Etxeberrieta auzoan, aspaldi eraitsi zuten Zeferinoenea etxean jaio zen. Bost senideetan gazteena. Aurreko lauak gerra aurretik kozkortzen hasiak ziren bitartean, Miren gerra ostean etorri zen mundura. “Aiton-amonekin denak elkarrekin bizi ginen, eta ume bakarra izanda, eztitan eduki nindutela esango nuke”.
Nahiz eta etxean bete-betean kolpatu frankismoak, ondorengo urtetan hartaz gutxi hitz egin zela aitoru du, penaz, Mirenek. “Gure aitak etxeko gazteei gorrotoa transmititzeko beldurra zuen, eta horrexegatik ez zigun gauza askorik kontatzen. Badakizu, salaketak herrikideen eskutik heldu baitziren...”.
Kontu ugari, azken urteetan jakin ahal izan du Mirenek: “frankistek herriko zenbait lagun atxilotu zituzten. Gure aita, tartean, EAJko jarraitzailea baitzen. Bera eta beste hiru Burgosen lau urte eduki zituzten preso”.
Lau urte horietan, denetik jasan zuen familiak: “aitak ez ezik, familiak ere nahikoa zigor bete behar izan zuen; Mirentxu, hiru urteko alaba garrotilloa deritzan gaixotasunarekin hil zen. Amak aitari egin ahal izan zion lehenbiziko bisitan eman zion aditzera berri txarra”. Bizimodua aurrera ateratzeko ere ez zen aisa ibili ama. “Etxeberrietan familiarena zen denda prezintatu egin zuten, barruko generoa lapurtu eta gero”.
Aitona ere (Zeferino Ansa) bolada labur batean Ondarretan preso eduki zutela gogoratu du Mirenek. XX. mendearen hasieran Andoaingo alkate izan zen; egun, Andoaingo kale batek bere izena du, herriaren alde egin zuen lan itzelagatik.
irratiari itsatsita
Izua, isiltasuna, zentsura..., denetik ezarri zitzaien frankisten aurkakoei, baina horiek beti topatu zuten zirrikituren bat bertsio ofiziala ez zena entzuteko: “Gure anaia Gurutz oso txirrindulari ona izatera heldu zen; irabazitako lehendabiziko diru-sariarekin, Telefunken markako irrati aparatua erosi zuen. Eguardiro, aitonak aginduta, Radio Paris eta Radio Pirenaica emisora klandestinoak sintonizatzea egokitzen zitzaidan. Ez zen giro izaten etxean: frankisten prentsak kontatzen ez zituen gertakizunak entzuteko irrikitan egoten zen aitona, baina ez izan erraza emisorak harrapatzea!”.
Xaxierrotako ikaslea
Maria Jesus Altuna izan zuen irakasle, Xaxierrotako ikastetxean. “Oso gustura ibili ginen andereño harekin, jatorra zen. Kristau ikasbidea ez gainerako guztia gaztelaniaz ikasi behar izaten genuen, baina behintzat Francoren erretraturik, cara al sol abestirik... eta antzeko konturik ez ziguten sartu. Hara familia euskaltzaleko umeak bidaltzen zituztela esango nuke”.
Etxeberrietan denak euskaldunak izan arren, Mirenek minez aitortzen du euskara zenbat desagertu zen Etxeberrietako auzotik: “izuagatik bai, baina baita batzuren axolagabekeriagatik ere...”. Sei seme-alaba ekarri ditu mundura Mirenek. Denak ere herriko euskaltzale eta gurasoen ahaleginez, legez kanpo ireki zen ikastolan heziak. “Poza ematen du frankismoan galtzeko zorian egon zen euskara gaur egun nola sumatzen den haur eta gazte askoren ezpainetan ikustea”.
Herriko hizkuntza, kultura eta historiari buruzko ekitaldiak non, han agertzeko ohitura du Mirenek. “Urteetan aurrera, pertsonei interesa handitzen doakigula iruditzen zait. Oraintxe, pena daukat 400. urteurreneko bi hitzaldietara joan ez izanagatik. Gaizki nabil belaunetik eta eguraldi txarrak atzendu egin ninduen!”.
Saltzaile, Zeferinoenean
Joxe Mari Berazarekin ezkondu eta bosgarren alaba eduki arte, 1972a arte, Mirenek familiarena zen Zeferinonearen dendan jardun zuen dendari gisa, Elixabet ahizparekin batera. “Denetik zeukan salgai: eligaiak, baserrietako produktuak, mertzeria... Goizetik gauera beti geneukan zereginen bat, eta asteburuetan ere bezeroak ate joka etortzen zitzaizkigun. Gustatu egiten zitzaidan jendaurrean lan egitea. Egonean egoteko patxada edukitzen zen orduan, eta Sorabilla eta Goiburu auzoko baserritarrak etortzen zirenenean-eta, hizketan jarduten genuen lasai asko”.