki-traka, arraunlariaren indarra, sorginen aztikeria…” Hitz horiekin eman zioten hasiera muralaren irekiera ekitaldiari.
Orain arteko belaunaldiek 400 urtetan zehar herria sortu eta eraikitzen jardun dutela gogora ekarri zuten. Hori horrela izanik, gerora etorriko diren belaunaldiek ere horrela jarraituko dutela adierazi zuten, “sokak etenik izan ez dezan”. Denbora eta sokaren isla da Agustin Leitza kalean margotutako mural hau.
Antzerkiaz gain, Lorratzak taldekoek Baga-biga kantua abestu zuten. Ondoren, Axeri dantza taldekoek giza dorrea osatu zuten. Gainera, bertaratutako guztiek bertsoak abesteko aukera izan zuten kantu jirakoen laguntzarekin. Ekitaldi jendetsua izan zen, eta margolanaren handitasunaz eta edertasunaz liluraturik, txalo artean jaso zituzten egileak.
Itziar Gutierrez
“Ikaragarrizko esperientzia izan da margoketan parte hartzea. Eduardorekin urte mordoa daramatzat pinturan eta berarekin zuzenean lan egitea oso polita izan da. Horrelako proiektu batean parte hartzea izugarria izan da; asko ikasi dugu. Emaitzarekin oso gustura eta emozionatuta geratu naiz. Orain ilusioa egiten dit kalean ikusteak.
Talde lanean aritu gara eta pausoz pauso joan gara, guztia osatu harte: marrazkia egin, fondoak landu, detaileetara pasa… Edu da artista burua, baina guztion artean osatu dugu. Ekaina inguruan hasi giren margotzen eta urrian, tela zatiak paretean pegatzen eta barnizatzen hasi ginen. Telen bidez margotu dugunez, gertuko lana izan da, ez da paretean zuzenean margotzea bezala. Guk ere lehen aldiz gaur ikusi dugu mural osoa bertikalean”.

Naiara Lasarte
“Esperientzia polita izan da. Asko ikasi dugu, baina konturatu gara uste baino denbora gehiago eskatzen duela. Gainera, kontuan hartu behar da murala ez dagoela zuzenean margotuta, tela zatietan baizik. Horrek lientzo itxura ematen dio dio muralari.
Telak lokal handi bateko lurrean genituen zabalduta, eta gutxi gora behera ikusi genezakeen nola geratuko zen. Hala ere, ez da gauza bera horizontalean ikustea edota bertikalean. Guretzako ere sorpresa izan da. Horrenbeste hilabeteetan egindako lana amaituta jendaurrean ikustea zoragarria izan da. Are gehiago, jendeari gustatu zaiola ikusita. Talde lanean egin dugu eta oso pozik geratu gara”.

Mari Karmen Arruabarrena
“Emozionatu egin naiz murala ikustean. Duela bi urte hil zen izeba, eta txikitako oroitzapenak etorri zaizkit gogora. Beste mundu bat eta garai bat islatzen ditu muralak: baserria, soroa… Desagertu den mundu baten oroitzapenak ekartzen dizkit. Horregatik, ilusioa eta pena, biak batera etorri zaizkit. Nire ahizparekin harreman estua zuen eta garai hartan familian bizitakoak gogoratzen ari naiz.
Oso ederra da murala. Soineko hori gogoan dugu, baita mantala ere; irudian bezala, atzetik gurutzatuta erabiltzen zuen. Buruko pañoloa ere oso tipikoa da, beti baitzeraman soinean. Aurpegia zimurtuta duela ikusten da, garai hartan gogor lan egin zuen seinale. 60 urte inguru izango zituen orduan”.

Eduardo Arreseigor
“Alde teknikoari begiratuta, azpimarratu behar da tela berezi baten gainean eginda dagoela. Espainia mailan oso gutxi erabili den teknika da. Gasteizen ezagutu genuen eta hona ekartzea erabaki genuen. AEBn erositako tela bat da, tenperatura aldaketek eta hezetasunak kaltetzen ez duena. Pintura akrilikoarekin pintatu dugu, eta plano baten bidez, horma gainean ipini dugu.
400. urtemugarekin lotutako murala egitea proposatu zidatenean, zerbait artistikoa egin nahi nuenez, taldean egitea proposatu nien pinturako ikasleei. Elkarlanean hasi ginen, eta ondo joan da prozesua. Nire argazki bat hartu nuen oinarri bezala eta horren baitan eraiki dugu irudi osoa. Emakume batek sardearekin belarra altxatzen duen bitartean, Andoaingo historia osoa altxatzen duela ikusi daiteke, belar azpitik ateratzen baitira herriko sinboloak. Bisualki metaforikoa da, Andoaingo historia markatzen dutelako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!