Aitzekoa zuen aita, Ondartza Barrenekoa ama, –Presentacion izenekoa–, baina ez zuen ezagutu, Fortunata jaioberri zela hil baitzen. “Gaixorik zegoen ama eta gure aitak horren berri bazuenez, ‘alaba behintzat salbaidazue’ esan omen zion medikuari. Eta hara!”, esanez hasi da hizketan Fortunata. Zeindine etxean bizitu zen aita eta anai-arrebekin, Joxe Prantsisko alkate zenaren bizilagun. Ume-umetan, 8-10 bat urte zituztela hasi ziren ahizpak neskame joaten. Aurrena, Asteasuko Sarobe baserrira joan zen Fortunata, Joxe Miel nagusi eta Martina etxekoandrearengana. “Haien alaba zaintzearekin batera, baserriko lanak egiten nituen. Besteak beste, soro zabaletik arbia ateratzen nuen. Neguan izotza egiten zuenean ur irakinez betetako baldea edukitzen nuen ondoan, han eskuak berotu eta lanean jarraitzen nuen kopaka handia arbiz bete eta nagusiak eramateko”, esan du. Sarobe Asteasuko Goibailaran zegoen, goi-goian. Goizean goiz, Asteasuko parrokira oinez buelta asko egindakoa dela azaldu du Fortunatak. Ez hori bakarrik: “Estraperlo garaian goizeko hirurak aldera joaten ginen Asteasuko mataderora txahalak hiltzera eramatera, atzetik joaten nintzen haiek eragiten. Bueltan haragia kutxatan sartuta ekartzen genuen etxera asto edo zaldiaren gainean. Bi buelta-edo egiten genituen ordu txikietan, guardia zibilek ez harrapatzeko. Ni umea nintzen orduan”. Astoari esnez marmitak bete eta Olarrea Goikoa baserriaren ondoko kamiora eramaten zuen elkarrizketatuak: “Ni txikia nintzen orduan eta ez nintzen marmitak ateratzeko ailegatzen. Astoa koskaren ondoan jarri eta hara igota ateratzen nituen. Jende gehiago ere izaten zen han eta lagunduko zidatela esanagatik, ez nuen nahi izaten. Bakarrik banekiela esaten nien. Haiek harrituta geratzen ziren eta ni pozik. Marmitak hustutakoan, berriz ere astoari lotu eta Sabe baserrira itzultzen nintzen mendiz. Doktrina ikastera ere maiz jaisten ginen elizara. Beharko! Hankak arinak genituen orduan, bai horixe!”, gogoratu du.
Asteasutik Senperera
Lehengusu batek Lazkaoko Senpere auzora eraman zuen gero neskame, bi bizitzako txaletera. “Fundizioko ingenerua nuen nagusia, Lekunberriko Vicente Escala eta Villabonako La Salvadora papertegiko alaba etxekoandrea, Ameli Urdapilleta. Ogia baino hobea nuen etxekoandrea. Bi neskame aritzen ginen lanean: sukaldaria batetik eta ni, umezain. Hantxe ikasi nuen dakidan guztia, han egin nintzen emakume”. Izan ere eskolara oso gutxi joan baitzen, “Asteasun eskolara zerbait joan banintzen ere, ez nuen ezertxo ere ikasi. Ez zidan denborarik eman. Maistra gogorra genuen; nik azkazalak arrosa samarrak izan eta gogoratzen naiz behin gelakide batek nola esan zion maestrari azkazalak margotu nituela. Hark behatzak biltzeko agindu eta reglarekin astindu zizkidan. Gezurra zen, ordea. Nik ez nituen azkazalak margotu”. Eskolan ez zuen gaztelaniaz hitz egiten ikasi, “maestra kastellana zen, ez zekien euskaraz hitz egiten, baina ez nuen ikasi. Neskame nengoela ikasi nuen erdaraz, aditueran. Idazten, berriz, Ameli etxekoandrearekin ikasi nuen”. Senperetik etxera itzuli zenean izugarrizko mira bilatu zuela aipatu du, “gure etxean ez zen ez argirik, ez urik… Iturraldera joan behar izaten genuen, baldea hartuta, ur bila. Senperetik itzuli nintzenean ez nintzen beste inongo tokitara ondo egin. Anaia zaharrenak etxean behar ninduelako atera nintzen handik, baina etxekoandreak esan zidan, ‘Fortu, zu bezala ez nintzateke joango’. Ni, ordea, ez nintzen anaiari ezetz esatera atrebitu”.
Sukaldari nahiz garbitzaile
24 urte betetzear zela ezkondu egin zen eta Zizurkil goian nahiz behean bizitu aurrena. Villabonan gero. Bi alaba nahiz biloba hazi zituen Fortunatak eta lan ugari egin zuen batean nahiz bestean. Tartean, Villabonako Iru Aldeta jatetxeko sukaldari izan zen, “lan asko egiten genuen sukaldean; entsaladak, txuleta erreak edota legatza saltsan, bereziki. Goizeko 03:00etan ateratzen nintzen askotan eta aguazilak lagunduta joaten nintzen etxera maiz, sustoak izaten baitziren orduan”. Portu papertegiko garbitzaile gisa ere urtetan egin zuen lan. Azken zortzi urteotan Amasa-Villabonako Santio egoitzan bizi da. “Gustura bizi naiz hemen, eraikin berrituan orain. Hasieratik nago gustura, baita lehen mojak egon zirenean ere. Ekintza asko egiten dugu bertan. Asko gustatzen zait zenbakiak jarraituz marrazkiak margotzea, baita pintzelarekin margotzea ere”, azaldu du. Bizitza gogorra egokitu zaion arren, umorez eta indarrez egin du aurrera. Emakume indartsua da Fortunata, bejondeizula!