Udala ez da Ur Kontsortzioan sartuko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 11a, 20:00

Gobernu taldeak uraren kudeaketa osoa Ur Kontsortzioaren esku uzteko proposamena aurkeztu zuen udaletxean, ez ohiko batzarraldian aztertu zena. Erabakia aurrera ateratzeko gehiengo osoa beharrezkoa zen, alegia, bederatzi boto eskuratzea. EH Bildu, Ganemos eta Irabazi alde agertu ziren. Zortzi boto horiek ez ziren nahikoa izan, PSE-EE eta EAJ-PNVren bederatzi botoak aurkakoak izan zirelako.

Ez ohiko batzarraldiaren laburpena:

EH Bilduk zuzentzen duen Gobernu taldeak egoera ekonomikoa bideratzeko egokien ikusten duen proposamena mahai gainean geratu zen, gehiengo osorik lortu gabe. Hiru alderdi nagusien botoak erabakiorrak ziren proposamenarekin aurrera edo atzera egiteko. Aspaldikoak dira gai honetan EH Bilduren aldeko jarrera eta EAJ-PNVren aurkako argudioak. PSE-EEren bost botoak, beraz, erabakiorrak ziren. Plenoa abiatu arte ez zen PSE-EEren jarrera ezagutu. Aurkako botoa eman zuten, gobernu taldearen asmoa zapuztuz. Beraz, botoa ematerako garaian ezezkoan bat egin zuten EAJk eta PSEk. Eztabaidan, ordea, elkarren arteko haserrea ezkutaezina izan zen.

BOZERAMAILEEN argudioak
Eztabaida luzea izan zen, eta ez da erraza guztia laburbiltzea. Bereziki, erreplika garaian beste zenbait eztabaida tartean sartu zirelako. Esaterako, ekainaren 13ko kargu hartze ekitaldia edota 2016ko Udal aurrekontuak. Horra gaiari dagokionez, adierazpen esanguratsuenak.

Maider Lainez, PSE-EE
“Uraren kudeaketa udal eskumena izatea defenditu dugu. Gobernu taldeak kopuru ekonomikoak helarazi dizkigu eta, gure ustean, Udalak uraren kudeaketari eusten jarraitu behar dio. Horren aldeko apostu egiten dugunez, aurkako botoa emango dugu”.

Marijo Izagirre, EAJ-PNV
“Aurreko agintaldian EH Bilduk ez zuen gai honi buruzko akordiorik lortu eta zortzi urte atzera sozialistek ere paso egin zuten. Ez zuten arazoa konpondu nahi izan, eta orduan ere arazoa nabarmena zen. Beti esan izan dugu uraren zerbitzuaren ardura udalarena dela, eta baldintza onenetan emateaz udala arduratu behar dela. Baita zerbitzua orekatua izatea, diru sarrera eta gastuei dagokionez. Gaur egun inork ez ditu duroak pezetaren truke ematen. Kontsortzioa hona badator irabaziak ematen dituelako da. Kontsortzioak ateratzen badu, zergatik ez Udalak? Kontsortzioak tasak igoko ditu %40. Igoera hori subentzionatu egingo duzue herritarrak igoeraren kontziente izan ez daitezen”.

Olga Hernandez, Ganemos
“Guretzat zentzudunena kudeaketa Ur kontsortzioari ematea da. Guk ez dugu ezkutukeriarik  ikusten. Pausoa ematearen beldur direnentzat: hitzarmena errebokatu daiteke. Emaitzak ez badira onenak, edozein unetan atzera bota daiteke Kontsortzioarekin sinatutako hitzarmena. Zaila da egoera honetan tasak igoko direla adieraztea, baina bestela ere berdin-berdin igoko dira. Ezin duguna da herritarrei zerbitzuak hobetzeko aukerarik ez dagoela adieraztea, asmoa ez bada galerak dituen zerbitzu bezala egonkortzea eta ondoren, PPk egiten duen bezala, zerbitzua pribatizatzea.
Herriko biztanleak oso haserre daude, eta arrazoi osoz. Gaur egun, berdin zaigu nork eman duen urratsa edo nork aurkeztu duen egitasmoa. Gakoa irtenbidea ahalik eta azkarren ematea da”.

Jorge Mourinho, Irabazi
“Garrantzia handiko gaitzat hartu dugu Irabazin. Nola iritsi gara hona? Norbaitek erantzun beharko du, eta iraganean aurreikuspen falta nabarmena egon dela esan daiteke. Udalak zerbitzua hobetu behar du, eta kostua handia da. Inbertsio handiak egin behar dira. Une honetan, egoera ekonomiko zail honetan, Kontsortzioan sartzea da onena”.

Jon Zulueta, EH Bildu
“Ez ditut jeltzaleen eta sozialisten argudioak sinesten. Beraz, hobea da galerak edukitzea, eta ura eskaintzeagatik milaka eurotako kanona ordaintzea. Beraz, zorpetzea hobea da. Zuen jokabidearekin mailegua eskatu behar dugu, beste zenbait inbertsio egitea galeraziko diguna.
Tasak, batean edo bestean, bai ala bai igo beharko dira. Eta Kontsortzioan sartzean tasak ez dira hainbeste igoko. Beasain, Elgoibar, Tolosa... Kontsortzioan daude. Ez dira hain eroak izango hango agintariak, ezta? Ikuspegi teknikotik, kudeaketa zaildu nahi diguzue edota zuen alderdietako ardi beltzak zarete? Ikuspegi politikotik honek ez du ez hankarik, ez bururik. Lehen gure jokabidea onartezina zela zenioten. Bada orain mugitu gara, autokritika egin dugu, jokabidea aldatu dugu eta zuek sozialistak ez duzue erantzun ere egiten. Ez deirik hartu, ezta emailik erantzun ere. Hori ez da politika egitea. Zein da zuen proposamena? 2011tik hona PSEk ez du emendakinik aurkeztu. Zero emendakin. Hau beste herriren batean pasatzen al da?”.

Tentsioa erreplika garaian
Erreplika garaian Lainezek tonoa jaistearen beharra azaldu zuen. Segidan egin zituen adierazpenekin, ordea, Zulueta eta Izagirre haserretzea lortu zuen. Zuluetari aurrekontuko hainbat partida (laguntzak presoei) kendu arte emendakinak aurkeztu gabe jarraituko duela adierazi zion. Zuluetari aurrekontuak lantzeko garaian “auto bazterketa”rena maila baxuko jokabidea iruditu zitzaion.
Lainezek Izagirreri ekainaren 13ko kargu hartzean EAJk izandako jarrera aurpegiratu zion. Beste alkatetza batekin gauzak oso bestelakoak izango zirela erantsiz. Ezustean hartu zuen Izagirre, horrelakoak pribatuan esatea hobe dela eta alkatetzan ez badago, ez zuelako nahi izan erantsi zion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!