Olarrea Goikoa baserria kantina zen Agustin gaztetxo zen garaian. Oinarrizko elikagaiak saltzen ziren eta auzotar ugari biltzen zen bertan. Inguruko baserritarrak Tolosako azokara joaten zirenean ere hura izaten zuten bilgune eta beheko suaren ondoan, bertsotan aritzen ziren maiz. Belarria luzatuta adi egoten zen Agustin gaztetxoa. Urteak aurrera, bere kabuz hasi zen bertsoak abesten. Gazte garaian, igandero jaisten ziren goi bailaratik Asteasuko plazara. Arkupeetara, zehatzago esan. “Afaldu eta bertsotan aritzen ginen afalostean. Beste giro bat zen; edozeinek botatzen zuen bertsoa orduan. Gaur, ona ez bada ez dago kantatzerik”.
Egun ere bertsoa lantzen jarraitzen du. Hirugarren urtez, ostegunero joaten da Andoaingo bertso eskolara. “Unai Muñoa dugu erakustailea, oso mutil intsante eta jatorra”. Aukeran jarrita, lehengo bertsokera nahiago du Agustinek, egungo gaiak serioegiak iruditzen baitzaizkio, “oraingo gaien artean ez da minifalda edo moxkorrik apenas aipatzen. Guk arbolari ere igual ateratzen genion bertsoa. Orain gai sakonagoak izaten dira, munduko edozein txokotako gertakarien ingurukoak”. Noizean behin bertso eskolatik sagardotegira eskapadak egiten dituzte, “bertso hobeak ateratzen baitira sagardo pixka bat edan eta gero”, adierazi du.
Santa eskean
Bertsoarekin lotuta, antzinako usadioa errepikatzen du urtero Agustinek Santa Ageda bezperan. “Talde handia atera ohi gara, abesbatzako kide eta Juan Tapiaren trikitilariek lagunduta. Nirekin batera beste bertsolari bat ere aritzen da eta oso gustura ibiltzen gara. Ezagunen etxeetan bat-bateko bertsoak bota arren, hainbat kopla idatzi nituen txandaka-txandaka abesteko, bestelakoan oso lan neketsua baita. Santa Ageda bezpera gehienetan eguraldi txarra egokitzen den arren, oso tarte polita pasa eta elkartean afaltzen dugu gero”. Santa eskean jasotako dirua goserik daudenak laguntzeko baliatzen dute gehienetan. Urteren batean baita herrian erre zen baserria edota elizako pianoa berritzeko ere.
Festa antolatzaile
Uztailean izaten diren Santamañako festetan urte askoan aritu da bertsolarien gai-jartzaile lanetan. Azken urteotan gai librean uzten ditu, lan asko izaten baitu bestela ere herri kirolak edota herritarrekin etxez etxe ibitzeko karroza antolatu eta bideratzen. “Herri txikietan lan handia egin behar izaten da festak aurrera ateratzeko, baina esker onekoak izaten dira. Garai batean ahuntza errifatzen genuen festetarako dirua lortzeko. Geroztik herriak laguntzen digu. Asteasuren babes handia dugu egun eta Sanpedrotan nahiz Santamañatan goi eta behekoek hartzen dugu parte. Oso lagunarte ona dugu”.
Negu bete-betea
Asteasuko goi bailara maizago zuritzen zuen orain urte batzuk Agustinen aburuz. “Urtero-urtero izugarrizko elurteak egiten zituen lehen, dezente gutxiago orain. Hala ere, Ernio mendian izaten da nahikoa elur nahi duenarentzat”. Elurra mara-mara egiten zuenean etxe inguruan ibiltzen ziren eta norabaitera joan beharra suertatzen bazen, ez zuten oinez abiatu beste erremediorik; orduan ez baitzen elurra kentzeko makinarik. “Ume ginela txoriak harrapatzea zen gure hobbya. Elurra egiten zuenean noraezean geratzen ziren eta janari pixka bat jarrita erraz harrapatzen genituen. Bestela, etxean egindako taloak jatea gustatzen zitzaigun, goxo-goxo”.
Arotz eta elektrizista
Ume eta gazte garaian Andazarrateko eskolan ikasi zuen irakasle galiziar batekin. Bertatik bertara, etxetik gehiegi urrundu gabe. Inguruko 35 bat lagun biltzen ziren eskolan, baina Agustinek ez zuen oso gogoko. “Hantxe ikasi genuen erdaraz hitz egiten. Eskolatik atera eta itulean aritzera joaten ginen, okerrak egitera joango baikinen bestela”, azaldu du. Baserriko lanetan gaztetxotatik zailduta, arotz lanetan aritu zen aurrena, elektrizista gero. “Joxe Irazuren aitak Asteasun zuen aroztegian hasi nintzen lanean. Marketeria lantzen genuen batik bat. Gero Lizarain enpresan aritu ondoren, elektrizista ikasi eta Elkor enpresan aritu naiz, elektrizista nahiz txofer lanetan”. Laster jubilatzera doa eta aurrerantzean ordutegiaren menpe egon beharko ez duela azaldu du irribarretsu. Etxe ondoko lurretan baratze koxkor bat lantzeko gogoa du orduan.