Larraulgo Ostatuko nagusia da Yuqueri Pedreira. Bi urte darama ostatuko barraren atzean, eta oso gustura dago. Berak azaldu du nola egin zuen Uruguaiko Montevideotik Larraulera arteko bidaia.
2006ko ekainaren 26an iritsi zen Yuqueri Madrilera. “Uruguaitik atera nintzenean ez nekien zehatz-mehatz nora joango nitzen. Hiruzpalau hilabetez bizirauteko adina diru ekarri nuen, eta berdin zitzaidan batera edo bestera joan. Uruguaien abokatua nintzen eta Madrilera iritsi eta berehala, abokatu titulua balioztatzeko paperak egin nituen. Sei hilabeteren buruan erantzungo zidatela esan zidaten. Bitarte horretan, Bartzelonara joan nintzen. Okindegi batean lanpostua lortu, eta bertan egin nituen bi urte”.
Turismorako baimena besterik ez zuen Yuquerik Espainiara iritsi zenean. “Paperik gabe egin nuen lan lau urtez. Ez zen erraza izan kotizaziorik eta segurtasunik gabe aritu beharra, baina ez zegoen beste modurik. Bartzelonako okindegian izan nuen nagusiak nire paperak zuzentzeko ahalegina egin zuen, baina horretarako Uruguaiera itzuli eta umerik gabe etorri beharra neukan eta ez nengoen horretarako prest. Azkenik, bertako batekin ezkondu nintzenean lortu nuen dokumentuak eskuratzea”.
Abokatua
Bartzelonatik Iruñara egin zuen jauzi Yuquerik. “Abokatu titulua berritu ahal izateko, zenbait ikasgai egitea eskatu zidaten. Iruñara etorri eta unibertsitatearekin bateratzeko moduko lanpostua lortu nuen. Nafarroako Unibertsitatean lortu nuen titulua eskuratzea”, azaldu du.
Uruguaien abokatu lanetan aritzen bazen ere, beste bide batetik joan da hemen bere lan ibilbidea: “Abokatu penalista gisa egiten nuen lan nire jaioterrian. Hemen, ordea, ostalaritza munduan sartu nintzen. Jendeak ez ninduen ezagutzen eta oso zaila iruditzen zitzaidan, abokatu lanetan hasiz gero, inork nire atea jotzea. Beharbada, abokatu izatea ez zen nire bokazioa eta ostalaritzan hasi nintzen, buru-belarri. Jendearen alderdi baikorragoa ezagutzeko modua eman dit mundu horrek, eta ez naiz batere damutzen”.
Azken portua, Larraul
Iruñeatik Donostiara etorri, eta jatetxe bat ireki zuen Yuquerik garai hartan bikotekide izan zuenarekin. Hala azaldu du: “Aurrez zerbitzari lanetan aritu nintzen. Garai hartan nire bikotekidea zena sukaldaria zen, eta jatetxe bat jartzera animatu ginen. Esperientzia hura ez zen guztiz ondo atera. Alokairu altua ordaindu behar genuen, eta ezin izan genion aurre egin. Besta aukera baten bila hasi ginen orduan, eta Larraulgo ostatuaren berri izan genuen”.
2012ko uztailean zabaldu zuten Larraulgo Ostatua. Gustura dago Yuqueri Gipuzkoako herri txiki batera etorrita. “Montevideokoa naiz ni, Uruguaiko hiriburukoa, baina oso ondo moldatu naiz herri txiki bateko bizimodura. Larraul oso polita da, eta jendea ere oso jatorra da. Lasai bizi gara hemen eta ez nuke ezergatik ere aldatuko”.
Hona etorri aurretik, Euskal Herriaren inguruko berri gutxi zuela aitortu du Yuquerik: “Albistegietan entzundako erreferentzia gutxi batzuk besterik ez nituen eta euskara bazenik ere ez nekien. Hona etorrita, euskaltegian aritu izan naiz eta baita aurrerapauso batzuk eman ere. Orain, gramatika gehixeago ikasi nahiko nuke”.
Herriminik ez
Ama, amona, lagunak..., ditu Uruguaien Yuquerik, “telefono bidez hitz egiten dut haiekin eta lagunekin baita facebook bidez ere. Uruguaiko egoera eta albisteen berri ematen didate eta gustatzen zait gertutik jarraitzea. Etorri nintzenetik, ordea, ez naiz gehiago itzuli. Ez dut herrimin berezirik sentitzen. Badakit jaioterritik ateratzea egokitu zaien askok izugarri sufritzen dutela. Niri ez zait horrelakorik gertatu; hemengo bizimodura moldatu naiz eta oso gustura nago”.
Larraulgo Ostatuko nagusi
Astelehenetik igandera, hutsik egin gabe zabaltzen du Yuquerik Larraulgo Ostatua. “Internet bidezko eskaerekin ari naiz buru-belarri. Mauka, Oferplan, Colectivia, Gluup..., antzeko ekimenetan aritzen naiz eta jende berria erakarri dut. Gainerantzean, betiko bideari eusten diot; menuak, karta, razioak, plater konbinatuak... Bestalde, eskolako haurrentzako jangela zerbitzua ere eskaintzen dut”. Berrikuntza txiki bat ere egin du Yuquerik: “Denda jarri dut oinarrizko gauzekin: olioa, arroza, azukrea..., herritarrei zuzendutako zerbitzua da”.