Anakruxa musika taldea, inoiz ez da berandu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 10a, 11:17

50 urteren bueltako hamar kidek osatzen dute Anakruxa taldea. Ausardiaz beteta eman zuten musika ikasten hasteko jauzia eta egun, oso osagai garrantzitsua da euren bizitzatan.

Marijo Mendibil (baxua, gitarra eta ahotsa), Pilu Garmendia (gitarra), Nieves Sobrado (gitarra klasiko nahiz elektrikoa eta ahotsa), Ana Contreras (marinba eta perkusioa), Karmen Chivite (perkusioa eta ahotsa), Kasi Artetxe (saxofoia eta ahotsa), Mertxe Mendizabal (gitarra), Olatz Barandiaran (biolina), Luisi Arregi (pianoa) eta Iñaki Salbadorrek (irakaslea) osatzen dute Anakruxa musika taldea. Guztiak ere Loatzo musika eskolako ikasle edota partaideak dira, musika-tresnak jotzen ikasten 40 urtetik gora hasitako herritarrak –irakaslea izan ezik, noski–. Musika eskolara etorri aurretik, gehienek solfeoaren inguruko arrastorik ez zutela aitortu dute, zerotik hasi zirela. “Notak pentagramako marrazkitxoak ziren gehienontzat”, adierazi dute irribarretsu. Partiturak irakurri ahal izateko ikasi zuten solfeoa eta behin lehen urrats hori emanda, gogoko musika-tresna aukeratu zuen bakoitzak. Luisik, esaterako, txikitako ametsa zuen pianoa jotzen ikastea. Gaztetxotan klarinetea jotzen zuen Kasik, baina utzi egin zuen gerora eta handik berrogei urtera saxofoia ikasteari ekin zion. Piluk gitarra aukeratu zuen, baina aukera hura egin zuenean, ez omen zekien gitarrak zenbat soka zituen ere. Mertxek ere gitarra aukeratu zuen. Gaztetxotan zertxobait aritu arren, ondo ikasteko gogoa baitzuen beti eta pausoa ematera ausartu zen. Karmen gitarrarekin hasi arren, perkusioa lantzen ari da orain. Marinba aukeratu zuen Anak eta musika eskolan halakorik ez zegoenez, etxean zuen marinba jotzen irakastera etortzen zitzaion etxera irakaslea… Erronka eta ilusio handiz betetako musika-tresna adina istorio. Bakoitzak berea.  Denek ere argi dute, “adin batetik aurrera solfeoa nahiz musika-tresnak ikasteko prozesua geldoagoa izan arren, gozamena askoz ere handiagoa da”.

Iñaki Salvador, ‘salbatzailea’
Duela sei bat urte, Iñaki Salvador irakaslearen ideia izan zen taldea sortzea. Ordurako urte mordoa zeramaten elkarrekin eta aurrera egiteko aukera ikusi zuten. “Ikasle onak dira, gogotsuak behintzat bai”, azaldu du irakasleak. Beretzat ere esperientzia berria izan zen halako taldea martxan jartzea. Dudarik gabe, mundu berri bat zabaldu zitzaien parez pare, “musika-tresnak jotzen ikasitakoan taldea osatzeko aprobetxatu genuen. Gogoa eta ilusioa izan dira nagusi gure taldean eta oso gustura bildu ohi gara. Kantu sorta osatu dugu denboraren poderioz jendaurrean txukun samar aritu ahal izateko”, argitu du. Taldekideek, berriz, Iñaki Salvador euren ‘salbatzaile’tzat dute, “pazientzia handia izan du gurekin eta izugarri zor diogu. Ondo edo gaizki egin, ondoan izan dugu beti”, adierazi dute. Iñakiren saiakera eskertzeko, joan zen ikasturte amaieran euren artean prestatutako kantua eskaini zioten taldekideek irakasleari sorpresaz. “Sekulako ilusioarekin aritu ginen hura prestatzen eta oso hunkigarria izan zen”, gogoratu dute.
Mertxe eta Olatz zizurkildarrak dira taldeko kiderik berrienak. Aurrez hiru laguneko beste talde txiki batean aritzen ziren, baina talde hura desegin zenean Anakruxako kide izateko aukera eskaini zieten eta ez dira damutu.

