Oinkariren 40. urteurreneko ospakizunen aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2015ko aza. 9a, 15:46

Oinkari dantza taldearen 40. urteurreneko ospakizunak oinarri hartuta, Eneko Arteaga Oinkariko arduradunak, Iban Agirre alkateak eta Joxean Cubero kultur teknikariak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo eguerdian Villabonako udaletxean:

Aurkezpenaren bideoa

Egitaraua, osorik 

Eneko Arteagak Oinkariren 40. urteurrenaren harira azaroaren 17tik 21era antolatu duten egitarauaren xehetasunak eman ditu eta, bereziki, azaroaren 20an dantzari eta dantzari ohien artean Olaederra kiroldegian eskainiko duten emanaldia prestatzen buru-belarri ari direla nabarmendu du. Ikusleei begira, ahalik eta azkarren sarrera erosteko deia luzatu du Enekok. "Aforo arazoak ditugu, Olaederra kiroldegian 800 lagunentzako lekua izango baita. Dagoeneko aforoaren erdia baino gehiago beteta dagoenez, emanaldira joateko asmoa duenak, sarrera lehenbailehen eskuratzeko eskatzen dugu". Sarrerarik gabe jendea geratuko dela jakitun diren arren, ETBk emanaldia grabatuko duenez, Gabonetan telebistan ikusteko aukera izango dela gaineratu du Oinkariko arduradunak.

Larunbata ospakizun egun bezala aurreikusi dute; gaztetxoenen dantza emanaldi, Tio Teronen semeak dantza ikuskizun, bazkari nahiz ondorengo jaiarekin batera. Egitarau osoa aurrera eramatea lan nekeza izan dela azaldu du Enekok eta euren laguntzaile nagusia Villabonako Udala izan delako eskerrak ematearekin batera, herritarrengandik jasotako babesa azpimarratu du, "ekitaldiekin aurrera egiteko diru gehiago behar genuenez, Oinkariren urteak salgai jartzea erabaki genuen. 40 urte behar genituen eta 80 lortu ditugu. Oso eskertuta gaude herritarrei ere. Ea ekitaldietan parte hartzera animatzen zareten eta bertan ikusten garen", amaitu du Enekok.

Laguntza ekonomiko eta materiala 

Iban Agirre alkateak, bere aldetik, Villabonako Udalarentzat nahiz herriarentzat halako dantza taldea izatea ohore handia dela adierazi du. "Ez bakarrik azken urte hauetan lortu dituen arrakastengandik, dantza garaikidea eta tradizionala uztartuta, Oinkari dantza eskolak haur eta gazteekin egiten duen lan handiagatik baizik". Villabonako Udalak urteurren honetan Oinkariren ondoan egon nahi duela ere adierazi du Ibanek, "horregatik, ahal duen neurrian, Villabonako Udalak eta kultur sailak bereziki, baliabide ekonomikoak eta materialak jarriko ditu Oinkariren eskura 40. urteurrena ospatzeko". Era berean, aurrerantzean ere Villabonako Udalak Oinkariri laguntzen jarraitu nahi duela jakinarazi du alkateak. "Gure aldetik, dantza taldearekin harremanetan ari gara eta datorren 2016rako lankidetza hitzarmena izenpetu nahi dugu".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!