Barriola familia zen Urigain jauregiaren jabe orduan. Donostiakoa zen familia hori, goi mailako estatusa zeukana orduan, Joxek zehaztu duenez. Donostiako herrigintzan, euskalgintzan eta medikuntzan nabarmendu ziren bere kide ugari. Joxek, Inazio medikuarekin eta Pablo jauregiaren jabearekin eduki zuen tratua batik bat.
“Izatez, nire gurasoak –Dionisio Eizagirre eta Karmen Galarraga– Zarauzkoak ziren. Barriolatarrekin bazeukaten ahaidetasuna, eta Andoainera etorri ziren horien jauregia eta lur saila, sekulako sagastia barne, zaintzera”.
Joxeri, aita gazte zela hil zitzaion, hala ere. “Zortzi bat urte izango nituen orduan. San Martin elizako erlojuaren eta plazaren ikusmena galerazten zigun zuhaitz batek, eta haren adarrak mozten ari zela erori zen lurrera! Lepoa hautsi zuen! Tarteka, gogora etortzen zait oinazeak jota zegoela atera zituen garrasien oihartzuna...”.
Hiru seme-alabekin geratu zen alargun Karmen, ama: Maria Pilar, Joxe eta Andoni. Haurdun zegoen ordurako baina, eta aita hil berriaren izena jarri zion laugarren haurrari.
Berehala, 36ko Gerra heldu zen. Altxatu militarrek Urigain komandantzi gisa hartu zuten. Andoaingo herritarren aurkako errepresioa bertan diseinatu zuten arren, Joxek ezin izan ditu datu asko eman, familia osoak Aiara ihes egin baitzuen bolada baterako. “Osabaren baserrian babestu ginen Aian. Paraje haietan ireki zen frontean gertatu zen batailen lekuko izan ginen. Garbi asko ikusten genuen nola joaten ziren soldaduak borrokara, pozik eta kantari! Borroka amaituta, ordea, bando bateko zein besteko makina bat etzanda geratu zen, hilda!”.
Eizagirre Galarraga familia Andoainera itzuli zenerako, igarota zeuden kapitulurik ankerrenak. “Adituta dakigu gizaseme mordoa udaletxeko kalabozora eraman, eta gero nola fusilatu zituzten”.
Olio-errizinoa probatutakoa da Joxe. Erregimen frankistak, besteak beste, eskoletako gaztetxoak Flecha eta Pelayo-ekin instrukzio militarra egitera derrigortu zituzten; Joxe ere harrapatu zuten tartean. “Nonbait, ez genuen gure instruktoreak nahi bezain ondo desfilatzen, eta honek, behin, kastigu gisa, olio-errezinioa irenstera derrigortu gintuen guztiok. Gaiztotik asko zuen gizonak, eta Andoni, gure anaia egurtu egin zuen beste behin. Ni mutil koskor bizi-bizia nintzen, eta Kaletxikin harekin topo egin nuen txanda batean, muturreko galanta eman nion. Lurrean etzanda utzita, gustura asko joan nintzen etxera!”.
Eskolatik ihes
Ikasketak hamabi urterekin utzi zituen, behar baino bi urte lehenago. “La Salleko anaiekin ikasten nuen, Kale Nagusiko arkupetan. Behin, aldameneko lagunarekin berriketan harrapatu ninduen irakasle batek, eta danba jo zidan eskuan zeukan ez dakit zerekin! Nik zer egin nuen orduan? Ospa gelatik! Gehiago ez itzultzeko erabakia hartu nuen. Pena hartuko zuen fraile hark nonbait, eta ikaskide bat bidali zuen nigana, itzultzeko mesedez erregutuz. Alferrik ibili zen gizona”.
Ofizioetatik afizioetara, iaiotuz joan zen harrezkero. “Gerra osteko goseak bultzata, han eta hemen ibili nintzen lan eta lan. Besteak beste, artzain (Miner familiaren Benta baserrian), arotz (Fortunato Irulegiren aroztegian), ikazkin (Goizuetako Txakurtxulo baserriko zazpi anaiekin)...”.
Artzain izan zeneko urteak ditu gogokoen. “Zeruan bezala bizi nintzen ardiak gobernatzen. Izugarri maite ninduen Bentako familiak, eta nire bizitzako urterik gozagarrienak izango dira Adarra, Aballarri, Onddi eta inguru horietan pasatakoak. Bizitzan gauza gutxirekin eta kexa askorik egin gabe nola molda daitekeen erakutsi zidan bizimodu hark”.
Eraikuntzan bilatu zuen tokia Joxek, halako batean. Eta lanbide horretan izan da ezaguna Andoainen azken hamarkadetan. “Langile kuadrila nire kargu edukita aritu naiz urtetan, 65 urterekin erretiroa hartu nuen arte”. Herriko zenbait eraikuntza lanetan hartu izan du parte Joxek. Pagamendiko kanposantu berria, Bazkardoko pilotalekua edota Ziako erreka ondoko ibilbidea aipa daitezke bere ardurakoak izan direnak, besteak beste.
Plazaolako trenbidearen ondo-ondoan jaio zen, eta egun, bide horren gainaldean dagoen Arantzazuenea etxean bizi da, Arantzazu Esnaola emaztearekin batera; bere eskuekin eraikitakoa etxe hori ere. Irribarrea irteten zaio ezpainetara, atzera begira jartzen den bakoitzean: “Nik lanbide baten grina neukan eskolatik atera nintzenetik, eta batean zein bestean ibili, sekula ez ditut sakrifiziotzat hartu lantokiko gora-beherak. Non aritu, hantxe gozatu egin dut”.