Holandarra zara jaiotzez. Noiz etorri zinen Euskal Herrira, eta zergatik?
Duela lau urte etorri nintzen Donostiara lehendabiziko aldiz. Ikasketak egiten ari nintzen Holandan, eta atzerrian egin nahi izan nuen praktikaldia. Donostiara etortzea gomendatu zidaten, baina nik ez nuen hiriaren inguruko aditzerarik ere. Interneten begiratu, eta izugarri gustatu zitzaizkidan ikusi nituen argazkiak. Horrelaxe erabaki nuen etortzea. Urte erdia Donostian igarota, Holandara itzuli, eta bi urte pasa nituen han, gaztelania irakasle gisa lanean. Euskal Herriko Unibertsitateak doktoretza egiteko deialdia luzatu zuen orduan, eta aurkeztea erabaki nuen. Onartu egin ninduten, eta duela bi urte etorri nintzen Donostiara doktore-tesia egitera.
Irailaz geroztik, Larraulen bizi naiz. Holandako herri txiki batean jaio nintzen, baina hemezortzi urtez geroztik hirian bizi izan naiz, eta aldaketa handia izan da niretzat Larraul bezalako herri txiki batera etortzea, baina oso gustura nago. Oso ondo hartu naute. Larraulera iritsi eta berehala, ia denek zekiten nor nintzen. Pixkanaka, ni ere joan naiz herritarrak ezagutzen eta oso pozik bizi naiz bertan.
Euskal Herrira iristean, zein izan zen jaso zenuen lehen irudia?
Xirimiria ari zuen eta bakardade pixka bat sentitu nuen. Orain, ordea, oso gustura nago. Hemengo paisaiak zoragarriak iruditzen zaizkit: Holandan ez dago mendi bat bera ere, eta hemen berriz dena da menditsua eta berdea. Janaria ere oso goxoa da eta hemengo jendea oso jatorra eta irekia da. Nire etxekoak bisitan etortzen direnean ere horixe nabarmentzen dute gehien: paisaiak, gastronomia eta jendea. Ikaragarri gozatzen dute pintxo goxoak jaten.
Ikasketei lotutako praktikaldia egitera etorri zinen lehendabizikoz. Zein ikasketa egin zenuen?
Hizkuntza eta kultura erromanikoak ikasi nituen Holandan. Master bat ere egin nuen gaztelania irakasle izateko, eta baita hizkuntzalaritzaren inguruko beste master bat ere. Hizkuntzei lotuta ibili izan naiz beti, eta halaxe jarraitzen dut orain ere. Nire doktore-tesiaren gai nagusia hauxe da; eleaniztasuna enpresetan. Horri lotuta, nazioartean lan egiten duten enpresek hizkuntzen arloa nola kudeatzen duten ikerketzen ari naiz.
Primeran moldatzen zara euskaraz. Etorri zinenean, ba al zenuen euskararen berri?
Ez nekien hitzik ere euskaraz. Praktikaldirako etorri nintzenean, ikastaro labur bat eskaini ziguten unibertsitatean, oinarrizko hitz batzuk ikasteko. Duela bi urte Donostiara itzuli nintzenean, ahaztua nuen euskaraz ikasitako ia guztia. 2013ko urrian, duela urte eta erdi, euskaltegira joaten hasi nintzen. Lanera joan aurretik, bi orduz joaten nintzen egunero. Oso irakasle ona izan nuen, eta hortxe hasi nintzen benetan euskara ikasten.
Zergatik hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Euskal Herrira etorri nintzen, eta hemen bi hizkuntza daude. Gaztelaniaz banekien, baina ez, ordea, euskara. Hemengo bi hizkuntzak ikasi eta erabili nahi nituen. Laneko bileretan, esaterako, gaztelaniaz egiteko prest egoten ziren lankideak, baina niri ez zitzaidan gustatzen. Beraien hizkuntza euskara da, eta Euskal Herrian gaude, beraz, askoz ere egokiagoa iruditzen zitzaidan nik euskara ikasi eta bilerak euskaraz egin ahal izatea. Errespetu kontua dela uste dut.
Horrez gain, hizkuntzalaria naiz, eta izugarri gustatzen zaizkit hizkuntzak. Beste hizkuntza bat ikasteko aukera ederra izan da niretzat. Lanean, lagunartean, etxean..., euskaraz hitz egiten dut orain, ia erabat. Geroz eta erosoago sentitzen naiz eta oso gustura nago horregatik.
