Hamaika senideko familian hazi zen Josefina Tapia Urkia. “Patxi Tapia eta Inaxi Urkia izan ziren nire gurasoak; Errotamendikoa aita, Zaldu-zar baserrikoa ama. Hamabi ume izan zituen amak, baina haietako bat jaio eta berehala hil zen. Hamaika senide hazi ginen Zizurkilgo Errotamendi baserrian, bederatzi neska eta bi mutil. Hirugarrena nintzen ni eta makina bat lan egitea egokitu zitzaidan, gehiegi”.
Emakume langilea
Baserriko lanetan aritu izan da beti Josefina: “Baserri handia zen Errotamendi eta beti egoten zen zereginen bat. Esne behiak genituen eta baita baratzea ere. Gazte-gaztetan, hamazazpi urte inguru nituela hasi nintzen Bretxako azokara joaten. Etxeko esnearekin ekin nion lan horri eta aurreraxeago, barazkiak eta frutak eramaten hasi nintzen. Goizean oso goiz jaiki, astoaren laguntzaz generoa Villabonara jaitsi, eta tranbia edo autobusa hartuta joaten nintzen Donostiara. Inguruko herrietako emakume asko joaten ginen azokara. Etxean laguntzeko eta diru pixka bat ateratzeko modua ematen zuen. Gerra aurretik, amak ekin zion lan horri; etxeko arrautzak eta barazkiak eramaten zituen astean behin. Gero nire ahizpa zaharrenak hartu zion lekukoa, eta gero nik. Ni ezkondu nintzenean, ahizpa gazteagoak jarraitu zuen”.
Azokako gertaerak
Azokako lana ez zen beti gustagarria izaten: “Denetariko bezeroak izan ditut. Batzuk oso onak ziren, baina beste asko ez horrenbeste. Egun batean, esaterako, emakume bat tratuan hasi zitzaidan, generoaren prezioa jaitsi arazi nahian. Huskeria bat eskaini zidan eta nik gaizki hartu nion. Alboko dendan gauza bera egiten ote zuen galdetu nion. Bere erantzunarekin garbi geratu zen ez zekiela baserriko lanaren berri: dendakoak generoa erosi egin behar izaten zuela, eta nik, ordea, lurretik hartu eta ekarri besterik ez nuela egiten. Behin baino gehiagotan entzun behar izan genituen horrelakoak”.
Ura etxean
Errotamendin, betidanik ezagutu izan du Josefinak ura etxeko kanilan. “Etxeko sailetan zegoen iturri batetik ekarri zuten ura etxeraino. Gure amaren garaian astoarekin joan behar izaten zuten errekara, ur bila, baina nik ez nuen horrelakorik ezagutu. Orain ere, etxe ondoan dago ur fresko-freskoa ematen duen iturri ederra”.
Eskola garaia
Josefinak gogoan ditu eskolako garaiak: “Oso gutxi joan nintzen eskolara, izan ere, bederatzi urte nituela iritsi baitzen gerra. Maisu guztiak gerrara joan ziren eta Zizurkilgo umeak, hirurogeita hamarretik gora, gela bakarrean bildu gintuzten, maistra batekin. Eibarkoa zen señorita Sabina eta euskara ikasi zuen hemen aritu zen bitartean. Emakume ona zen, nahiz eta horrenbeste umerekin oso ona ere izaterik ez zeukan”, dio Josefinak.
Gerra iritsita, etxean laguntzea egokitu zitzaion Josefinari. “Zaldu-zarko osabak gerrara joan zirenez, aiton-amonak etxean bakarrik geratu ziren. Askotan egokitu zitzaidan haiei laguntzera joatea. Gerra amaituta ere, luzatu egin zen egoera hura, harik eta pixkanaka osaba guztiak etxera itzultzen joan ziren arte. Horregatik, ez nuen eskolara asko joateko aukera handirik izan”.
Festan ere bai
Festa giroan ibiltzeko tarterik ere bilatzen zuen Josefinak: “Igande arratsaldetan bezperetara joaten ginen eta gero pasiatzen ibiltzen ginen, lagunartean. Gainera, plazan soinua egoten zen eta inguruko herrietako gazte jende asko biltzen zen. Bizikletaz eta oinez etortzen zen jendea. Dantza sueltoan aritzen ginen, giro ederrean, eta abemarietarako etxeratu egiten ginen. Zizurkilgo jaietan ere gozatu egiten genuen”.
Arripitxira ezkondu
Arripitxi baserrira ezkondu zen Josefina, hogeita bat urterekin. “Arripitxiko Joxe Mari Otegirekin ezkondu nintzen, oso gazte. Arripitxira bizitzera joan nintzenean, emakume bakarra nintzen bost gizonen artean. Lan pixka bat izan nuen horiek guztiekin. Lau seme-alaba izan nituen. Hogeita bat urterekin ezkondu, eta hogeita bi bete aurretik izan nuen lehendabizikoa. Hogeita zortzirekin, berriz, laugarrena. Gainerantzean, beti baserriko lanetan aritu izan naiz eta orain ere, ia laurogeita zazpi urterekin, gustura aritzen naiz baratzean, nire martxan. Duela urte gutxi arte esne behiak izan ditugu etxean, baina baserria berritzeko lanak egin genituen eta behiak kentzeko erabakia hartu genuen. Ez nuen oso erraz etsi, baina erabaki egokia izan zen, behien lana oso lotua da eta”.