Dolores Iztueta Letamendia Leizotz auzoan kokatzen den Etxebeste baserrian jaio zen 1929an, eta bertan bizi da harrezkero. Eskola apenas ezagutu zuen: “Hiru urte egin nituen ikastetxe publikoan, Kale Nagusian zegoen hartan. Gure ama, Maria Letamendia, esnea partitzera herrira jaisten zen astoarekin, eta hari laguntzen nion noizean behin txikitan. Martxa hartu nuenean, hamabi bat urterekin edo, neronek hartu nuen eginkizun hori”.
Izan astegun izan asteburu, Dolores egunero-egunero jaisten zen Andoaingo herrira astoa marmitaz zamatuta. Horrela, ia mende erdia egin zuen, harik eta Joxe Mari Jauregi ilobak autoa erosi eta biak hasi ziren arte.
Aita Larramendi jaio zen Garagorri baserriaren parean dago Etxebeste baserria, eta hango ukuiluan, hamabost bat behi edukitzen zituzten esnetarako. Juanita ahizpa, Prudentzio Jauregi koinatua eta hiruren artean eramaten zuten baserriko ekonomia. Behiak jetzi eta gero, goizeko zortzi eta erdietan abiatzen zen herrirantz. “Zama ezin zen edozein eratara jarri; ondo-ondo lotu beharra zegoen astora. Txarma edo manta bat jartzen nion astoari bizkarrean lehenbizi, marmitak dinbili-danbala ez zitezen ibili bidean. Ondoren, saskia jartzen nuen; honetan, 15 litroko lau marmita eta bost litroko beste bat kabitzen ziren. Horien ondoan litro erdiko txantxilla edo burruntzalia sartzen nuen, eta guztiaren gainean, baserriko produktuak (azenarioak, azelgak, porruak…) txukun-txukun, horiek ere herrian saltzeko”.
Astoak estimu handitan
Doloresek lau bat asto gobernatu zituen, hamabost bat urtekoa izaten baita animalia horren bizitza batez beste. Ez dauka kexarik astoarekiko Doloresek, nahiko umilak izan dituelako denak. “Egoskorra beti izan da astoa, eta behin edo behin esne guztia lurrera ere bota izan dit. Hala ere, niretzat komeriarik handiena euria edo kazkabarra egiten zuenean sortzen zen; bidea irristakor jartzen zen eta behin baino gehiagotan astoak irrist egin, atzeraka egin, irauli eta esnea denak lurrean bukatu zuen!”.
Berbera izan ohi zen oinez egiten zuen joaneko bidea egunero. “Kale Nagusian hasi eta bukatzen zen errepartuko ibilbidea; ederki ikasita egoten ziren astoak! Ondarreta baserri parean izaten nituen lehenbiziko lau esne hartzaileak, eta azkena, Uranga tabernan, Mertxerekin. Itzulerakoan, Zubiaurre etxepean Migel Huizik zeukan kooperatiban geratzen nintzen; esnea eta barazkiak utzi eta etxerako generoa hartzen nuen; dena trukean egiten genuen”. Etxerako bidean, Galardi baserri parean zegoen koskan egiten zuten azken geldialdia astoak eta biek: “Neurriz txikia naiz orain, orduan ere ez nintzen galanta, eta kosta egiten zitzaidanez astoaren gainean jartzea, koska hura erabiltzen nuen, ttak! igotzeko”. Eguerdiko otordurako iristen zen baserrira.
Astoak esanahi handia eduki du bere bizitzan, aitortu duen eran: “Asko maite izan dudan animalia izan da, eta ni bizi naizen artean baserrian asto bat egon behar zuela agindu nuen familian, kapritxoz besterik ez bazen ere; Juanito izena du azken urtetan baserrian daukagun astoak”.
Dolores eta bere astoa tipi-tapa kaleetan barrena, irudi ahaztezina, hunkigarria geratu da andoaindar ugariren oroimenean, eta Doloresek aitortzen duenez, maiz gogorarazten diote hori kalera jaisten den bakanetan: “Gero eta jende gutxiago geratzen da nire ibilerak ezagutu zituena, baina horiek gogoz egiten didate diosala; asko estimatzen nautela sentitzen dut”.
Andoaindarren omenaldia
Martxoaren zortzian, Emakumearen egunarekin batera, zortzi emakume edo emakume talde nabarmentzen dira Andoainen, borrokalariak, ekintzaileak eta emankorrak izateagatik. Bada, Dolores Iztueta izan da horietako bat aurtengoan. Astoaren lokarria ez, lekukoa eraman behar izan zuen Andoaingo kaleetan zehar Kale Jira jendetsuan. Berak ez dio garrantzi handirik eman nahi herrian bera nabarmendu izanari, baina zera aitortu du Milagrosek, Doloresen alabak: “Oso ekitaldi polita izan zen, izugarri emozionatu ginen guztiok ere, Dolores barne, eta esker oneko azaldu nahi genuke antolatzaileekin eta herri osoarekin”.