Elkarretaratzea Udalaren aurrean, Oroimenaren Egunari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 10a, 15:36

EAJ eta PSE-EEk adostutako testua irakurri du gaur eguerdian Iban Agirre alkateak Villabonako Udalaren atarian azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira. Villabonako Udalak eskerrak eman nahi dizkie bertara hurbildu diren herritar nahiz Udal langileei, eta Ibanek testua irakurri ondoren adierazi duen bezala, bizikidetzaren aldeko pausoak ematen eta lanean jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute. “Izan ere, herri bakoitzak bere denbora behar du eta formazio bakoitzak ere bai, bizikidetza eta oroimenaren prozesuan oraindik akordioa lortu ez dugun arren ziur gaude azkenean lortuko dugula”. Alkateak irakurritako adierazpena, segidan:

Etorkizuneko bake eta bizikidetzak eskatzen dute indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina eta biktimen duintasuna onartzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.

Giza duintasunaren, pertsonaren eta horren ondoriozko giza eskubideen, errespetua beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik eta aurretik dago.

Etorkizunean, inoiz gehiago ez, ez kausa politikorik edo arrazoi partidariorik, ez bestelako uste osorik edo ziurtasunik ez da jarriko, balio absolutu bat izango balira bezala, giza eskubideen, pertsonaren eta bizitzaren balioaren gainetik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!