Tolosan elkar ezagutu eta gero, 1966an ezkondu ziren Antonio eta Maria Teresa Larre baserrira, 2006an monumentu historiko izendatu zuten baserrira hain zuzen. Sarrerako ate nagusiko arku zorrotzak Erdi Aroan eraikitako etxea izan daitekeela erakusten du. Horrez gain, atearen gainean dagoen harrizko poltsak ere badu bere historia: “San Inazio hemendik pasa zenean, bertan utzi zuen poltsa dela esaten du kondairak”, azaldu du Maria Teresak.
Haurtzaroa gogoan
Maria Teresak Villabonako mojen eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak: “14 urte ingurura arte ibili nintzen bertan. Haurrak ginela, gogoratzen naiz nola joaten ginen mojekin Amasara paseatzera. Horrez gain, gogoan ditut Zorrodore eta Etxe-Ondon jolasean pasatako uneak”. Ikasketak amaitu eta gero, baserriko lanetan hasi zen, baina 20 urte ingururekin, bi urtez, Portu papertegian egin zuen lan. Ondoren, ordea, bere bizimodua baserriari atxiki zitzaion eta gaur arte.
Antonio, berriz, 12 urtera arte ibili omen zen eskolan: “Justukoa ikasi nuen. Umeak ginela, igandeetan, 15-20 lagun biltzen ziren gure etxean. Bazkal ondorenean pilotan eta kartetan jokatzen genuen”. Bizitza guztian, baserriko lanbidea ez den besterik ez du ezagutu Antoniok: “Betidanik baserrian ibili izan naiz lanean. Ikaragarri gustatzen zait. Lan asko egindakoak gara, baina nik ez dut inongo damurik. Baserririk gabe ezingo nuke bizi. Oraindik ere sasoiko nago eta horrek asko laguntzen dit”, azaldu du.
Korrikalari fina
19-20 urterekin korrikarako zaletasuna hartu zuen Antoniok: “Gure auzoan baziren bi anaia, eta haietako bat korrika ibiltzen zen. Soldaduskatik libratzeko korrika hastea gomendatu zidan. Nik hasieran ezezkoa eman nion, sekula ibili gabea nintzelako, baina egun batean entrenatzera irten ginen, izugarrizko izotzarekin; laguna bizikletan eta ni korrika. 30 kilometro inguruko ibilbidea egin genuen. Gustatu eta lasterketetan parte hartzen hasi nintzen”. Hernaniko lasterketa batean, inongo taldetako kide ez zela hartu zuen parte Antoniok. Nonbait, marka polita egin zuen eta Realeko taldetik deitu zioten. “Horrelaxe hasi nintzen Realean. Gainera, bertako kide izan nintzen bitartean futbol partida guztiak ikustera joateko aukera izan nuen, baina futbola gustuko ez nuenez, lehengusua bidaltzen nuen”. Korrikarako zaletasuna zela eta, hiru hilabeteko soldaduska egin zuen Gasteizen: “Soldaduska ona pasa nuen nik”, adierazi du irribarre artean. Soldaduskaren ondoren, herriko festetako lasterketan hartu zuen parte eta orduan, betirako utzi zion lasterketetan parte hartzeari. “Korrikaz gain, aingiretan arrantzan aritzeko izugarrizko afizioa nuen, lehengusuekin joaten nintzen Urumeara”.
Esne saltzaile
Maria Teresa urte askoan esne saltzaile lanetan ibilia da Amasa-Villabonan: “16 urterekin hasi eta orain dela hamar urte arte ibiliko nintzen, gutxi gora-behera. Goizeko 6:00ak aldera, trafiko gutxien zegoenean, karroa trastez beteta hartu eta autobia zeharkatzen genuen. Goizeko 8:00ak inguruan hasten nintzen banatze lanetan. Egunero-egunero banatzen genuen esnea. Esne fresko-freskoa izaten zen, jetzi berria”.
Dantza zalea
Antonio geldirik egon ezin duen horietakoa da, segan, lanean... beti mugimenduan. Oraintxe erdi gaixorik egona da, baina hala ere, berdin-berdin lanean jarraitu du: Intxorra aldatzen, zuhaitzak kimatzen, segan, ardiei kontu egiten... Gaztea zela, dantza saio ederrak egindakoa omen da: “Oialumera askotan joaten ginen. Hurrengo egunean korri egin behar eta, hala ere, berdin-berdin, geratu gabe ibiltzen ginen dantzan. Ikaragarri gustatzen zitzaidan sueltoan egitea. Astigarragako festetan suelto txapelketa batean hartu nuen parte. Nik Hernaniko Txalakakoa nahi nuen bikote moduan, baina sekula dantzan ibili gabekoarekin jarri ninduten eta ez genuen irabazi”, azaldu du.