Garaian garaikoa, denetariko produktuak landu eta saltzen ditu azokan, “babarruna eta porrua aldatzen dugu gehien, baina baita patata edo azenarioa ere. Gainerakoan, piperrak, azelgak, tomateak, letxugak, azak, albergenia edo berengenak, kalabazak… Era berean etxeko oiloen arrautzak edota etxeko sagarrak. Onddo edo xixak ere eskaintzen ditut batzuetan”, gaineratu du. Bertako produktuak ahoratzeari garrantzia ematen dio Pakitak eta asteartero postua jartzeko, astelehenean prestatzen ditu ekarri beharreko gai guztiak, “produktu fresko-freskoak ekartzea gustatzen zait, alde ederrekoak baitira jateko”. Hala ere, guztiek ez dute apustu bera egiten bere ustez, “batzuek bertako produktuari ematen diote lehentasuna, beste batzuek poltsikoari”. Oso gustura ageri da bere bezeroekin, urte luzeotan, bezero finko ugari egin baitu. “Txintxoak dira”, nabarmendu du. Gainera, bezero berriak ere egiten ditu, “behin generoa probatzen dutenean errepikatu egiten baitute”. Asteartetan, goizeko 08:00etan jartzen du postua, “semeak barazkiak kotxez ekartzen ditu eta pixkanaka osatzen dugu mahaia. 13:00ak aldera arte egoten naiz plazan, gehientxuena saldu arte”. Urte luzeotako bidean konta ezin ahala pasadizo izan ditu. Tarteka bezeroak barazki zehatzen bila etorri zaizkio, plater bereziak prestatu nahi dituztelako. Uda partean, esaterako, kanpotarren bat gerturatu izan zaio postura, bertako barazkiek erakarrita. “Frantsesak egokitu izan zaizkit tarteka bertako berezitasunen bila. Baina ez dugu ulertzeko arazorik izan”.
Jubilatzeko gogorik ez
Zaletasunen artean sukaldaritza oso gustuko du. Azaldu duenez, “ia egunero egiten dut konpota etxeko sagarrekin. Errege sagarra bada, sagarrarekin huts-hutsik. Gainerakoan kanela eta limoi pixka batekin lagunduta”. Loreak ere gustatzen zaizkio, baina gutxi omen ditu, zaintzeko denborarik ez duelako. Bidaiatzea ez du batere gogoko, “nire gustuko mugimendua gustatzen zait, baratzean arituz eta etxe iguruan eguzkia hartuz. Baratzeko lanak osasuntsu mantentzen laguntzen du eta ahal dudan bitartean ez dut jubilatzeko asmorik, aspertu egingo nintzateke bestela. Gustura aritzen naiz baratzean eta baita jendartean barazkiak saltzen ere”. Villabonako herriaren eta azokaren ibilbidean, etxe berri mordoa nola eraiki den eta zenbat etorkin etorri den, bi aldaketa nagusi horiek sumatzen ditu, “klase guztietako jendea bizi da orain Villabonan. Etorkinak asko. Haiek ere gerturatzen dira azokara”.
Izaskun, Tolosa, Donostia, Amasa-Villabona
Ibarrako Izaskun auzoko Maita Goikoa baserrian jaio zen Pakita Beldarrain Zugasti, 1931 urtean. Ibarrako eskolan ikasi zuen urte batzuetan, baserrian lan egiten zuen bitartean. 18 urte zituela atera zen etxetik, Tolosara lehenik, Donostiara gero. “Neskame ibili nintzen ezkondu bezperako egunera arte. Donostian interna egoten nintzen, oporretan 15 egunerako bakarrik etxera bueltatzen nintzelarik”. 28 urte zituela ezkondu eta Villabonako Kale Berrira etorri ziren bizitzera. Ezkondu ondorenean ekin zion langintzari, “senarra eta biok baratzea jarri genuen Amasan eta bertan ari gara geroztik, semearen laguntzarekin”, azaldu du. Baratzea handitu bezala, Villabonako asteartetako azokan euren barazkiak saltzen hasi zen duela ia 30 urte. “Berdura plazan jartzen genuen postua orduan ere eta gaur baino askoz ere herriko baserritar gehiago izaten ginen. Villabona herri txikiagoa zen eta jende gutxiago bizi zen arren, gehiago saltzen genuen. Orduan patata zakukadak hartuta etortzen ginen azokara eta saldu egiten ziren gainera! Orain kanpoko patata saltzen da gehiago, merkeagoa delako”.