Gaztelania ikasketak egin zituen Xiaofeik unibertsitatean eta Txinan bulegoa zuen enpresa euskaldun batentzat itzultzaile lanetan hasi zen 18 urte zituela. Txinan bertan egiten zuen lan gehienean, baina tarteka, Euskal Herriko bilera edota formakuntza saioetara etortzen zen. 2001. urtean egin zuen lehen bidaia honuntza. “Goierrira etorri nintzen lehen aldian. Abendua zen eta hotz egiten zuen, baina oso ederra iruditu zitzaidan paisaiaren berdea. Margolana zirudien eta noizbait inguru honetara bizitzera etortzea inportako ez litzaidakeela pentsatu nuen”, azaldu du. Euskal Herriko paisaiak asko erakarri bazuen ere, bereziki euskaldunen izaera eta mentalitatea gustatu zitzaizkion hasieratik, “2010. urtean etorri nintzen Zizurkilera bizitzera, baina aurrez, ia hamar urtez aritu nintzen euskaldunen artean lanean eta asko ikasi nuen haiengandik. Gogoko dut euskaldunen izaera zintzoa, baita lan egiteko modua ere”. 2010 urtera arte aritu zen enpresarentzat lanean; itzultzaile aurrena, Txinako bulegoan administratzaile, zuzendari laguntzaile… Azken bost urteetan Txinako bulegoko komertzial arduradun izan zen eta Euskal Herrira etorritakoan, bide hori etetea erabaki zuen. Enpresako lana utzita, Donostiako institutu txinatarrean txinera eskolak ematen aritu zen urtebetez. “Txina abiada bizian ari da aurreratzen eta jende askok egin du txinera ikasteko apustua: heldu, gazte nahiz ume. Lan polita da irakaslearena, baina momentuz ez dut bide hori hartzeko asmorik”. Txina eta Euskal Herriaren artean lanean dihardu egun, esportazio-inportazio alorrean.
Etxetik kanpo lanean
Txinatik Euskal Herrira egokitzea ez zitzaion askorik kosta. “Bakarrik senti zaitezke batzuetan, pozik edo triste. Baina hori bai hemen eta baita Txinan ere, han ere etxetik 2000 kilometrora bizi bainintzen. Txinan bizi arren, orain bezalaxe, urtean bitan joaten nintzen etxekoengana bisitan. Gaztelania ikasita, jaioterritik hiri industrialagoetara jo behar nuen nire ikasketekin lotutako lan bila. Egia esan, txinatarren oso kopuru altuak etxetik kanpo egiten du lan, horregatik, Gabonak edota Urteberri txinatarra gerturatzen direnean, ilara luzeak sortzen dira, denak etxera itzultzen direlako”.
Txinako Shanxi eskualdean jaio zen Xiaofei, 300.000 biztanleko herri batean, gerora hiru milioi pasatxo biztanle duen Datong hirira igaro zen familia. “Hemengo herriak hango auzoak dira niretzat. Baina Txinan halako trafiko eta hainbeste jende artean bizitu ondoren, nahiago dut hemengo lasaitasuna egunerokotasunerako”.
Izaerak eta gizarte-mailak
Txinatar eta euskaldunen izaeren artean alde handia sumatzen du Xiaofeik, “euren buruarengan konfiantza dute euskaldunek eta izugarri gustatzen zait hori. Txinatarrak baino zoriontsuago bizi dira, bakoitzak bere zaletasunak ditu eta eguneroko lanak bete egiten ditu euskaldunak. Txinatarrak oso lehiakorrak dira eta dutena baino gehiago nahi dute beti. Txinako garapen ekonomikoak materialista bilakatu ditu eta ez diote garrantziarik ematen egunerokotasunean zoriontsu izateari”. Gizarte-mailetan ere izugarrizko aldea nabari du; Xiaofeiren ustez, hemengo egoera hangoa baino orekatuagoa da, “tabernan, obran edo enpresa batean lan egiten duenak antzeko bizimodua egin dezake hemen, lasai biziz. Han negozioez eta diruaz hitz egiten da eta aberatsek ere ez dakite bizitzaz gozatzen”.
31 urte ditu Xiaofeik. Hain gazterik halako ibilbidea egin arren, ez du uste bereziki ausarta denik, “gurasoek eta haiek emandako heziketak garrantzia handia izan dute nire erabakian, haiek bultzatu baininduten kanpora atera eta mundua ezagutzera. Gainerakoan oso ibilbide ezberdina izango nukeen”, uste du.
Euskararen xarma
Bi urte pasatxo dituen Amets semeak ederki ulertzen du txinera dagoeneko, “sabelean zegoenetik txineraz hitz egin izan diot beti eta Txinan egon garen azken txanda honetan asko aurreratu du. Aitarekin euskaraz bezala, txineraz egiten du nirekin”, azaldu du. Xiaofei euskaltegian euskara ikasten aritutakoa da. Oraindik guztiz menperatzen ez badu ere, gogoko du euskara. “Txinera oso hizkuntza zaila dela esan ohi da beti, baina euskal gramatika zailagoa iruditzen zait niri. Ikasteko hizkuntza zaila da euskara, baina oso polita”.