Herritarren txokoa

Garetza baserriko Antonio Kortajarena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko eka. 6a, 10:13

1928ko apirilaren 11n jaio zen Antonio Kortajarena Kortajarena, Zizurkilgo Garetza baserrian. Bederatzi senidetan hirugarrena, makina bat lan egitea egokitu zaio. Bertsotan aritzeko tarterik ere bilatu izan du.

Bost edo sei urte zituela hasi zen eskolara joaten Antonio Kortajarena: “Ez genuen gehiegi ikasi. Nik zortzi urte nituela gerra iritsi zen eta eskolara joateari utzi genion. Gerra amaitu zenean berriz eskolara itzultzean, dena berria zen guretzat. Gure maisua erdalduna zen eta guk ez genekien hitzik ere erdaraz. Ezer gutxi ikasita atera ginen eskolatik. Beldurraren beldurrez joaten ginen eta horrela ez dago ezer ikasterik”.

Gerra garaia
Antoniok zortzi urte zituenean iritsi zen gerra Zizurkilera. “Amabirjin bigarrenean soldaduak etorri ziren gure etxera. Erreketeen kapitaina etorri zen, baserri guztia miatu eta laurogeita hamar gizonentzako tokia zegoela esan zuen. Gu, zazpi ume, auzokoaren etxera joan ginen amonarekin. Erreketeek bolada bat egin zuten han eta joan zirenean, falangistak etorri ziren. Haiek gutxiago ziren, eta etxera itzultzeko aukera izan genuen. Herriko mutilak ere egon ziren etxean, bolada batean. Mutil koxkorra nintzen ni orduan, eta ondo moldatzen nintzen soldadu artean. Ogia ekartzen zuten haientzat, opil txiki batzuk, eta niri handik hartzen ere uzten zidaten. Etxean, bestela, ez zen sobrako askorik izaten. Oilo mordoxka edukitzen genuen, baina amak ez zuen arrautzak biltzen lan handirik izaten”.

Tiroak eta zaurituak
Tiro artean ibiltzea egokitu zitzaion Antoniori behin baino gehiagotan: “Gure etxean falangistak zeuden, eta Zarateko Bentan, berriz, gorriak. Zarateko gainetik bete-betean ikusten da gure etxea, eta hona tiroak botatzen aritzen ziren. Etxekoek askotan esaten zidaten etxetik atera gabe egoteko, baina mutil koxkorra nintzen eta ezin geldirik egon. Etxetik atera eta askotan izan nituen inguruan balen txistu hotsak”.
Zauritutako soldadu baten istorioa ere berritu du Antoniok: “Behin, etxean zeuden soldadu haietako bi mendian gora abiatu ziren, oinez. Anaia eta biok haiekin batera joan ginen, jolasean. Belkoain mendian gorriak zeuden eta ikusi gintuztenean, tiroka hasi zitzaizkigun. Soldaduetako bat iztarrean zauritu zuten. Ahal genuen moduan etxeraino itzuli, eta abere baten gainean eraman zuten zauritutako soldadu hura”.

Andazarraten
Gaixotasunak ere gogor jo zuen Antonio: “Soldaduak etxetik joan eta berehala, gaixotu egin nintzen. Joaten ez zen eztula jarri zitzaidan eta Andazarrateko sanatorioan egin behar izan nuen denboralditxo bat. Handik itzulitakoan, ahal nuen gehien atseden hartzeko eta ondo jateko esan zidaten, beraz, etxean egon beharra izan nuen, geldirik. Aldian behin, plazara joaten nintzen indizioa jartzera. Haiek ziztadak! Oso gaizki jartzen zituen praktikante hark! Sendatu nintzenean hasi nintzen berriz eskolan, ia hamar urterekin”.

Langilea
Lan asko egindakoa da Antonio: “Gerra garaian hil zen aita. Kaietano zuen izena eta oso maitea nuen; elkarrekin egiten genuen lo. Berrogeita bat urterekin hil zen, zazpi ume utzita. Handik denbora batera, bere anaia batekin ezkondu zen nire ama eta beste bi ume izan zituzten. Oso gogor hartzen gintuen hark. Hamalau bat urte nituela, ataundar bat etorri zen lanerako gazte koadrila eskatuz. Zizurkildar mordoa elkartu, eta lanean hasi ginen, pinu kozkorrak biltzen. Ondoren, Andoaingo Mutein aritu nintzen. Amasamendin pinu landarea jartzen ere aritu nintzen bolada batean. Ez zen lantegi ona. Astoa pinuz kargatu eta bi ordu eta erdiko bidea egiten genuen oinez lanerako tokira iritsi arte. Bigarren aita hil zenean, nik hamazazpi urte nituen. Etxean bazen nahikoa lan, eta kanpoko lanak utzita, neroni geratu nintzen etxean”, azaldu du Antoniok.

Festa eta bertsoa
Festarako tarterik ere bilatu du: “Zizurkilgo plazara joaten ginen igandero. Musika jartzen zuten eta plaza jendez beteta egoten zen beti. Oso giro ona sortzen zen. Gainerantzean, inguruko herrietako festetara ere joaten ginen: Villabonara, Asteasura...”. Bertsotan aritzeko zaletasuna ere izan du Antoniok: “Lazkao Txikirekin ere aritu izan nintzen noizbait. Normalean, herriko hiru bertsolari aritzen ginen: Teodoro Mujika, Joxe Antonio Iturbe eta hiruok. Amabirjinetako saioan parte hartzen genuen eta baita beste zenbait plazetan ere”.
Hogeita hamasei urterekin ezkondu, eta lau seme alaben aita da Antonio: “Berandu arte ibili nintzen ni festan. Dagoeneko ez nuen ezkontzeko asmorik, baina hala suertatu, eta ezkondu egin nintzen. Hiru alaba eta seme bat izan nituen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!