1932 urtean jaio zen Salamancako Tamames de la Sierra herrian. Aita lanera Ibarrara etorri eta gero, ama eta arrebarekin batera etorri zen Eleuterio ere Salamancatik Ibarrara, 19 urte zituela. “Nora ailegatuko ginen jakin gabe, amatxorekin eta arreba gazteenarekin batera abiatu nintzen Ibarrara. 12 anai-arreba ginen guztira eta pixkanaka, gehinak etorri ziren gerora. Entzuteaz ere ez genuen Gipuzkoa ezagutzen eta lehen urteetan kosta egin zitzaigun herrialde berriko ohituretara egokitzea. Baina berehala ohartu ginen herrialde eder batera etorri ginela”. Hasieratik onartua sentitu zen Eleuterio, “ondo hartu ninduten hemen, han egiten nuena hemen egiten saiatu nintzelako”. Ibarrara bizitzera etorriagatik, bizimodua batik bat Tolosan egin ohi zuela aitortu du. “Gipuzkoara etorri eta lehen urtean bertan hasi nintzen Tolosako Inauterietan parte hartzen. Emakumez jantzita atera nintzen kalera eta berehala fitxatu ninduten Inauterietako konpartsa ezberdinetan parte hartzeko. Geroztik, hutsik egin gabe Ostegun Gizen eguneko komitiban, Ostiral Mehe eguneko antzerki emanaldian, larunbateko danborradan edota konpartsa eta parodia ezberdinetan hartzen dut parte”. Dudarik gabe, Inauteriak data garrantzitsua dira Eleuteriorentzat. “Ez dut sekula hutsik egiten. Goizean goiz Tolosara joan eta barrea sorrarazten saiatzen naiz, baita ondo pasatzen ere”. Betidanik gustatu izan zaio mozorrotzea eta baita dantzatzea ere, “ondo moldatzen naiz dantzan, estilo ezberdinetan. Lehiaketa ezberdinetan hartu izan dut parte eta irabazi ere behin baino gehigotan irabazi dut lehen saria. Gipuzkoa osoko jende asko ezagutu dut dantzari esker”. Maitasunaz idaztea ere gustatzen zaiola esan du eta hizketan ari dela, maiz errezitatzen ditu berak idatzitako poesiak, “maitasuna eta pasioa gogoko ditut eta baita pertsonekin atsegina izatea ere. Gai horietaz poesia txikiak idazten ditut. ‘Egun on’ esaten dutenetakoa naiz eta jendeari irribarrea sortzen diodalako atsegin naute. Baita umeek ere”.
Zizurkil, oso maitea
Lanbide ezberdin ugaritan aritutakoa da Eleuterio Gipuzkoara etorri zenetik, “Berazubiko casas baratasetan egin nuen aitarekin batera lan lehenik, Tolosako botoi fabrikan gero. Ibarrako baratzean ere aritu nintzen lanean Montesentzat, baita Gorritin fatxadetako baldosak egiten edota Tolosa sarrerako soken fabrikan ere. Eraikuntzan eta pintore bezala ere aritu nintzen bolada batean. Lanbide ezberdinak probatu nituen jubilatu bitartean”. Tolosako Plaza Berrian ezagutu zuen emaztea eta berekin egon nahi ote zuen galdetu ondorenean, 40 urte zituela ezkondu zen. “Ezkondu eta urtebetera etorri ginen Zizurkilera bizitzera. Oso pozik sentitzen naiz Zizurkilen, ez nuke ezerengatik aldatuko. Tolosan ere bizimoduaren zati handia eginagatik, zizurkildarra sentitzen naiz. Salamancatik etorriz geroztik ez naiz berriz hara itzuli. Gustura bizi naiz hemen”. Zizurkildik herria bera eta herritarrak gustatzen zaizkio gehien, baina baita Villabona ere; bi herriak bat baitira beretzat. Zizurkilgo jubilatu elkarteko kide da, “dagoeneko ‘gazte heldua’ egin naizenez, gure kirako pertsonak jubilatu elkartean biltzen gara irabazle eta galtzailerik gabe tute partidak jolasteko. Huraxe da gure adineko gazte jendearen elkargunea, lagunartean arratsalde pasa egiteko tokia”.
Sukaldea eta etxeko lanak
Gipuzkoara etorritakoan euskara bazenik ere jakin ez arren, egun euskaraz “pixka bat” hitz egiten duela eta jendea euskaraz hitz egiten entzutea gustatzen zaiola azaldu du elkarrizketatuak, “entzunda ere ikasi egiten baita eta jakitea beti da ona”. Gainerakoan, sukaldean aritzea gustatzen zaio gisatuak eta gustuko dituen bestelako jakiak prestatzen. “Nire ardura dira egun etxeko otorduak eta baita etxea txukun mantentzea ere. Etxean lanean hasi arte ez gara konturatzen zer nolako lan piloa sortzen den. Etxekoandreari soldata ordaindu beharko litzaiokeela iruditzen zait”. Egunean bi kafe hartzen ditu zizurkildarrak, bat goizean eta arratsaldean bestea. “Horixe da nire denborapasarik politena: kafetegira joan eta bertako kideei irribarrea sortuz kafea hartzea”. Gainerako kafetegiak ahaztu gabe, pozik agertu da bere etxe azpian berria zabaldu dutelako, “oso atseginak dira eta etxetik hain gertu halako tokia izateak poz handia sortu dit”.