Moldavia deskribatzeko eskatuta, oso herrialde polita dela azaldu du; zelai berde asko duena, “landa eremukoa naiz ni, baserri girokoa. Baratzea eta animalia ugari dugu etxean: ardiak, zaldiak, behiak, oiloak, ahateak, antzarak… Gure etxetik itsasora edo mendira iristeko kilometro ugari egin behar da kotxez edo trenean”. Animaliez inguratuta, haur txikiak hazteko inguru paregabea dela uste du Feliciak. Errumaniar filologia ikasketak egin zituen, bere nahia errumanierako irakasle izatea baitzen. Baina momentuz behintzat ez du gogo hori gauzatu, Euskal Herrira etorrita, ez baitu bide hori lantzeko aukerarik aurkitu. Errumaniako egoera ekonomiko txarraren eraginez erabaki zuten herrialdetik kanpora joatea; bizi maila hemengoaren parekoa izanik, langileen soldatak erdiak direnez ez baita erraza bizimodua aurrera eramatea. “Lan duina duen Errumaniako pertsona baten soldata 300-400 euro artekoa da. Hemen soldata batekin hiru pertsona bizi badaitezke, han ez dago halakorik. Senarra duela hamar urte etorri zen eta mekanikoa da hemen. Han ez luke halako aukerarik izango”. Euroaren etorrerarekin Errumaniako egoera ekonomikoa hobetuko den esperantza du Feliciak eta orduan etxera itzultzeko aukera izatea. Baina ez dauka argi, “etorkizunak esango du, gure alaba hemen jaio baita eta bertako bizimodura egokitu”.
Mesfidatiak kanpotarrekin
Eskualdean lana aurkitzea zaila egin zaio Feliciari. Bere ustez, lapurretan eta eskean dabiltzan errumaniar batzuren eraginez, fama txarra hartu baitute errumaniar guztiek. “Hainbat lan deialditan ezezkoa erantzun didate errumaniarra nintzela aipatu orduko. Urteak pasa ondoren, ordea, dagoeneko ezagutzen naute eta pertsona ona naizela badakitenez, sortu zait aukeraren bat. Hala ere euskaldunak, oro har, mesfidatiak dira kanpotarrekin”, azaldu du. Haurrak eta pertsona helduak zaintzeaz gain, etxe garbiketan aritu da lanean azken urteotan. Egun, pertsona heldu bat zaintzen du astean behin Andoaingo baserri batean, tarteka baratzeko lanetan ere laguntzen diolarik. Tabernako sukaldari gisa ere aritzen da astean bi egunez. “Nire herrialdean beste nahi batzuk nituenez, hasieran gogorra egin zitzaidan lan hauetara ohitzea. Baina gustura ari naiz orain. Sukaldea, esaterako, asko gustatzen zait”. Errumaniako eta Euskal Herriko sukaldeak oso ezberdinak direla dio eta etxean, hango errezetekin batera, hemengoak ere tartekatzen dituztela. Errumaniako plateren bat aipatuko ote lukeen galdetuta, tripakiak eta sarmaleak nabarmendu ditu, “beste era batera prestatzen ditugu guk tripakiak; nata, baratzuri eta ozpinarekin zopa modukoa eginez. Bestalde, Eguberrietan oso ohikoa da sarmaleak egitea: aurrez prestatutako azenario, tipula, arroza eta haragi xehatua aza edo mahats hostoetan biribilduz”. Hemengo jakien artean, arraina gustatzen zaio batik bat: bakailaoa pil-pil eran edo legatza saltsa berdean.
Musika eta dantza zaleak
Erlijioari lotuta euskaldun asko katolikoak diren bitartean, errumaniarren gehiengoa ortodoxoa dela aipatu du. “Martutene inguruan bada eliza ortodoxo bat eta bertara jotzen dugu ospakizunetara. Hantxe bataiatu genuen alaba, esaterako. Gure erlijioan ez da jaunartzerik izaten, bataioa eta ezkontza soilik. Oso ospakizun alai eta politak izaten dira, festa luzeekin lotuz”. Erlijioarekin lotutako hainbat ohiturei eusten badiete ere, euskal ohituretara egokitu dira dagoeneko, “zauden lekuan kokatzea ezinbestekoa delako. Ezin zaio zureari eutsi, zurea ez den lekuan”. Hemen jai egun asko izaten den arren, Errumanian oraindik eta gehiago dituztela azaldu du Feliciak eta mahaiaren bueltan biltzen badira ere, dantzarako indarra hartzeko izaten dela. “Ospakizunetan bazkaldu edo afaltzeko bildu arren, lehen platera jan eta pare bat orduko dantzaldiaren ostean jaten da bigarrena. Errumanian jateari baino garrantzia handiagoa ematen zaio musika eta dantzari. Hemengo ospakizunetan janaria izaten da garrantzitsua eta guretzat bigarren mailakoa da hori, dantzarako indarra izateko jaten da han”. Bestalde, santuak ospatzeko ohitura ere badutenez, hilabetero izaten dute festaren bat.
Euskal Herrira etorri aurretik Feliciak ez zuen euskara bazenik ezagutzen, “Errumaniar filologia ikasten ari nintzenean ere ez nuen sekula euskararen ingurun ezer aditu. Hona etorritakoan jakin nuen Europako hizkuntzarik zaharrenetakoa dela. Hitz solteak ikasi ditut urte hauetan zehar eta alaba txikiaren laguntzaz ari naiz orain gehiago ikasten”. Villabonara etorri zenean, Feliciak ez zekien gaztelaniaz hitz egiten eta telebistako saioak entzunez ikasi zuen pixkanaka.