Herritarren txokoa

Xixili Iturbe, lanean zaildutako emakumea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko ots. 6a, 09:18

Asteasuko Erreka bailarako Sorarrain Zar baserrian jaio zen Xixili Iturbe Jauregi 1928an. Goi bailarako Intsusa Goikoa baserrira ezkondu eta Intsusa Berri etxean bizi da egun.

Hamaika urtera arte Asteasuko eskolan ikasi zuen Xixilik. Elemendiko Santakrutz ermitaren ondoan. “Neskak bakarrik biltzen ginen; mutilak aparte jartzen zituzten, badaezpada, kontsejupean. Berrogei bat neska izango ginen, txiki nahiz heldu, denak batera. Pasaiatik etortzen zitzaigun maestra: Karmen Olaziregi. Oso maestra ona zen. Gutxi ikasi nuen eskolan, baina gogoan dut mapetan erregelarekin markak egin eta herriak markatzen gustura aritzen nintzela. Arratsaldez eskulanetarako tartea izaten genuen eta ikastea baino nahiago nuen hori”, azaldu du. Eskolan eskulanetara zaletu eta 18 urterekin josten ikasteari ekin zion Xixilik Ibargai baserrian. “Luisa Garmendia bizi zen bertan eta berak erakutsi zigun josten. Hamalau bat neska joaten ginen josten ikastera”. Geroztik, etxekoen arropak josteaz arduratu da Xixili, “beti eduki dugu josteko makina etxean eta etxekoen arropak neronek josi izan ditut, baita gizonezkoentzako galtzak ere”, azaldu du. Joskintzaz gain, gazte-gaztetatik baserriko lanetan ere ederki zaildua da elkarrizketatua, “denetariko lanak egiten genituen baserrian, beharko! Soroan, belarretan nahiz animaliak zaintzen ere aritzen ginen ukuiluan. Orduan ez zegoen besterik”. Baserrian lantzen zituzten produktuak saltzera astero joaten zen Tolosako azokara Xixili, “etxe inguruan frutarbola ugari genuen: mizpirak, intxaurrak, sagarrondoak… Frutak, berdurak, arrautzak eta oilo nahiz konejuak hartuta joaten ginen Tolosara. Gero handik bueltan etxerako behar zena ekartzen genuen”. Tolosarako joan-etorria autobusean egiten zuten. “Aiatik barrena etortzen zen autobusa. Andezarraten bazen geltoki lana egiten zuen txabola eta karga-karga egindako astoarekin gerturatzen ziren baserritarrak hara: Iturriotz nahiz Granadatik ere bai. Autobusa lepo beteta abiatzen zen, barruan jendea eta gaineko parrilan oilo nahiz konejuak. Larunbatetan autobus bat eta astelehenetan bi izaten ziren Tolosara. Asteartetan beste bat Villabonako azokarako”. Egun Tolosako azoka bizirik mantentzea lorpen handia dela uste du Xixilik, baina orduan beste mugimendu bat zegoela nabarmendu du, “orduan baskula beti okupatuta egoten zen koneju, oilasko edota arkumea pisatzeko. Jendea, berriz, ilaran zain”.


Autobus gainean, soinua joz
Gaztetan, Iturriozko erromeria sekulako poza zen eurentzat, “Sanjuanetan eta San Juan txikitan Iturriozko erromerira joaten ginen. Irailean, igandero, hutsik egin gabe aritzen ziren trikitilariak bentako sarreran. Erniora urtean behin igotzen ginen, baina dantzara ahal genuen guztietan”. Garaiko giroa azaltzeko, Andezarrateko sanatorioa zena ekarri du gogora Xixilik, Migel Mari semearekin batera, “sanatorioaren sarrera nagusian mimosa zuhaitz bat zegoen bueltan. Hura guztia Erniora etortzen zen jendeak utzitako moto eta bizikletaz beteta egoten zen. Kotxez ez; motoz, bizikletaz edo autobusean etortzen ziren mendira, askotan autobusaren gainean soinua eta panderoa joz. Oso giro ona izaten zen. Donostialdetik jende asko gerturatzen zen. Gure baserriko ganbara ere bizikletaz beteta egoten zen maiz, bizikleta uzteko tokia eskatzen ziguten faborez. Galtzak katearekin ez zikintzeko, galtza-barrenean kakotsak edo pintzak jarrita etortzen ziren asko”.

Bederatzi seme-alaba
21 urterekin ezkondu zen Xixili, Intsusa Goikoa baserriko Joxe Izagirrerekin. Auzotarrak ziren, betiko ezagunak. Telefonorik ez zen garaian, etxean zapi zuriak zintzilikatuta komunikatzen ziren libre zeudela jakinarazteko. Inguruan, sanatorioan izan zuten Andezarrateko lehen telefonoa, “etxekoak bezala moldatzen ginen sanatoriokoekin eta edozein hestuasunetan hara jotzen genuen telefono bila. Salinas zuzendaria eta sanatorioko medikuak ere askotan etortzen ziren baserrira genero bila. Duela 58 urte Donostiara joan zirenean, izugarrizko pena hartu genuen”. 15 moja egoten ziren sanatorioan eta gaixo-jendea Gipuzkoa osotik etortzen zela azaldu du Xixilik. “Bete-beteta egoten zen; gerra ondorenean bereziki, gosearen ondorioz petsutik gaizkituta jende asko geratu baitzen”.
Bederatzi seme-alaba izan zituzten Xixili eta Joxek, bi urte inguruko tartearekin, “baserriko lanekin jarraitu eta bederatzi haur haztea gogorra bada ere, haur guztiak ondo eta sano jaio zirenez, pozik egin nuen lan hori”, azaldu du.
Josten nahiz puntua egiten jarraitzen du egun ere, “makina ume jantzi dut nik. Ingurukoek eskatuta, bataio-oihal nahiz zapatatxo asko egiten dut. Eskulanak eginez konturatu gabe joaten zait denbora”. Ateri denean, bazkalondoan, egunero egiten du etxe inguruko pasioa eta udan baratzean aritzea gustatzen zaio, “gorputzarentzat oso ona da baratzeko ariketa”. Igandetan mezetara jaisten da Asteasura. Gainerakoan, gusturago sentitzen da etxe inguruan bere erara, “ez gaude herrian bizitzera ohituta”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!