Unibertsitateko ikasle zen Hanane El Maymouni, 2005ean ezkondu eta Espainiara bidaiatzea erabaki zuenean. “Zuzenbide ikasketak egiten ari nintzen Tangerreko unibertsitatean. Nire senarra, ordea, Toledoko herri batean bizi zen eta ezkondutakoan, dena utzi eta berarekin joatea erabaki nuen”.
Erabaki hura ez zen batere erraza izan Hananerentzat. “Familia, lagunak, ikasketak, ohiturak..., dena utzi eta Toledora joatea oso zaila izan zen. Ikaragarri gaizki pasa nuen lehendabiziko urtean. Ez nuen lagunik, hizkuntza ere ez nuen ulertzen eta etxean sartuta pasatzen nuen eguna. Asko sufritu nuen eta laguntza psikologikoa ere behar izan nuen egoera hura gainditzeko. Nire lehen semea jaio zenean arindu zaitzaidan mina, eta bizimodu berrira ohitzen joan nintzen. Orain pozik nago hartutako erabakiarekin, baina ez da bide erraza izan”, azaldu du Hananek.
Hananek eta beref amiliak bederatzi urte egin zituzten Toledoko Madridejos herrian, baina duela zazpi hilabete Asteasura etortzeko erabakia hartu zuten. “Nire senarrak eraikuntzan egiten zuen lan, eta egoera ez zen batere erraza. Tokiz aldatzea erabaki genuen eta Euskal Herriaren aldeko hautua egin genuen. Aldaketa hori ere ez da erraza izan. Seme-alabak oso ohituta zeuden hango bizimodura, eta sufritu egin dute. Hona etorri arte ez genekien euskara bazegoenik ere eta, hasieran, muga izan da haurrentzat. Pixkanaka, ordea, ari dira hizkuntza ikasten, eta lagunak ere egin dituzte. Orain pozik ikusten ditut eta ni ere gustura nago Asteasun. Ez dakit etorkizunak zer esango duen, baina bolada luzea egin nahiko nuke hemen, izan ere, bizitokiz aldatzea ez baita onuragarria umeentzat”.
Harrera ona
Asteasun bizi diren marokoar bakarrak dira Hanane eta bere familia, eta pozik dago herrian izan duten harrerarekin. “Oso jende ona topatu dugu hemen, jatorra eta atsegina. Zapia daramat buruan eta jendea segituan konturatzen da ez naizela hemengoa, baina ez dut inoiz mespretxurik sumatu izan. Umeekin parkera joaten banaiz, esaterako, nirekin hitz egitera hurbiltzen dira berehala, eta poza ematen dit horrek”.
Asteasuko udaletxean ari da lanean Hananeren senarra, Mohamed. “Lanik gabe etorri ginen hona, baina, handik gutxira, udaletxeak lanpostu baterako deialdia atera zuen. Nire senarrak lortu zuen postua eta bertan ari da geroztik. Eraikuntzan aritutakoa denez, lan ezberdin asko daki egiten, eta herrian sortzen diren premia ezberdinetan aritzen da”.
Hananeren seme-alabak, Abderrahman, Rayan eta Inas, herriko bizimodura ohitu dira dagoeneko. Hananek, ordea, denbora gehixeago beharko duela uste du: “Oraindik ez dut lagun talderik egin. Nolanahi ere, astean behin elkartzen naiz herriko emakume taldearekin, eta horrek asko lagundu dit. Martxoaren 8ko ekitaldiak antolatzen ari gara azken asteotan eta jendea ezagutzeko bidea eman dit horrek. Asko gustatzen zait herrian antolatzen diren ekintzatan parte hartzea eta gainera, kultura ezberdinetako jendea biltzen gara emakumeen taldean. Oso aberasgarria iruditzen zait hori”, azaldu du.
Marokora, urtean behin
Ama, lagunak, lehengusuak..., Tangerren utzi zituen Hananek, eta urtean behin egiten die bisita. “Etxekoen falta handia sumatzen dut. Amarekin astean behin hitz egiten dut telefonoz, baina luze egiten zait urtebete osoa hura ikusi gabe egotea. Horrez gain, hango ohiturak ere faltan botatzen ditut, festak esaterako. Umeei ere asko gustatzen zaizkie hango ohiturak eta baita familia ikustea ere. Nire amak ez du gaztelaniaz hitz egiten, eta umeei kosta egiten zaie arabiarrez aritzea. Lehen astean elkar ezin ulertuz ibiltzen dira baina hortik aurrera, ederki moldatzen dira”. Janariari dagokionez, Hanane bere herriko otordu goxoak prestatzen saiatzen da hemen ere. “Oso maiz egiten dut cus-cusa, barazkiekin edo haragiarekin. Ez zait batere zaila egiten behar ditudan osagaiak bilatzea; Villabonan edota Tolosan dauden Halal harategietan bilatzen dut behar dudan guztia”. Euskal Herriko janariaz galdetuta, babarrun gorriak aipatu ditu Hananek: “Ez nituen ezagutzen hona etorri arte, eta asko gustatzen zaizkit. Amari egindako bisitaldi batean eraman egin nizkion, berak ere proba zitzan”, azaldu du.
Asteasuko egunerokotasunean, gauza batek harritu du Hanane: “Emakumeak oso kirolzaleak dira hemen. Lanera joaten dira eta handik ateratakoan, ez dira etxe zuloan geratzean. Kirola egitera joaten dira gehienak; pasiatzera, korrika egitera, kiroldegira..., Tangerren ez dago horretarako ohiturarik, ezta Toledon ere. Asko gustatzen zait hori”.