Herritarren txokoa

Juana Larrarte, langile porrokatua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urt. 14a, 01:00

Asteasuko Goibailaran jaio zen Juana Larrarte Mujika, Udakiola baserrian, 1943an. Ezkondu eta laster Saskarate baserrira igaro ziren bizitzera, Goibailarara bueltan.

Txiki-txikitatik baserriko lanetan hazi eta hezia da Juana, “ederki dakigu zer den baserria. Bizimodu gogorra izan genuen, baina guk sikiera ez genuen goserik pasa, inbidia bai: babarrunak eta babak, babarrunak eta babak…, tarteka taloren bat. Baina hortik gora joan gara beti pixkanaka-pixkana. Orain, berriz, atzeraka goaz. 70 urte pasa ditugu Euskal Herria altxatu ezinik eta orain lau egunean hondoratu dute”, azaldu du.

Baserrian lan ugari egindakoa, “soroan, arto nahiz babarrun sailetan, goldean, harian, ittulian… Denetik egin dugu. Animaliak gobernatu ere bai: behiak, ahuntzak nahiz astoa”. Ume zirelarik, asko ibiltzen ziren astoarekin aurrera eta atzera, “ume zaharrek lan egiteko astoa behar izaten genuen; bai kakoarekin edo bai sestoekin. Kakoarekin jartzen zenean arbia, erremolatxa edota belarra ekartzeko, sestoarekin jartzen zenean esnea eramateko. Olarrea-Goikoako kamio izkinara ateratzen genuen esnea, kamioia etortzen zen hara bila. Guk ezagutu genuen garaian, Aiara eramaten zuen esnea gazta egiteko. Gero Gurelesa sortu zen eta baserritar guztiak mendean hartu gintuen”, adierazi du Juanak.


Neskame, hotelean, tabernan…
Herriko eskolara jaitsi gabe, Goibailaran bertan ikasi zuen auzoko hainbat baserritan: “Azkonitan aurrena, Etxebitarten gero eta azkenik Olarrea-Goikoa baserrietan ikasi nuen. Maestra bat ekartzen ziguten –sekula euskaldunik ez- eta inguruko baserrietako haurrak elkartzen ginen. Joaten ginenetan, leher eginda joaten ginen eskolara: aurretik esnea kamio izkinara eramanda, garoa bilduta,  metak eginda edota idiei kasu eginda… Nekatuta, ez genuen eskolarako gogorik izaten. Neskak eta mutilak batera, borrokan nahiz jolasean elkarrekin aritzen ginen. 7 urterekin hasi nintzen eta 11 urterekin neskame eraman ninduten. Pentsa zenbat denbora aritu nintzen eskolan”. Gazte-gazterik Astigarragara neskame nola abiatu zen azaldu du segidan, “umea umea zaintzera hara! Baina umea zaintzeaz gain, beste hamaika lan egin nuen. Kale etxera joan nintzen arren, ingurua baserriz eta baratzez josita zegoen. Garai hartan berdura besterik ez zegoen han eta gau eta egun landarea aldatzen aritu nintzen hiru urtez, etxera itzuli aurretik”. Etxean beste pixka batean jardun ondoren, berriz ere kanpora abiatu zen, “etxean ez zegoen ezer ere eta ahal zen lekura joan behar. Beste bi urtez neskame aritu ondoren, Donostiako hotel batean hasi nintzen lanean. Logelak nahiz bainuak garbitzen nituen. Orduan bainu bakarra izaten zen 3-4 logelarentzat. Katua saguaren atzetik bezala ibiltzen ginen hura garbitu ahal izateko”. Bi hotel ezberdinetan egin zuen lan urtetan eta Tolosako Guria tabernan jarraitu zuen gero, “hiru urtez aritu nintzen Gurian: sukaldean, jangelan nahiz barran. Gustuko lana nuen tabernakoa, baina pazientzia handia behar zen, norbait edanda etortzen zenean bereziki”.

Nekazaletxean, gustura
21 urterekin ezkondu zen auzoko Lorenzo Urkolarekin, “Andoainen kalean jarri ginen bizitzen aurrena, baina ez ginen kaleko bizimodura ohitu eta Saskarate baserria erosteko aukera sortu bezain laster, mendira etorri ginen berriro. Ardiak jarri genituen hasiera-hasieratik, ahuntzak eta behorrak ere bai. Etxerako adinako baratzea ere beti eduki dugu”. Ardien zaintzaz baino gehiago esne partiketaz eta etxeko lanez arduratu zen Juana. “Gero, duela 17 urte nekazaletxea martxan jarri genuen. Sei logela eta bost supletorio ditugu, 17 lagunentzako lekua. Diru iturria bada, baina lan handia eskatzen du, jendea atenditu egin behar da”. Katalan asko etortzen zaizkie, baina aurten madrildar eta frantsesak nagusitu dira, “gustura joaten dira gehienak, inguruko berdetasuna zoragarria dela esanez. Hiritik etortzen direnek lasaitasun ikaragarria topatzen dute”. Kanpoko bezeroak etortzen zaizkienean, ez du arazorik izaten Juanak elkar ulertzeko, “gehienek gaztelania ulertzen dute eta ondo moldatzen gara. Bestela keinuek ere laguntzen dute”.
Denbora librean oinez ibiltzea atsegin du asteasuarrak, “tartea hartzen dudanean, kotxez Asteasuko bidegorrira jaitsi eta Villabonako buelta egiten dut. Ernio inguruan asko ibilitakoak gara, baina pauso segurua behar dugu hemendik aurrera”. Fraisoron elikagaiak maneiatzeko ikastaroa egiten dihardu eta etxeko lanetan ez ezik, ilobak zaintzen ere aritzen da. Inguruak ezagutzea gogoko du, baina lurretik abiatuta, “hegazkina eta ura ez ditut batere gustuko. Behin hartu nuen hegazkina. Lehena eta azkena”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!