Karmelo Lasarte memoriala plater tiraketako modalitatean jokatu zen Azpikolako harrobi zaharrean, ekainaren 29an. Jada hamaika urte bete ditu lehiaketak, Kaletxiki auzoko jaien barruan. Baina, nor izan zen Karmelo Lasarte? Zergatik bere izena ipini ehiztarien lehiaketa bati? Inmakulada Lasarte –bere alabak– eta Elena Izagirre –familiako lagunak– erantzun diete galdera horiei eta gehiagori.
Inmakuladak aipatu duenez, “aita koadrilan, Ontza Elkartean eta Kaletxikiko auzoan izugarri estimatzen zuten pertsona izan zen”. Izen on horrek eragingo ziela antolatzaileei memorialari Lasarteren izena jartzearen arrazoia uste du alabak.
Ehiztari porrokatua zen, eta ehizarako zaletasuna ere zabaltzen saiatu zen zenbait urtetan: “Ontzako presidentea izan zen 60ko hamarkadan, eta plater jaurtiketako lehiaketak antolatu zituen garai hartan. Aldi berean, zozketak antolatzen zituen Andoaingo eta Urnietako zenbait uso paradekin. Azken urtetan Pedro Manuel Irazu Txokolo-rekin osatzen zuen bikotea ehizarako; oso ondo konpontzen ziren biak”.
Inmakuladak ondo gogoan dauka Karmeloren azken ehizaldia: “Pamendin ehizatu zuen azken usoa. Tiroarekin batera, atzera egin zuen, eta lurrera erori! Beti punteria ona eduki zuela erakutsi zuen beste behin, baina 80 urte beteta zeuzkan eta eskopeta bazterrean utzi behar izan zuen nahitaez. Hurrengo urtean, 1995ean hil zen”.
Arrantzarako zaletasuna ere bazeukan Karmelok: “Goizeko lauetan jaikitzen zen horietakoa zen, Leitzarango bailararako Olloki eta Ameraun aldera joateko. Zenbaitetan, Plazaolako trenbidean gora eta behera ibiltzen zen: tren-gurditxo bat topatzen bazuen, haren gainean joango zen; oinez, gainontzean. Normalean Antonio Larrañaga, Antonio Artolazabal eta hirurak abiatzen ziren Leitzaranera”.
Familia ezaguneko kidea
Karmelo Lasartek ehizarako zaletasuna etxetik jaso zuela aitortu du bere alabak. “Aita ere (Maximino Lasarte) ehiztaria izan zen, ahal zuen guztietan tartea bilatzen aritzen zena zaletasunaren gozatzeko. Andoaingo Udaleko langilea zen, eta eguardiko hamabietan Udaleko goi parteko lanak bukatu bezain pronto, trajea eta zapatak kentzeko denborarik hartu gabe, Pamendira abiatzen zen ehizara. Ordubete eskas bertan aritu, eta Kaletxikira jaisten zen; emazteak otordua prest edukitzen zion”.
Familiak, etxean, janari-denda, taberna eta sagardotegia zeuzkan, orain Berrozpe ikastetxea den horretan; 1966a arte eduki zituen irekita negozio horiek.
Gudaria 36ko Gerran
Kaletxikiko jendeak arrazoi ugarirengatik estimatzen eta errespetatzen zuen Karmelo Lasarte. Arrazoi horietako batzuk aipatu ditu Elena Izagirrek: “Berarengan asko baloratu izan zuten beti azken egunera arte eduki zuen ideologia, eta hori defendatzeko erakutsi zuen koherentzia pertsonala”. 36ko Gerran, esate baterako, Bizkaiko frontean kapitain gisa jardun zuen Lasartek Itxarkundia batailoian, eta sei urte egin zituen preso Burgosko espetxean. Inmakuladak, alabak, aitortzen duenez, “aitak gerra kontuak apenas aipatu ohi zituen etxean. Belaunaldi bereko askorengan ohikoa zen jarrera hartu zuen: oso bizipen mingarriak eta atsekabetuak bizitu dituzunean ondorengoei ez diezu haien berririk transmititu nahi izaten; ez duzu pena edo gorrotoa bezalako sentimendurik zabaldu nahi”.
Lasarte gerraren kontura beti hitz murritz agertu bazen ere, etxekoek, haren lagunen bidez jakin zituzten hainbat gertakizun. Burgosko espetxealdiko egonaldia, besteak beste: “Zelda berean sartuta hainbat preso sardinak latetan bezala egon behar izan zuten, eta elikadura oso kaskarra edukitzen zuten. Bere aita Maximino ere Burgosera eraman zuten preso, abertzale izatea leporatu eta Andoainen atxilotu eta gero. Bada, semeak elikagaietatik ahal zuen guztia gordetzen zion aitari emateko”.
Larritasunak larritasun, denborapasa atseginerako tarteak ere hartu ohi zituzten presoek, Elena Izagirrek gogoratu duen bezala: “Kartzelan, abesbatza osatu zuten presoek, eta Karmelok bertan parte hartu zuen. Izan ere, oso ahots sendoa zuen; egin kontu Lekarozko barnetegian ikasi zuenean ¨urrezko ahotsa¨ deitzen ziotela. Halako batean, abesbatza kartzelatik atera eta Burgosko katedralera eraman zuten, han meza batean abesteko. Nahiz eta presoak abesteko osasunez makal egon, txundituta utzi zituzten Burgosko eliztarrak. Burgosko jendeak, gainera, honako komentarioa egin omen zuen egun hartan: “Gorri horiek ez dauzkate ez isatsik ezta adarrik ere!”.
Karmelok Pakea-n goi kargu batean jardun zuen gerra aurretik, baina Burgostik itzulita lanik topatzen ez zuenez, Arabaolazarekin egin zuen lana basogintzan. Ondorengo urteetan, berriz, Laborden aritu zen; bertan hartu zuen erretiroa.
Gerran ederki sufritu arren, abertzaletasunari eta borrokalari izaerari eutsi zion frankismoan. Aberri egunak urtero-urtero ospatu zituen herrikideekin, baita Gudari Egunak Itxarkundia bataloiko borroka kideekin. “Egun horiek denek ere ezkutuan ospatu behar, noski; bazkari baten inguruan bildu, eta abestu, besterik ezin zen egin orduan”, gaineratu du Izagirrek.
Karmelo Lasarte Maritxu Urrestarazurekin ezkondu zen eta biek hiru seme-alaba izan zituzten. 1995ean hil zen.