Zazpi senidetan hirugarrena da Joxe Anjel. Asteasun jaio zen eta bertan bizi da gaur egun ere. Gaztetan piztu zitzaion herri kirolekiko zaletasuna: “Amezketako harri txapelketa ikustera joan nintzen hogeita bost urte inguru nituenean. Hantxe sortu zitzaidan harriekin froga egiteko grina. Amezketako harria jasotzeko gai ote nintzen jakin nahi nuen. Iñaki Gorostidirengana jo nuen, harri jasotzen ikastera. Iñakik garbi esan zidan Amezketako harriarekin saiakera egiterako, 200 kiloko harria jasotzeko gai izan behar nuela. Lau urteren buruan lortu nuen helburu hori; Amezketako harria jaso nuen”.
Osaba ere, harri-jasotzaile
Etxean bazen harri-jasotzailerik aurretik ere. “Nire osaba Joxe Mari Sarasola harri-jasotzailea izan zen. Ni, ordea, oso umea nintzen hura harriarekin ibili zen garaian, eta ez nuen giro hura etxean gehiegi bizi izan. Geroxeago piztu zitzaidan zaletasuna. Iñaki Gorostidirekin aritu nintzen beti, hark erakutsi zidan harria jasotzen”.
Hamar urteko ibilbidea egin zuen Joxe Anjelek harriarekin: “Txapelketak, erakustaldiak.., asko ibili nintzen batetik bestera. Euskal Herriko txoko gehienak ezagutu nituen harriari esker eta hemendik kanpora ere ibili nintzen behin baino gehiagotan; Australia, Marsella, Paris, Bartzelona, Madrid, Huelva..., toki asko ezagutu nituen. Harria jasotzeak duen gauzarik politenetakoa da horixe; tokiak eta jendea ezagutzeko ematen duen bidea. Lagun asko egin ditut herri kirolei esker”.
Atzerrian ere ibilia
Sidneyko euskal etxearen bidez joan ziren Australiara: “Hilabete osoa pasa genuen bertan, erakustaldiak eskainiz. Oso harrera ona egin ziguten eta gustura ibili ginen. Askotan pentsatzen dugu aizkolariak hemen bakarrik daudela, baina Australian ere aritzen dira, eta oso ondo prestatutako azpiegiturak dituzte. Harrituta gelditu ginen aizkorak han duen indarrarekin. Euskal Herrian 120 aizkolari dago federatuta, Australian, 2000tik gora dira. Lanerako oso modu ezberdina dute; enbor bakarrera aritzen dira eta eukalipto egurra erabiltzen dute gehienbat”.
Noranahi joanda ere, harrera ona izan zutela sentitu zuen beti Joxe Anjelek: “Oso kirol bitxiak direla iruditzen zaie hemendik kanpora, eta harriduraz begiratzen gintuzten. Beti oso gustura sentitu izan gara joandako tokietan. Gure kirolak gure kulturaren zati dira eta horixe zabaltzen saiatu izan gara beti”.
Hamar urtez harri-jasotzen ibili ondoren, kirola uzteko erabakia hartu zuen Joxe Anjelek: “Nire bidea egina nuela iruditu zitzaidan. Adinez ere aurrera nindoan eta bizimodua beste modu batera antolatzeko garaia zela sentitu nuen. Geroz eta sarriago lesioak izaten hasi nintzen, gerriko minez nahiko maiz ibiltzen nintzen eta utzi egin nuen. Inork gutxik sinetsi zuen utziko nuenik, baina halaxe egin nuen”.
Esatari lanetan
Herri kirolen munduarekin harreman zuzena du Joxe Anjelek oraindik ere. “Harri-jasotzaile nintzen garaian, erakustaldietan batez ere, esatarien beharra zegoela iruditzen zitzaidan. Aurkezlerik ezean, ikusleek ez zuten jakiten ez kirolariak zein ziren ezta zein lan egin behar zuten ere. Egoera horri irtenbidea eman nahian, esatari lanetan hastea erabaki nuen. Lan horretan nabil gaur egun”.
Euskal Herri osoan barrena ibiltzen da Joxe Anjel: “Motorrean ibiltzen naiz batera eta bestera eta modu horretan, nire bi zaletasunak uztartzen ditut; herri kirolak eta motorrak. Esatari ibiltzeak denbora eskatzen dit, baina ez harri-jasotzeak adina. Esatariak ez du entrenamendurik egin beharrik; saiora joan, azalpenak eman, eta amaitzean, etxera. Oso giro ona dago herri kirolen munduan; giro sano eta euskalduna, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa pizten dit”.
Eskualdeko harrobia
Eskualdean indar berezia hartu du aizkorak azken urteotan. “Asteasuko Alkizalete, Zizurkilgo Otaegi eta Irazu, Ibarrako aizkolariak..., jende asko dabil aizkoran, oso maila onean. Zaleen aldetik ere, indar handia dago hemen. Duela aste gutxi Asteasun egindako harri handien txapelketarako jende ugari gerturatu zen eta horrek garbi uzten du jendearen gustukoa dela. Asteasuk harri-jasotzaile asko eman du eta zaletasuna bizirik dago oraindik ere. Gerra ondoren, Lizume eta Ureta arteko apustuak sonatuak izan ziren. Geroxeago, Jexux Albizu, Tapia, Agerre, Sarasola, Iraola..., asko izan dira mundu honetan ibilitakoak”.