Emanaldiak jendaurrean
Musika eskolan nahiz etxean bakoitzak bere kabuz entseatzen badu ere, ostegun iluntzetan taldeko entsegua egiten dute. “Gero eta errazago ateratzen zaizkigu kantuak, baina talde bezala aurreratu ahal izateko, entseguak egiteko gela bat eskatu diogu Udalari”, jakinarazi dute.
Emanaldi bat baino gehiago eskaini dute dagoeneko. Xexili eguneko saio batean egin zuten jendaurreko lehen aurkezpena. Geroztik, Villabona, Fraisoro nahiz eskualdetik kanpoko hainbat zahar egoitzatan jo izan dute, arrakasta beroa eskuratuz. Larratxo edota Hondarribiako EPAko musika taldeetako kideekin elkartrukeak egin izan dituzte. Joan zen martxoan, besteak beste, Villabonako Gurea zineman aurkeztu zen Emeki emanaldian hartu zuten parte, irailean Asteasuko igerilekuaren denboraldi amaierako festan… Euskal Herriko mugak ere gainditu dituzte eta Burgos ingurura ere urtero joaten dira hango egonaldiaren truke emanaldiak eskaintzera. “Beso zabalik hartzen gaituzte eta oso gustura joaten gara. Iñaki Maritxalar laguntzaile izaten dugu kanpora ateratzen garen aldietan”.
Euren gustuen arabera antolatu ohi dute kantuen errepertorioa. Euskal kantuak jotzen dituzte bereziki, baina baita gaztelaniaz abestutakoak ere. Jauzi berria eman dute orain gutxi, ingelesezko kantu bat prestatzen hasi baitira. Taldekideak oso pozik agertu dira erronka berri horren aurrean.

Mugak gaindituta
Anakruxa taldeak ideia argi bat erakusten du, inoiz ez dela berandu gogoko musika-tresna jotzen ikasteko. Beraz, musikak erakarri, baina pausoa ematera ausartzen ez diren guztiei aurrera egiteko deia luzatu nahi diete, adinaren mugak atzean utzita. Eurak ere orain urte batzuk ez baitzuten pentsatzen egun dauden tokian egongo zirenik. “Hasieran, gutako batzuei lotsa ematen zigun entseguetara joateko musika-tresna soinean hartuta kalera ateratzeak. Orain, muga horiek hautsita, lasaitasun ederrean ibiltzen gara”. Azken urte hauetan, musika eskolek, gaztetxotatik aurrera ere musika ikastea ahalbideratu egin dutela azaldu dute elkarrizketatuek, lehen zailagoa zela pauso hori ematea.
Elkarrekin musika jotzearekin batera, euren artean sortu den harreman estua nabarmendu dute. “Oso pertsona ezberdinak gara kide guztiak, baina musikak elkartu egin gaitu eta musika talde hutsa baino, askoz ere harreman sakonagoa sortu da gure artean. Musikak batzen gaitu, baina musikaren aitzakian lagun bihurtu gara eta sarritan elkartzen gara elkarrekin afaldu edota plan ezberdinak egiteko”, adierazi dute.

Etorkizunera begira
Zuzendariak zuzendu gabe, euren kabuz aritu ahal izatea lorpen handia da taldekideentzat eta jendaurrean hasitakoan, urduritasunak mendean hartzea ere bai. “Graziarekin nahasten ikasi dugu eta oso garrantzitsua da hori”, diote. Musika-tresna berriak erosten ari dira pixkanaka, gero eta autonomoago direlarik. Etorkizunera begira helburu garbia dute, “orain bezalaxe jarraitzea”. Musikaren arloan ikasten jarraitzea gustatuko litzaieke eta emanaldi gehiago eskaintzeko aukera izatea.
Musika-tresnak jotzen ikasten hasi aurretik, musikak atzean duen bidea ulertzen ez zutela jabetu dira. Behin probatu dutenean, berriz, taldelanaren garrantzia ulertu dute; “asko entzun behar du batak bestea; horrek patxadatxuago bihurtu gaitu”, adierazi dute.

Igor Letona Quartet taldeko kantari
Anakruxa taldeak ate berriak zabaltzeko aukera eman dio, esaterako, Marijo Mendibil taldekideari. Izan ere, jazz eta funky musika estiloak lantzen dituen Igor Letona Quartet taldeko abeslaria ere bai baita. “Bateria, kontrabaxua, gitarra eta saxofoiak osatzen dute taldea. Ni duela bi urte hasi nintzen taldean abesten. Oso esperientzia polit eta aberasgarria izaten ari da”, azaldu du. Urriaren amaieran Adunako Asvinenean eskaini zuten emanaldia, saioan zehar Pilu Garmendia Anakruxako taldekidea margolari aritu zelarik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!