Herritarren txokoa

Urrizti baserriko Maria Kristina Zinkunegi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ira. 4a, 10:40

Andoaingo Urrizti baserrian jaio zen Maria Kristina Zinkunegi Irazusta 1936 urtean. Etxeko guztiei bezala, baserrian gogor lan egitea egokitu zitzaion gaztetan. Gaur egun ere, bertan aurkituko du gerturatzen denak.

Asteasuarrak ziren Maria Kristinaren gurasoak. “Aita zena, Joxe Zinkunegi, hamabi urte zituela etorri zen Asteasutik Urrizti baserrira. Ama ere, Feliziana Irazusta, asteasuarra zen. Hemen osatu zuten familia eta bertan jarraitzen dugu. Dagoeneko gure familiaren seigarren gizaldia iritsi da Urriztira”.
130.000 metroko saila dute Urrizti baserriaren bueltan: “Baserri handia da eta hemen beti egoten zen zereginen bat. Etxeko gizonak joaten ziren, sega hartuta, sail horietako belarrak moztera edo garotara. Neskak, berriz, etxean geratzen ginen normalean. Hamazazpi urte inguruan hasi nintzen ni ukuiluko lanetan. Ordura arte, nire ahizpak egiten zituen lan horiek, ni baino indartsuagoa zen eta. Harek segan ere ederki egiten zuen”.

Esnea, etxez etxe
Baserri handia izanik, ganadu asko izaten zuten Urriztin: “Jezteko behiak izaten genituen. Sei urte nituenean, gustura asko joaten nintzen astelehenetan, Felipa izebarekin batera esnea banatzera. Zenbait etxetan gailetatxoren bat ematen zidaten eta pozik ibiltzen nintzen”.
Mojen eskolan hasi zen Maria Kristina sei urterekin. “Inazio tabernakoak nire osaba-izebak ziren eta izeba haietako baten etxera joan nintzen sei urterekin, eskolan hasteko. Zortzi urte egin arte ikasi nuen bertan. Sasierrota ikastetxean aritu nintzen ondoren, komunio handia egin arte. Alkizako Madre Felisa genuen maistrarik gaiztoena, hark zigortu egiten gintuen euskaraz hitz egiten entzuten bagintuen. Hamar urte nituenean garia ebakitzen laguntzera itzuli nintzen etxera eta ez nintzen gehiago eskolara joan. Garia ebakitzen ari nintzela igitaiarekin egindako ebakiaren arrastoa badut oraindik ere behatz batean”. 

Morroiarekin
Etxean bertan ezagutu zuen Maria Kristinak bere senarra izan zena: “Etxeko morroiarekin ezkondu nintzen, Jose Luis Usarralderekin. Iyuyakua zen Jose Luis eta hamaika senide zirenez, oso gazterik atera behar izan zuen etxetik, morroi. Hamabost urte egin zituen gurean”. Baserritar petoa zen Jose Luis. “Ezkondu ondoren, kalean bizitu izan ginen denboraldi batez. Baserrian maizterrak sartu, eta familia osoa jaitsi ginen kalera. Maizter haiek joan zirenean, Urriztira bueltatzeko proposamena egin zidan senarrak. Asteburupasa etorri nahi zuela esan zidan, baina nik banekien etorriz gero, betirako etorriko ginela”.

Festa gutxi
Jaietan gutxi ibilitakoa da Maria Kristina: “Nire bi anaiak lanera joaten ziren eta haiek igandetan pixka bat ateratzeko aukera izaten zuten. Ahizpa eta biok, berriz, ez ginen ateratzen. Hamazazpi bat urte izango nituen lehendabiziko aldiz iganderen batean ateratzen hasi nintzenerako. Andoaingo Sanjuanetara egin nuen lehen irteera, izeba baten etxera joanda. Santakrutzetara ere atera izan nintzen eta baita Adunako jaietara ere. Deskuiduan noizbait ahizpa eta biok ilundu ondoren etxeratzen baginen, hurrengo igandean ateratzeko baimena kentzen ziguten”, azaldu du Maria Kristinak irribarrea galdu gabe.

Gidabaimena
Hogeita hamazazpi urterekin atera zuen Maria Kristinak gida baimena: “Nire senarra zenak atera nahi izan zuen. Eskolan oso gutxi ibilia zen eta ez zen ondo moldatzen irakurtzeko. Nik erakusten nion teorika, arratsaldero. Oso ondo zekizkien arauak eta baita seinaleak ere, baina azterketa egitera joanda, bost galdera bakarrik erantzun zituen. Gehiago ez aurkeztea erabaki zuen, eta niri proposatu zidan gidabaimena ateratzea. Aurrera egin eta atera egin nuen”.

Zaletasun nagusia, bidaiatzea
Bidaiatzea ere asko gustatu zaio Maria Kristinari. “Umeak pixka bat koskortu genituenean, Errioxa aldera joaten ginen, hamabost bat eguneko egonaldiak egitera. Aurrerago, Argentinara joateko aukera izan genuen.Izugarri gozatu genuen bidaia hartan. Argentinan bizi diren familiartekoak bisitatu eta hainbat toki ikusgarri ezagutu genuen. Lehen bidaia handi hura eginda, beste hainbat egiteko gogoa piztu zitzaigun senarrari eta bioi; Paris, Suitza, Israel, Norvegia..., eta gertuago ere, Peñiscola, Salou, Gandia, Benidorm, Alicante..., txoko asko ezagutu genituen elkarrekin”.
Seme-alaba eta bilobekin batera bizi da Maria Kristina Goiburuko Urrizti baserrian. Otordu goxoak prestatzen ditu egunero etxekoentzat eta duela gutxi arte aritu da baratzeko lanetan ere. Irribarrez egiten die ongietorria bere etxera gerturatzen direnei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!