Herritarren txokoa

Esnarritza Etxeberriko Gabriel, harrijasotzaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:15

Esnarritza Etxeberri baserrian jaio zen Gabriel Iraola Urruzola. Zortzi senidetan bosgarrena, hogei urterekin hasi zen harrijasotzen.

Jose Iraola eta Maria Urruzolaren semea da Gabriel. Bere aita zenak, ez omen zuen semea harrijasotzaile izaterik nahi: “Aitaren baimenik gabe hasi nintzen harria jasotzen. Herrian ikusten nituen horretan aritzen ziren beste batzuk, eta haiei jarraitzea erabaki nuen. Albisu eta Tapiak jokatutako apustuak piztu zidan gogoa. Hasieran aitari ez zitzaion gehiegi gustatu nire erabakia, baina ondoren, bera izan nuen laguntzailerik handiena. Etxean bertan ikasi nuen harria jasotzen, nere kasara, arituaren poderioz. Senideen laguntza handia izan nuen”.

Lehiak
Hogei urte zituela, Azkoitiko kintopeko txapelketan egin zuen lehen saioa: “San Tomas egunean jokatzekoa genuen, baina egun horretan Carrero Blanco hil zuen ETAk, eta egun bat atzeratu zuten saioa. Horixe izan zen nire lehendabiziko txapelketa”. Zenbait apustu jokatutakoa da Gabriel: “Martin Mendizabalekin bi jokatu nituen, Martin Urtainekin beste bat, eta Ostolazarekin azkenekoa. Tartean, harri txikiarekin beste zenbait txapelketa jokatu nituen. Garai hartan, laurogei kilo pisatzen nuen eta harri txikiarekin aritzen nintzen. Laurogeita bost kiloz behekoak lehiatzen ginen motzeko harriarekin. Euskal Herriko hamahiru harrijasotzaile atera ginen eta irabaztea lortu nuen, baita Santomasetako txapelketan ere”.

Tailerra
Hogeita lau urterekin autoak konpontzeko tailerra jarri zuen Gabrielek: “Garai hartan oso sasoi onean nengoen. Harrijasotzen erakustaldi asko ematen nituen eta gero eta zailagoa egiten zitzaidan tailerreko lanarekin bateratzea. Erakustaldietara joatekotan, tailerra itxi egin beharra izaten nuen eta hori ez zen martxa ona. Harrijasotzetik ez zegoen etorkizunik, eta tailerrari heldu nion, harria utzita. Hogeita bost urterekin, sasoi betean nengoenean, erabaki hura hartzea ez zen batere erraza izan, baina halaxe egin nuen”.

Harri handiekin ere bai
Urte batzuk pasa ondoren, ordea, berriz ere ekin zion kirol ibilbideari: “Aszenzio Iturbe alkate zela, herri kirol saioak antolatzen hasi ziren Asteasuko jaietan. Hamasei harrobako harriarekin txapelketa antolatu zuen urte batean, bertako harrijasotzaileentzat. Hamabi kilo eta erdi hartzen ditu harroba batek. Nire anaiek pixka bat berotu ninduten eta ateratzea erabaki nuen, hogeita hemezortzi urte nituela. Hurrengo urteetan, hamazazpi eta hemezortzi harrobatako harriekin egindako saioetan ere atera nintzen. 241 eta 252 kiloko harriekin egin nituen azken saioak, Sanpedroetan. Bi aldiz jaso nuen 252 kiloko harria eta hiru altxaldi eman nizkion 241ekoari. Horiexek izan ziren harri handiekin nik egindako markak. Berrogeita bi urte bete aurretik egin nuen azken saioa. Federazioak kontrolatutako markak izan ziren: harriak behar bezala pisatu, dopingaren aurkako  frogak pasa..., gauzak behar bezala egin nahi izan nituen, zalantzarik gera ez zedin”. 252 kiloko harria etxeko egongelan jarria du Gabrielek. “250 pisatzen duela jartzen badu ere, bi kilo gehiago eman zituen baskulan. Horixe izan zen altxatako azkeneko harria eta etxean jarri nuen, oroigarri”. 

Entrenamenduak
Astean bitan egiten zituen Gabrielek entrenamendu saioak: “Asteazkenetan eta igandetan aritzen nintzen, baserrian bertan. Gainerantzean, garai hartan Ernio izaten zen gure entrenatzeko tokia. Han egindako korrika saioekin fondoa hartzen genuen eta horrek, garrantzia handia du harria jasotzeko. Garai hartan hamar minutuko hiru saio egiten genituen eta mota horretako frogetan ondo irauteko, fondo handia behar da. Kirol gogorra da harriarena, sufrimendu handia ekartzen duena”. Elikaduraz galdetuta, hauxe erantzun du Gabrielek: “Ez genion bereziki begiratzen; etxean zegoena jan eta kitto. Zortzi anai-arreba, gurasoak eta amona bizi ginen baserrian, eta ez zen soberako gauza handirik izaten”.

Zaletasuna
Harriarekiko zaletasun handia zegoen Gabriel aritu zen garaian: “Asteasun bertan hiru gazte aritzen ginen. Frogak ikustera ere jende asko hurbiltzen zen. Mendizabalekin jokatutako apustua ikustera, esaterako, 1.400 pertsona inguru etorri zen”.

Urduritasuna
Gustura ageri da Gabriel harriarekin egindako lanarekin: “Oso urduri jartzen nintzen txapelketen aurretik, baina lanean hastean, urduritasuna kontrolatzea lortzen nuen. Buruan emandako asmoak plazan burutzea lortu nuen beti. Aurretik etxean lan handia egitea ekartzen zidan horrek, baina gustura aritu nintzen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!