Gure ama Emilia Periodistanean bizitu zen. Bertan lan egin zuen Esperantza izebak. Periodikoak saltzen zituztelako jarri zioten izen hori etxeari baina taberna-jatetxea ere bazen. Oso fama ona zuten bertako albondigek. Besteak beste, hantxe egiten zuten hamaiketakoa merkatuko saltzaileek”, azaldu du. Hijas de la Cruz mojen ikastetxean ikasi zuen 16 urte bete zituen arte, 1936ko Gerra iritsi arte, “elizaren atzealdean, Amasarako bidearen parean zegoen eskola, bariantea egiteko bota egin zuten gero. Eraikin polita zen, kapilla ere bazeukan eta funtzioak egiten genituen bertan. Igandetan, bezperak eta gero, mojekin pasiatzera joaten ginen”, gogoratu du. Eskolan antzerki asko egiten zutela ere etorri zaio gogora, “antzezlan komikoak eta tragikoak egiten genituen. Ahots ona nuen eta kantatu nahiz dantzatu ere asko egiten nuen antzezlanetan: Mi sombrerito blanco emanaldian, esaterako”. Estudiatzea baino laboreak egitea gogokoago zuen Maria Doloresek, “mantelak, maindireak…, josi eta brodatu egiten genuen arratsaldetan. Atsedenaldietan, berriz, patioan jolasean ibiltzen ginen lagunartean. Kulunpioak genituen bertan eta gainerakoan, lau izkinatara, pote-poteka, txorro morroan, tabatara edota txingoan jolasten genuen. Primeran pasatzen genuen!”. Gerra garaiko oroitzapen gogorregirik ez du, “Gogoan dut nola kainoikadak bota zituzten Amasatik Fraisorora. Gainerakoan, gogoratzen dut Amabirjin egunean nazionalak tankeekin sartu zirela Villabonan. Garai hartan etxean soldaduak edukitzera behartzen gintuzten herritarrak eta gure etxean galiziar eta andaluziar bana egon ziren. Oso jatorrak ziren”, azaldu du.
Denetariko denda, Kale Nagusian
Maria Doloresen aita arotza zen eta oso esku oneko jostuna ama. Kale Nagusiaren hasieran denetariko denda zuten gurasoek, “altzariak, somierrak nahiz koltxoiak egiten zituen aitak dendan saltzeko, barrua oihalez tapizatutako hilkutxak ere bai. Amak arropak josten zituen, –baita herriko erraldoi eta buruhandientzat ere–, eta alpargaten zolei eransteko koloretako oihalak prestatzen zituen. Dantzarien alpargata txuriei zinta gorriak ere jartzen zizkien. Denetarik izaten zen denda hartan: janaria, xaboiak, kandelak, alpargatak, altzariak, koltxoiak, hilkutxak…”. Garai bateko dendek atzealdean bizitokia edukitzen zutela azaldu du Maria Doloresek eta euren familiak bertan egiten zuela bizimodua; “sukaldea eta patioa genituen erreka aldera, ordu asko igarotzen genuen bertan. Santiotan dendako patiotik ikusten genuen arraun txapelketa”. Elola denda Oria ibaiari pega-pega eginda zegoen eta behin baino gehiagotan hartu zuen urak denda barrua, “1953 eta 1983 urteko uholdeak izan ziren gogorrenak. Ura sabairaino ailegatu zen behin baino gehiagotan eta den-dena eraman zigun: dendako produktuez gain, etxeko oroigarri nahiz argazkiak”. 25 urterekin ezkondu zen Maria Dolores eta bost seme-alaba izan ondoren etxean josten aritu zen aurrena. 47 urterekin alargundu eta gurasoek utzitako altzari dendan hasi zen lanean orduan, Pilartxo ahizpa eta Jose Inazio anaiarekin.
Dantzari arina
Jose Inazio anaia zesta puntista zen eta Ameriketan jokatu zuen urte luzetan. Maria Doloresi ere asko gustatzen zitzaion pilota eta lagunartean paletan jolasten zuen egun eraitsita dagoen plazako frontoian. Gaztetan, herrian bertan asteburutan ederki pasatzen zutela azaldu du, “musika banda eta txistua izaten genuen astebururo eta dantzan ibiltzen ginen. Oso dantzaria izan naiz ni. Apenas ateratzen ginen Villabonatik, giro bikaina izaten baitzen bertan. Santiotan ere ederki ibiltzen ginen, jendetza etortzen zen kanpoko herrietatik. Herriko mutil gazteek sortu zuten ‘El último vagón’ txarangarekin izugarri disfrutatu genuen. Alpargatak jantzita ateratzen ginen haiekin saltoka ibiltzera. Villabonako dantza taldean ere hartu nuen parte. Poxpolinez jantzita Bear-Zana elkarte zaharrean eskaintzen genituen saioak. Lertxundi etxean entseatzen genuen Antonio Zumeagarekin”, azaldu du.
Eguzki eta hondartza zale
Dendako lana utzi zuenean, jubilatuen elkartera biltzen hasi zen. Orduz geroztik, lagunekin bingoan jolasten edota antolatzen dituzten bestelako ekintzetan parte hartzen jarraitzen du oraindik ere. Ahal duen ekintza guztietara gerturatzen da. Gainerakoan, bidaia zalea da eta urtero egiten du opor txikiren bat, “gogoko dut eguzkia eta hondartza”. Etxekoen arropa konponketak berak egiten ditu eta egunkariari ere egunero ematen dio begiratua. 93 urterekin osasuntsu eta alai jarraitzen du Maria Doloresek, bejondeizula!