Baserriari lotutako bizimodua da Lontxorena. “Gurasoak ere baserritarrak nituen. Ama, Dionisia Otaegi, larrauldarra zen eta aita, Juan Jose Iraola, Adunako Altzarte baserrikoa. Euren bizimodua beti egon izan zen baserriari lotua eta baita neronena ere. Ume umetan hasi nintzen baserriko lanetan laguntzen. Gogoan dut nola hamar urte nituela sega pikatzen aritzen nintzen, baita segaz belarra ebakitzen ere. Gaur egun ez zaigu burutik pasa ere egiten ume bat segarekin lanean jartzerik, baina gure garaian horrela izaten ziren gauzak”, azaldu du Lontxok.
Dionisio maisua
Sei urte betetakoan hasi zen Lontxo eskolan. “Urnietako irakasle bat etortzen zen, erdaldun petoa. Ez genion gauza handirik ulertzen baina hantxe egon beharra izaten genuen. Dionisio zuen izena eta oso gogoan dut nola jotzen gintuen erregelarekin. Biderketako tablak erakustea gustatzen zitzaion eta baita soldadutzarako karrera ere. Militarra zen eta horretan jartzen gintuen bere gelako umeak”.
Burruntziak eskolan
Adunako udaletxe zaharraren azpialdean hartzen zituzten eskolak. “Nik hamar bat urte nituen arte ez zen berogailurik eskolan eta burruntzi ederrak egoten ziren zintzilika zenbait egunetan. Neskak eta mutilak, denak elkarrekin aritzen ginen, adin guztietakoak nahastuan. Hamalau urte arte joan nintzen eskolara. Ondoren, baserriko lanetan hasi nintzen buru-belarri”, eskolako garaian ere ez zen lanik egin gabea Lontxo: “Eskolara joan aurretik, etxeko idiak larrera eramaten nituen, mendira. Menditik etxera itzuli, gosaldu, eta ondoren joaten nintzen eskolara. Eguerdiko 12:00etan amaitzen genuen, baina behin baino gehiagotan atera behar izaten nuen lehenago, aitari mendira bazkaria emateko. Behiak jetzi, txerriak larrera atera, oiloak gobernatu..., horrelakoak ere egiten genituen”.
Jaunartzeak
Lau jaunartze egindakoa da Lontxo: “Lau komunio lau urtetan. Zerua ederki irabazita daukat! On Jose Bidaeta zen apaiz Adunan eta zaplazteko ederrak ematen zizkigun mezetara joaten ez baginen edota bihurrikeriaren bat egiten bagenuen. Zuzen ibili beharra zegoen haren ondoan!”.
Etxerako errepidea
Lontxo ume zela, ez zegoen errepiderik Altzarte baserrira joateko. Duela berrogeita zazpi urte egin zuten, etxekoen artean. “Bitartean, lokaztutako bidexka bat besterik ez genuen etxera joateko. Etxera zapatak lokatzez zikinduta eramanez gero errieta egiten ziguten, gainera! Aitzurrean, pixkanaka egin genuen baserriko bide berria eta ondoren, galtzada jarri genuen harriz harri. Haren gainean todo uno edo zagorra bota zuten kamioietan ekarrita. Halaxe egin ziren Adunako baserrietako bideak. Lan asko egiten zen garai hartan”.
Autoak gidatzeko baimena atera zuen Lontxok duela urte batzuk, baina ez du inoiz autorik hartu; motorrean ibiltzen da. Garai batean, ordea, oinez joaten ziren batetik bestera. “Ez zegoen besterik. Oinetakoak ere ez ziren oso kalitate onekoak izaten eta oso erraz hausten ziren. Gogoan dut Villabonako Santio festetara nola joan nintzen behin, zapata puskatua alanbre batekin lotuta, zarata handia atereaz!”, dio Lontxok umoretsu.
Beti lanean
Baserriko lanetan ez ezik, etxetik kanpora ere aritu zen Lontxo. “Hogeita hamar urte egin bitartean, mendiko lanetan ibili nintzen. Bazterrak garbitu, egurra bota, aitzurrean..., garai horietan ez zegoen motozerrarik eta trontzerrarekin botatzen genituen arbolak. Aduna, Zizurkil, Andoain, Asteasu, Larraul, Berastegi, Beizama..., mendi askotan ibili ginen eta txoko asko ezagutu nituen. Adunako torloju fabrikan hasi nintzen hogeita hamar urterekin, eta bertan aritu nintzen ia fabrika itxi zen arte”.
Sagardogintzan tradizio luzea duen herria da Aduna eta Altzarten ere urte askotan egin izan sagardoa. “Sagar bilketan saio luzeak egindakoak gara. Etxerako sagardoa egiten genuen, lau bat barrika. Noiz edo noiz sagarra saldu ere egin izan dugu”.