Patziku Goizuetan jaio zen 1919ko irailaren 4an, Ferminenea baserrian. Heriotzak eragindako atsekabea oso gaztetan ezagutu zuen etxean. “Zortzi senide ginen baserrian, baina bi agudo joan zitzaizkigun. Lazaro, anaia zaharrena, 36ko Gerrara eraman zuten frankistek kintekin. Ebroko frontean hil zuten”. Hamabost urteko Juanito, berriz, Lazarorena gertatu eta handik hilabetera nola hil zen gogoratzen du Patxik, penaz. “Etxean geneukan eskopeta zaharrarekin gertatu zen. Umeak izan, Lazarok ganbaran edukitzen zuen eskopeta zaharra hartu eta jostaketan hasi ginen. Kargatuta zegoela jakin ez, eta deskuidu batean, buruan bete-betean jo zuen tiro batek”.
Garai haietan senide ugariko familietan ohikoa zena gertatu zitzaion Patxiri: oso gazterik morroi lanetara irten beharra baserritik. “Aita abeltzaina zen baina baserriak ez zuen ematen familia osoa sostengatzeko, eta Astigarragako baserri batera bidali ninduten, hamaika urte nituela; aurrez, hiru urte eskas egin nituen eskolan, sinatzen ikasteko lain!”.
Oroitzapen mikatza eragiten dio Astigarragako bizialdiak. “Ume bat besterik ez nintzen orduan, baina baserriko zeregin guztiak egin behar izaten nituen goizetik gauera, hiru bat urtez. Etxeko jaunak eguneko pezeta bat agindu arren, diru hura ikusteko nago oraindik…”.
Baserria utzi arren, basoko morrontzan jarraitu zuen. “Osabak Leitzaranera eraman ninduen halako batean, Andoaingo Ebaristo Barriola eta Joakin Arratibelen agindutara. Gogoan dut Goizuetan hiru bat egun egin, galtza bonbatxoak pardelean sartu eta nola joan nintzen Leitzarango basoetara, ezjakinean etxera inoiz gehiago itzuliko ote nintzen. Huraxe da bizimodu tristea hamabost urteko gaztetxo batentzat!”.
Patxik ikazkin lanetan jardun zuen makina bat urtez Leitzaranen. “Zuhaitzak aizkoraz ebaki eta egurrarekin ikatz txondorra egitea zen gure zeregina. Orduan ez zegoen ez bonbonarik ez antzekorik, eta egur ikatza izugarri estimatzen zen. Tarteka, Inazio Barriola kamioi zalea eta biok Donostiara joaten ginen; 40-50 kiloko ikatz zakuak bizkarrean hartu eta kasu askotan igogailurik ez zuten etxeetan aritzen ginen!”.
Lanbidearen baldintzetaz galdetuta, kopeta zimurtu eta hasperen txikia egiten du Patxik, erantzun aurretik. “Basapiztien bizimodua zen hura, zerri eginda ibiltzen ginen beti. Ollokiko Karpoenea baserrian bizi ginen, garotan-eta lo eginez”. Txondorra egitearen arriskuak ere ez dauzka ahaztuta, eta bizitutako istripu ugarietatik, bat nabarmendu digu: “Piztuta geneukan txondorrak barrua nahiko hustua zeukan batean, bertara erori, eta itota hil zen lankide bat. Jose Mari Huizi zen, Lesakako gaztea”.
Egia da Leitzarango bazterrak ederki ezagutu zituela, baina nekez jo dezake leku idilikotzat bailara hura, gaur egun askok daukaten bezala: “Hogeita zazpi urtez jardun nuen ikazkin gisa; Mustar, Ameraun, Bertxin eta antzeko beste parajeetara mugatu zen nire bizimodua, eta hantxe utzi nuen gazte garaiko sasoi gehiena”.
Aurrera segi aurretik, hala ere, Patxik gogoratu du estatuko beste hainbat leku ezagutzera derrigortu zutela bolada hartan. Izan ere, sei urteko soldaduska egin behar izan zuen tartean, 36ko Gerra bukatu berritan. “Zaragozan lizentziatu noizbait, eta bizi beharrak Leitzaranera itzul arazi ninduen berriro. Zer erremedio!”.
Beltzetik zurirako aldaketa
Patxi Arribillagari oroitzapen gozoagoak dakarzkiote Leitzaran utzi eta handik aurrera bizitutako urteek. “60 urterekin jubilatu nintzen arte, Añorgako Rezolan lehenbizi eta Zumea Plazan egon ohi zen Alfixen gero aritu nintzen jornalpean”. Andoainen, Kale Nagusian jarri zen bizitzen, eta bertan, 1966an, gerora bere emaztea izango zen Maite Romero ezagutu zuen. “Emakume on puska zen, eta bizitzako urterik gozagarrienak bizitu genituen elkarrekin. Orain hamar urte hil zitzaidan”. Bizitzan pena bakarra geratu zaiola aitortzen du Patxik: “elkar lehenago ezagutu ez izana”.
Bi urte daramatza Andoaingo zahar egoitzan. Nahiz eta bere osasunak hainbat oker pairatu (besikula kentzea, besoa eta izterrezurra haustea...) eta aulki kurpildun batera makurtu behar izan azken aldian, ez du beti alboan eraman izan duen umorea galdu. “Jatorrak dira etxe honetako zaintzaile guztiak, eta nik mundu guztiari egiten diot diosala. Hizketa saioa nahi duenak, badaki Patxi prest edukiko duela”.