Haurtzaroa aipatuta, oso oroitzapen tristeak ditu gogoan; izan ere, hiru urte zituela galdu baitzuen Irenek aita. Gainera, 7 urte zituenean ailegatu zen gerra Andoainera, “dena errekisatu eta etxe guztia hondatuta utzi ziguten, izebei ilea moztu zieten… Graziak ez zen aita bizi, bestela oraindik eta gogorragoa izango baitzen”, adierazi du. 11 urtera arte ibili zen eskolan, hortik aurrera etxean laguntzea egokitu zitzaion, “seme-alabak aurrera ateratzeko, ama trikotan puntua egiten hasi zen; galtzerdiak egiten zituen. Nik etxeko martxa hartu behar izan nuen 11 urte besterik ez nituela. Eskola publikoan ibili nintzen ordura arte, hantxe ikasi nuen orain dakidana. Gerora, 17 urterekin, Jesuitinen kolegioan gaueskolan hasi nintzen pare bat urtez. Han ere zertxobait ikasi nuen”. Amaren bideari jarraiki, 14 urterekin trikotan lan egiteari ekin zion Irenek, “etxean bertan jarri nuen tailerra eta etxeko lanak egin ondoren, trikotarekin jertseak egiten nituen, Ixiar ahizpa eta amaren laguntzaz. Orduan jertseak trikotadorak bakarrik egiten zituen, Andoainen bizpahiru izango ginen, ez ziren dendetan saltzen. Lan asko zen garaian, goizeko 02:00ak arte ere aritzen ginen eta astean 30 bat jertse egingo genuen. Modelo berri bat ateratakoan, uniformearekin bezala ibiltzen ziren andoaindarrak kalean.”. Tartean-tartean, asteburuetan, mendira irteerak egiten zituzten, “mendira joateko, ordea, lanak eginda uztea gustatzen zitzaidan beti. Bezperan egiten nituen askotan, mendira abiatu aurrtik, goizeko 06:30etarako mezetara joaten baikinen. Maldak ez nituen gogoko, baina gustura ibiltzen nintzen”, adierazi du. Erromeriazalea zen andoaindarra, “ahalik eta toki guztietara joaten ginen, baita Villabonara tranbia hartuta ere. Baina ama zorrotza izan genuen. Normala! 32 urterekin alargundu zen eta sei seme-alaba nahiz koinata itsua aurrera atera behar zituen. Zorrotza, baina oso ama ona izan zen. Hil arte zaindu nuen”. Festak iristeko ere beti zain, “Sanjuanak senzillo-senzilloak izaten ziren, su artifizialik gabeak, baina ederki pasatzen genuen. Poxpolinak izan ginen ahizpa eta biok eta dantza emanaldian hartzen genuen parte”.
Ez marxista, ez feminista
28 urterekin ezkondu zen Irene, Andoainen oso ezaguna den Joxe Mari Olazabal herritarrarekin, “amaren etxera ezkondu ginen lehenik. Trikota utzi egin nuen orduan eta lau seme-alaba izan genituen”. Etxeko ardura nahiz seme-alaben zaintzaz gain, Joxe Mari senarrari laguntzen ere makina lan egindakoa da, “telefono deiak hartzen nizkion senarrari eta herritarrak etxera etortzen zirenean ere laguntzen nion. Gustura egin dugu lan herritarren alde, gure etxea denentzat irekita egon da beti”. Katekista modura 25 urtez ibilitakoa da Irene. Haietako bilera batean gertatutako pasartea ez zaio berehalakoan ahaztuko: “dotrina euskaraz ematen genuen baina, bilera guztiak gaztelaniaz egitea ondo bilatzen ez nuela esan nuen behin, non uzten ari ginen euskara. Eta batek ‘racista’ esan zidan. Nik arrazista ezetz, gure etxeko atea lurralde guztietako jendeari ireki zaiola esan nion, arabiar edota ijitoei ere bai, inori ez zaiola ukatu. Baina ez zidan konprenitu”.
Iazko martxoan, Andoaingo martxoaren 8ko kalejiran omenaldia eskaini zioten Ireneri beste hainbat emakumerekin batera, “jaialdia ez zitzaidan guztiz gustatu, folkloriko samarra iruditu zitzaidan. Matxismoaren kontra nago, baina baita feminismoarena ere. Emakumeak ez du gizonaren esklabu izan behar, baina ezin dira emakumea eta gizona parekatu. Bakoitzak bere lekua izan behar du”. Lehengo emakumeek etxeko ardura handiagoa zutela dio, “gizonek kanpoko lana egiten zuten, baina amek hazten genituen umeak. Etxeko martxa ardura handiko lana da eta etxeko administrazioa emakumeak bideratzen du ondoen nire ustez. Egungo emakumeek horretan pixka bat pentsatu beharko lukete, gizonarekin alderatzearekin ez baitugu ezer egiten. Gaur bezala arratsaldero kafetegira joan izan bagina, ez genuen zapatak erosteko ere izango. Kontsumismo gehiegi dago egun”. Gazte garaiko eta egungo bizi ohiturak oso muturrekoak ikusten ditu eta, aukeran, nahiago ditu ordukoak: “umeak, esaterako, etxean hezi beharko lirateke. Gaur, ordea, kalean hezten dira lehenengo, eskolan gero eta etxean azkenik”.
Letra zopak, memoria mantentzeko
Zaletasunen inguruan, eskulanak egitea oraindik oso gustuko du; gantxilloa bereziki, “bahinika eta gurutze puntu ugari egindakoa ere banaiz. Gainerakoan, memoria ondo kontserbatzeko letra zopak edota hitz gurutzatuak egitea ona zela esan zidaten eta 1999az geroztik, 125 liburuxka pasatxo osatu ditut. Andoaindarrekin hitz egin eta haien berri izatea ere oso gogoko dut, ez kuxkuxeroa naizelako, arduratzen naizelako baizik”.