Zakuneko ahizpak ezizenez ezagunak dira Arantxa eta Elena. Euren aita Bittorri, taxi-gidaria zenari, deitzen zioten Zaku sabel handia zuelako, nonbait: “El taxista de las parteras ere deitzen zioten, erditze asko izan baitzituen kotxean. Umore oneko gizona zen eta askotan lagun artean bertsotan aritzen zen. 72 urterekin hil zen”, azaldu du Arantxak. 1929 urte inguruan ireki zuten gaur egun ezagutzen dugun Ongi Etorri taberna. Garai hartan porroiak eta kazuelatxoak ematen omen zituzten. 1941ean hauen ama Joxepak eskualdatze baten bidez erosi omen zuen jatetxea, bakarrik, beste bi neskame lagun zituela: “Jende askok gure ama ez zuen ezagutu ere egin. Sukaldean pasatzen zuen egun osoa. Oso gustuko zuen lana zeukan eta langilea zen, baina umila ere bai. Sekula ez genion entzun nekatua zegoenik, ez zen batere kexatzen. 95 urterekin hil zen eta 90 urtera arte sukaldean egon zen. Guri gauzak nola egin esaten zigun”, kontatu dute.
Villabonatik Uztaritzera
Villabonako mojetan egin zituzten oinarrizko ikasketak bi ahizpek: “Orduan ez genuen politikaren inguruko ereserkirik abesten, baina euskaraz hitz egitea erabat debekatuta geneukan, baita dantzan egitea ere”, azaldu du Arantxak. Dantza kontuak aipatutakoan, anekdota bitxi bat ekarri du gogora azken honek: “Garai hartan Villabonan igandero banda izaten zen plazan. Bertan beste neska batekin ibili nintzen dantzan, baina bitartean, eskolako kideren bat zelatan eduki nuen nonbait! Hurrengo egunean eskolara joan nintzenean mojak zigortu egin ninduen. Soy una gran bailarina esaldia mila aldiz kopiatu behar izan nuen. Aitak kalko papera erosi eta berak lagundu zidan zigorra betetzen”. Hamabi urte ingururekin Elena Hondarribiko Hijas de la Cruz ikastetxera joan zen barneko ikasle moduan. Bertan urtebete egin ondoren, Uztaritzera joan zen. Arantxa ere Uztaritzen egon zen hiru urtez: “Urtean hiru aldiz bakarrik etortzen ginen etxera: Gabonetan, Aste Santuan eta udan. Ikastetxean, aurreneko egunak negarrez pasatzen genituen, oso gogorra izaten zen. Eskutitzak jasotzen genituenean irekiak egoten ziren, aurrez mojek irakurtzen zizkiguten”. Ikastetxe honetan hizkuntza ofiziala frantsesa zenez, primeran ikasi zuten bi ahizpek frantsesez hitz egiten: “Hasieran barre egiten ziguten, oso gutxi genekiela joan baikinen hara, baina denborarekin oso ondo ikasi genuen. Gerora, jatetxean erabiltzeko asko balio izan zigun, garai hartan frantses asko etortzen baitzen Villabonara”.
Udan lanez lepo
1977 urtera arte Nazional-1 errepidea Villabona erdi-erditik igarotzen zen. Hori dela eta, jende askok zapaldu zuen Ongi Etorri taberna. Tartean, frantses asko eta asko: “Uda guztian frantsesarekin egiten zen lan. Eguraldi ona zenetan kanpoan mahai luze-luze bat jartzen genuen; bertako mahai-tresneria ere desberdina izaten zen, garestiagoa izango zen. Garai haietan, Serenoa etortzen zen taberna noiz itxi behar zen esatera. Udako egun batean, jatetxea jendez lepo geneukan eta behar baino beranduago itxi genuen. Zigor moduan isuna jarri ziguten”.
Jatetxeko lanaz gain, euren ama Joxepak emagin edo erizain lanak egin behar izan omen zituen egunen batean: “Tolosako emakume bat zela uste dugu. Taxi batean ospitalera abiatu zen, baina gidariak gure etxera deitu zuen amari ur beroa eta toailak presta zitzala eskatuz. Haur hura gure etxean jaio zen, eta komunioa egin zuenean tarta bat bidali zuten etxera”, gogoratu dute ahizpek.
Familiako negozioa
Arantxa eta Elena ahizpa maiteak izan dira beti: “Oso ondo moldatu izan gara. Hasieran biok zerbitzatzen genituen mahaiak eta ama egoten zen sukaldean. Igandeetan jendea mezetatik ateratzen zenean hamaiketakoa egitera etortzen zen. Lehenengo txuriak hartzen zituzten eta ondoren, bermuta. Martini etxeak gure aitari saria eman zion bermuta asko saltzeagatik. Era berezian prestatzen zuen eta jendeari ikaragarri gustatzen zitzaion”.