Biktimen aldeko Udal bilkura Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 12a, 13:51

Hiru alderdietako kideak, herri eragileak eta herritarrak hurbildu ziren azaroaren 10ean, San Juan plazara.

Bideoa

Hainbat minutuz isilean bilduta egon eta gero, Mikel Pagola eta Consuelo Frutos Udal hautetsiek adierazpena irakurri zuten, txalo artean amaitu zena. Goiburuak zera zioen: “Gure herriak bakea behar du. Pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu eta bermatuko dituen bakea”.

Biktima guztiak, parekotasunik eta bazterkeriarik gabe, kontutan hartuko dituen memoria sustatzeko konpromisoa hartzen zutela adierazi zuten. Giza eskubideak ororen gainetik daudela erantsi zuten, “giza duintasun, norbanako eta hauen oinarrizko eskubideenganako errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik dago”.

Eguerdian elkarretaratzea egin zuten udaletxearen kanpoaldean, egun horretarako bereziki adostu duten adierazpena egiteko: "Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak biolentziaren bidegabekeriaren aitortzea eskatzen du, sortutako minaren eta biktimen duintasunaren aitortzea, biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutelarik”. Bide horretan herritarren inplikazioa eta esku hartzea ezinbestekoak direla berretsi zuten. Bakean eta bizikidetzan sakontzeko asmoz. datozen hilabeteetan Urnietan tailer eta jardunaldi gehiago antolatzen jarraituko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!