Ume zelarik Lasarte-Oriako eskola nazionaletan ikasi zuen arren, eskolan denbora laburrean aritu zela aipatu du, pleuraz gaixotu eta bederatzi hilabete ohean egotea egokitu baitzitzaion, “ia urtebete ohean gaixorik eta beste urtebete gaixoalditik indartzen igaro nituen. Gerra garaia ere bazen eta ez nuen eskolara joateko aukera handirik izan. Gerra garaian, Arroako baserri batera joan ginen bost familia ihesean, furgonetetan eraman gintuztela gogoratzen dut. Oso garai latza izan zen. Gure ama hiru umerekin geratu zen, laugarrenaren haurdunaldia oso aurreratuta zuela. Aitak eta baserri hartako gizon guztiek ihes egin zuten, guk ez genekien non zeuden ere. Gerora jakin genuen Bilboraino joan zirela, baina aita harrapatu eta preso eduki zuten”. Aita denbora luzez atxilotuta egon ez bazen ere, garai hura ondo baino hobeto gogoratzen du Julik, ohean egon beharreko tartea egokitu baitzitzaion, “aita preso, ama lanera, anai-arrebak eskolara eta ni ohean bakar-bakarrik. Etxeko ateak zabalik egoten ziren orduan eta amona noiznahi etortzen zitzaidan. Hala ere, anai-arrebak eskolatik itzuli eta jolastera kalera ateratzen zirenean, ni ere jantzi eta ohetik ihes egiten nuen batzuetan”. Lasarte-Oriako Brunet lantegian egin zuten lan aita-amek eta baita gerora, hiru anai-arreba zaharrenek ere, tartean, Julik. “Oihalak egiten genituen bertan. Oso fabrika handia zen, inguruko handiena. Auzo guztia hartzen zuen eta etxeak ere inguruan zituen. Hantxe bizi ginen gu ere. Anai-arreba gazteenak Michelinen hasi ziren lanean gero eta aitak pena handia hartu zuen, aurreko guztiak elkarrekin aritzen baikinen lanean”.
Lasartetik Villabonara
1956an Karlos Etxenike billabonatarrarekin ezkondu zen. Lasarten ezagutu zuen senargaia; Zubietan, zehatzago esan. “Senarra pilotaria zenez, herriz herri ibiltzen zen. Gu ezagutu ginen garaian eskuz jokatzen zuen. Askotan joaten nintzen bere partidak ikustera. Dezente geroago hasi zen errebotean jolasten. 50 urte pasatxo egin zituen pilotan Karlosek”. Sei urtez nobio gisa ibili ondoren ezkondu eta Villabonara bizitzera etortzea erabaki zuten. “Hasieran gogorra egin zitzaidan aldaketa. Lasarte oso herri txikia zen lehen eta denak ezagutzen genuen elkar. Oraingo herriarekin alderatuta, Villabona ere oso txikia zen, baina nik ez nuen inortxo ere ezagutzen orduan. Ezkondu eta urtebetera izan nuen lehenengo alaba eta umearekin kalera ateratzen hasitakoan, berehala egin nituen lagunak. Errazago kokatu nintzen orduan”. Seme-alabak hazitakoan, katekista gisa hasi zen herrian eta, 30 urtetik gora, oso gustura aritu zen langintza horretan. Elizako loreak ere bere ardura izan ziren urte haietan guztietan. Gainerakoan, etxeko lanetan aritu izan da nagusiki Juli, baina Kale Nagusiko etxearen azpialdean zuten linternerian ere laguntzen zion senarrari, “kristalak mozten laguntzen nion behar zenean eta, jarri ere, kristal ugari jarri nuen”.
Karlos Etxenike senarra Villabonako alkate izan zuen bi legealditan, “nik gaizki pasa nuen garai hartan; lanean ahalik eta ongien saiatu arren, ez baita erraza denentzat gustukoa izatea”. Frankismoko garai ilunak pasatakoan izan zen Villabonako alkate Karlos, “frankismo garaian senarrak ez zuen ezertxo ere jakin nahi, aita fusilatu ondorenean, zerua goian, lurra behean, oso haurtzaro eta gaztaro gogorra bizitzea egokitu baitzitzaien”. Behin alkate lanak bukatuta ere, hirugarren legealdian zinegotzi lanetan laguntzeko prest azaldu zela azaldu du Julik, baina hauteskunde haiek baino lehenago hil zela.
Gantxilloa eta loreak, pasio
Telebista ikusteak edota irakurtzeak baino askoz ere gehiago betetzen duten bi zaletasun ditu Julik: gantxilloa egin eta loreak zaintzea. Eskuartean beti behar du zerbait. “Izugarri gustatzen zaizkit eskulanak, gantxilloa bereziki. Lan asko egiten dut gantxilloz eta nahi duenari erakutsi ere egiten diot. Bahinika nahiz puntua egitea ere asko gustatzen zait. Joan den neguan bertan baserritarren tokilla nahiz aurreko-mantal ugari egin nuen bilobei oparitzeko. Loreak zaintzea ere oso gogoko dut. Asko ditut eta egunero eskaintzen diet tartea. Behin baino gehiagotan irabazi dut balkoi loratuen lehiaketa. Hori bai, senarra alkate zela ez nuen lehiaketan parte hartzen”. Bi zaletasun horiez gain, margotzea, anai-arrebekin kartaketan aritzea, jubilatuen egoitzan bingoan jolastea edota gozoak egitea ere gustuko du. Gabonetarako turroia egiten du, mazapana. “Anaiari izugarri gustatzen zaio, gerraren aurreko turroiaren zapore bera duela esaten du. 20 kilo almendra ekartzen dit anaiak eta turroi ugari egiten dut nik, ingurukoei oparitzeko”. Elkarrizketaren ondoren, Aiurriko lan taldeari bere eskuz eginiko almendrazko opiltxoak oparitu zizkion. Anaiak oso gustu ona duela ondorioztatu genuen. Goxo-goxoak zeuden. Mila esker!