Zaila egin al zaizu euskara ikastea?
Oso hizkuntza polita da. Nolanahi ere, nik aurrez ezagutzen nituenetatik oso ezberdina da eta ez da erraza. Hamabi urtera arte, holandarra bakarrik hitz egiten nuen. Adin horretan hasi nintzen, eskolan, ingelesa, frantsesa eta alemaniera ikasten. Gerora, italiera eta gaztelania ere ikasi nituen. Euskarak oso gramatika logikoa du, baina gauza asko ikasi behar da eta ez da erraza. Denborarekin, ordea, ikasi egiten da. Hasieran oso zaila egiten zitzaidan hitz egitea. Ahalegin handia egin behar izaten nuen esaldiak osatu ahal izateko. Orain, errazago aritzen naiz, nahiz eta akatsak ere egiten ditudan.
Larraulen bizi zara. Euskaraz aritzen al zara bertako jendearekin ere?
Bai, noski. Batzuek oso azkar hitz egiten dute eta kosta egiten zait ulertzea, baina euskaraz aritzea gustatzen zait. Astean bitan, gainera, bertako euskaltegira joaten naiz, gustura. Mintzapraktikak egiten ditugu eta arlo teorikoari dagonionez, bakoitzak bere maila du. PL1 ateratzeko helburuarekin ari naiz ni lanean. Unibertsitatean lan egin ahal izateko, EGA titulua beharko dut, baina hori urruti dago oraindik. Momentuz, PL1 ateratzen saiatuko naiz.
Holandarra zara izatez. Zeren hutsa nabaritzen duzu gehien?
Gauza bat azpimarratuko nuke besteen gainetik; bizikletaz ibiltzea. Eguneroko bizitzan asko erabiltzen dugu bizikleta Holandan. Eskolara edo lanera joateko, erosketak egiteko, kiroldegira joateko..., joan-etorri gehienak bizikletaz egiten ditugu. Hemen, ordea, aldapa handiak daude eta bizikletaren erabilera ez da hain erosoa. Donostian bizi nintzenean, bizikletaz joaten nintzen egunero Grosetik unibertsitatera. Orain, ordea, autoa erabili behar izaten dut eta bizikletaren hutsa sentitzen dut.
Etxekoen eta lagunen beharra ere sentitzen dut, noski, baina horrez gain, ez dut beste huts handirik sentitzen. Janariari dagokionez, esaterako, produktu goxoak ditugu Holandan; gazta eta gailetak bereziki. Otorduei dagokienez, ordea, nahiago ditut hemengoak.
Bizimoduari dagokionez, alde handiak aurkitu al dituzu Holandakoaren eta hemengoaren artean?
Badaude aldeak, bai. Holandan ikaragarri planifikatzen dugu dena. Lagun batekin kafetxo bat hartzeko ere, astebete lehenago deitzen diogu elkarri. Hemen martxaren arabera egiten dira gauza horiek, gutxiago planifikatuta.
Bestalde, hemengo jendea oso kirolzalea da eta hori asko gustatzen zait. Oso erraza da, esaterako, mendira joan eta kirol pixka bat egiteko prest dagoen norbait topatzea.
Otorduak elkarrekin egitea ere oso garrantzitsua da hemen. Holandan ogitarteko bat bazkaltzen dugu normalean, lantokian bertan. Afaria berriz oso garaiz egiten dugu, arratsaldeko 18:00ak aldera, eta horixe izaten da eguneko otordurik nagusiena. Nolanahi ere, ez dugu hemen bezainbeste zaintzen.
Doktore- tesia
Nazioartean lan egiten duten enpresek hizkuntzari dagokionez egiten duten kudeaketa ikertzen ari da Karin. Gaiari lotuta arlo ezberdinak aztertzen ari da; euskara eta ingelesaren artean sor daitezkeen tentsioak, etorkizunean enpresa horietan lan egingo duten gazteek duten hizkuntza maila... Inguruko enpresa ezberdinetan barrena ibili da elkarrizketak egiten eta aurkezpenak ere egin izan ditu.
Jaioterria
Hattem, Holanda.
Biztanle kopurua
11.800.
larrauldik hattemera
1600 km autoz edo hegaldia Bilbotik Amsterdamera eta beste 100 km trenez.