Juan Otaño eta Valentina Giraldoren lau alabetan zaharrena da Anparo. Errenterian jaio zen eta bertan egin zituen bere bizitzako lehen urteak, amaren aldeko aiton-amonekin. Hamairu urte zituela etorri zen Zizurkilgo Satxota baserrira. “Nire aita zena, guarda edo basozain lanetan ibiltzen zen. Inguruko mendietan sua ikusi edo beste zerbait gertatzen bazen, Lasarteko Abalotz ingurura joaten zen, abisua ematera”.
Satxota, urruti
Satxotako bizimodua gogorra zela azaldu du Anparok: “Oso urruti zegoen baserria. Villabonara joateko, bi orduko bidea genuen, oinez. Bertara bizitzera joan eta lehendabiziko hilabetetan argindarra izan genuen; errekako uraren indarrez lortzen genuen argindar hura. Uholde batzuen eraginez, ordea, ur depositua hautsi egin zen eta ez genuen gehiago argindarrik izan”.
Baserriko lanetatik bizi ziren Satxotako familiako kideak. “Behiak, ardiak, oiloak, baratzea..., horiek genituen. Artzaina ere ibiltzen zen Satxotako sailetan eta hura joaten zenean egiten genituen guk belar onduak. Goizean jaiki, gosaldu eta ukuiluko lanetan aritzen nintzen egunero. Larunbatetan, berriz, azokara jaisten ginen; etxeko produktuak saldu eta erosketak egitera”.
Lokatza
Bide luzea zuten Satxotatik Villabonara: “Bi orduko bidea genuen oinez, Itzumitz baserrian barrena. Garai hartan ez zegoen autoentzako biderik Satxota ingurura iristeko eta behorraren laguntzaz eramaten genituen gauzak. Gurdibidea zen, baina oso lokaztua egoten zen. Behin baino gehiagotan geratu ginen abarkak lokatz artean trabatuta; eskuak lokatzetan sartu, abarkak atera, eta segi bideari! Zubiaurretxo ingurura iritsitakoan, errekan garbitzen genituen hankak, kalera joan aurretik”.
Kandelen argia
Argindarrik ezean, kandelekin moldatzen ziren ilunpean ibiltzeko: “Garai hartan, baserriaren erdia belar onduz beteta edukitzen genuen. Gure geletara joateko, belar pilen ondotik pasa beharra izaten genuen, kandelak hartuta. Harrituta nago nola ez genuen sekula suterik izan baserri hartan”.
Eskola garaiak ere gogoan izan ditu Anparok. “Umetan Errenterian bizi nintzenez, bertako eskolara joan nintzen. Satxotara etorritakoan, berriz, monjen ikastetxera joan nintzen, bi urtez. Ez genuen gauza handiegirik egin, baina hantxe aritzen ginen. Garai hartan, ez genuen graduaturik ere ateratzerik izan. Urte batean, iraila iritsi eta eskolara itzultzean, moja sartzeko proposamena egin zidaten. Maleta hartu eta etxera etortzea erabaki nuen”.
Anparok hamazazpi urte zituenean, istripua izan zuen bere aitak: “Irazu baserriko Xantirekin batera izan zuen istripua, eta Iruñeko ospitalean egin zituen egun batzuk. Ama ere hara joan zen eta ni bakar-bakarrik geratu nintzen Satxotan. Eguneko nekeak eraginda, gauez lo egiten nuen, beldurrari denborarik utzi gabe. Egunez, ordea, zakurrak zaunkatu orduko beldurrez jartzen nintzen, inguruan nor ote zebilen pentsatuz”.
Atxulondo
Atxulondoko burdinola oso gertu zuten, eta nahiko maiz pasatzen ziren inguru hartatik: “Abalotz aldera joateko Atxulondotik pasatzen ginen. Udara aldean egiten genuen gehiago bide hura. Neguan, erreka handiagoa etortzen zen eta Abalotzerako bidean behin baino gehiagotan gurutzatu behar genuenez, ez zen hain erraza izaten”.
Jaiak eta korrika saioa
Jaietan ibiltzeko tarterik ere hartu zuen Anparok: “Adunara joaten nintzen, biderik egokiena horixe egiten zitzaidalako. Hemezortzi bat urterekin hasi nintzen festara ateratzen eta hamarretarako etxeratzen ginen. Urte batean gogoan dut, Adunako festetan goizeko hiruak arte ibili ondoren, korrika saio ederra eginda etxeratu nintzela. Estratan barrena ondo joan nintzen, baina Gelitako gainera iritsi nintzenean nire itzalarekin beldurtu, eta korrika batean iritsi nintzen Satxotara”.
Satxota, erorita
Hogeita hiru urterekin ezkondu zen Loidi baserrira eta hantxe bizi da geroztik. “Gurasoek Satxotan jarraitu zuten harik eta ahizpa gazteena ezkondu eta haurdun geratu zen arte. Hari laguntzeko jaitsi ziren baserritik. Geroztik, ez da beste inor bizitu izan Satxotan eta gaur egun, erorita eta sasiak hartuta dago”.