Don Anjel Ferrer irakasle zutela bost urterekin hasi zen San Millan eskolan ikasten. Gaur egungo moduan, San Millan eskolan bi ate zeuden; ezkerretik neskak sartzen ziren eta eskuineko atetik, berriz, mutilak: “Denetarik ikasten genuen aritmetika, gramatika, geografia… Hori bai, guztia gazteleraz. Halere, gure artean uzten ziguten euskaraz egiten. Irakasleak senar-emazteak, errepublikarrak ziren”, azaldu du Migelek. Bigarren Errepublika betean, Errepublikar bandera izaten zuten eskolan jarrita. Ondoren, Frankismoa etorri zenean, ordea, gauzak aldatu egin ziren: “Maisu horiek ihesi joan behar izan zuten eta Frankismoarekin beste irakasle batzuk izan genituen”.
Eskolatik lanera
Hamalau urterekin eskolatik irten, eta berehala lanean hasi zen Migel. Langintza askotan aritua dela aitortu du, baina urterik gehienak okindegian egin zituen: “Lehenik, baserri batean, ganadu parea lotu eta goldean aritu nintzen hilabete batzuetan. Normalean, artoa egiteko garaian izaten zen, maiatza inguruan. Ondoren, landareen mintegi batean hasi nintzen lanean Amasan. Han landarea egin, mandoan hartu eta mendira joaten ginen haiek landatzera. Urtebete inguru egin nuen bertan. Handik Talleres Adunara joan nintzen, torlojuak egiten ziren fabrikara eta han hiru urte inguru egin nituen. Ondoren, Alkorta okindegian hasi nintzen lanean. Etxe ondoan zegoen okindegia eta jabeak bertan lan egin nahi ote nuen galdetu zidan. Orduan gose handia zegoen eta nik asko estimatu nuen, ogia nahi adina eramaten bainuen etxera”. Lanean urte batzuk igaro ondoren, 22 urterekin soldadu joan behar izan zuen Migelek Logroñora, 1950. urtean hain zuzen: “Bertan arrantxero lanak egin nituen, Casablanca izeneko finkan. Soldaduek berebiziko terrenoak zituzten eta 30 lagun egoten ginen finkan. Bertan mahatsa, garagarra, garia, eta abar egiten ziren. Besteak lanean eta ni haiei otorduak prestatzen egoten nintzen, sukalde txiki eta zerri batean”, azaldu du. 18 hilabeteren ondoren, etxera itzuli eta handik bi urtera, Arantxa Mujika billabonatarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen. 1956an, Villabonako Arriaran fabrika berritu berrira joan zen lanera.
Gerra Zizurkilen
Askok dakiten moduan, 1936ko uztailaren 18an hasi zen Gerra Zibila, Migelek 7 urte zituen garaian: “Batzuetan, gure ganbara soldaduz betea egoten zen. Gure amak ere makina bat bider jarri zien otordua eta ondoren ‘qué bueno está, Maria’ esaten zuten”. Egunero, gorriak Zaraten egoten ziren eta nazionalak, berriz, Belkoainen. Belkoaindik Zaratera kanoikada bota zuten nazionalek eta Zarateko baserrian lehertu zen, oraindik ere han omen daude markak. Gerra ondorenean izugarrizko gosea pasa zutela gogoratu du Migelek: “Ez ogi, ez olio, ez lan, ez zegoen ezer. Berehala errazionamendu-liburuxkarekin hasi ginen eta 1950. urtera arte iraun zuen. Momentu batean, ez zen ogirik ere. Boilo hori baten modukoa lehenik eta ondoren ogi beltza izan genuen. Geroago, estraperloan lortutako ogi zuria izan zen. Gerra ondorenean, goseaz gain, II. Mundu Gerrak eragin handia izan zuen, guztiak behera egin zuen”.
Dantzan eta bertsotan
Dantzarako zaletasuna izanik, 16 urterekin hasi zen ikasten: “Asko gustatzen zitzaidan. Amasan ere dantzatu genuen. Eguraldi txarra zenean, Pantxikaneko jantokian egiten genituen entseguak. Ezpata dantza ikasi genuen; dantza bizkaitarra zela esaten zuten”.
Bertsotan ere badaki Migel Mujikak. Gustatu, eta lagun artean aritzen omen ziren: “Antonio Kortajarena, Juan Ormazabal, Jose Antonio Iturbe eta anaia Teodoro izaten ginela uste dut, baten bat ahaztuko zitzaidan seguru. Ni ez naiz bertsolari ona izan. Teodoro moldatzen zen fin”. 1950 inguruan, ez du zehazki gogoratzen Migelek, afizionatuen bertsolari txapelketa batean hartu zuten parte Migel eta Teodoro anaiek: “Donostiako La Perlan kantatu genuen, jendez lepo zegoen eta izugarrizko txaloak jaso genituen. Nire bertsoak ez ziren denak onak baina moldatu ginen. Oraindik gogoan dut Teodorok abestu zuen lehen bertsoa:
Zoragarrizko zuhaitz ederra
hosto lore eta guzti
udaberria senti orduko
txoriyak hemen gatozti.
Jende guztiya poztu nayian
gure kantu ta abesti
ongi etorri entzule denoi
hau nork hartuko du gaizki?
Euskaldunaren bihotza beti
estima zazu Donosti.