Etxean betidanik ezagutu du Celestinok ganadua, behiak izaten omen zituzten, Suizak, denetarik egiten zutenak: esnea eman, uztarrian… Hamar izatera ere iritsi omen ziren. “Iturriotz ondoan bagenuen sail eder bat. Behiak uztarrian lotu, sega eta eskuarea bizkarrean hartu, eta bertaraino joaten ginen belarretara”, esan du. Auzolana, ere, lehen gehiago egiten zela aipatu du. Garia eta artoa egiten ondokoari laguntzen omen zitzaion, baina egun batetik bestera konfiantza galdu eta laguntze hori bukatu egin zen. Halere, Amasiturrikoek beti izan zuten laguntza: “Gure ama ondoko baserrikoa zen; hango semeak, beraz, gure lehengusuak. Haiek idi parea zuten eta ondo moldatzen ginenez, soro lanean laguntzen ziguten. Askotan aritzen ginen elkarlanean”, esan du.
Eskolatik aroztegira
Celestino sei urterekin hasi zen eskolan, Elizmendin. Halere, klase partikularrak jasotzera kalera jaisten omen zen: “Guk maistra genuen, eta haiek ere euskaldunak zirenez, ikasketa gehienak euskaraz egin nituen, baina bolada bat egon zen euskaraz egiteagatik zigortzen gintuztenekoa”, adierazi du. Hamabi urterekin ikasketak bukatu eta urte batzuetan monagilo lanetan ibili zen Celestino. Hamasei urterekin, berriz, Villabonako Sorrondegi aroztegi eta zerrategian hasi zen lanean: “Bertan ez genuen asko ikasi, mendira bidaltzen gintuzten materialaren bila, lan asko egiten genuen eta irabazi gutxi”, esan du. Gero, Andoaingo Belamendia aroztegira joan zen Celestino eta bertan ikasi omen zuen lanbidea.
Soldaduska Burgosen
Hogeita bi urte egindakoan joan zen soldadu Burgosera. Aurrez aroztegian zertxobait ikasia zuenez, tailerrean ibili zen lanean. Guztira, 16-17 hilabete egin zituen Burgosen eta hiru hilabeteko baimena lortu zuenean, hogeita hiru urte bete zituenean, etorri zen bisitan etxera. Goserik ez omen zuen pasa bertan; etxetik ere dirua bidaltzen ziotenez, ondo moldatu zen: “Egunero tabernara joaten ginen kazuelatxoa jatera. Lotara joan aurretik, bidean mahatsa erosten genuen eta ondoren ohean etzanda geunden bitartean jaten genuen. Nik hala esaten nien nire lagunei: Gure herrian apaizek eta medikuek egiten dutena egiten diagu guk hemen”, kontatu du. Horrez gain, goizetan ere nahiko lo egiten zuen Celestinok soldaduskan: “Lagun bat mekanikoa genuen eta hark garajeko atea irekitzen zigun. Bertan kamionetak egoten zirenez, hantxe egiten genuen lo goizeko bederatziak arte, gutxi gora behera”, aipatu du. Soldaduska gogora ekarriz, ondorengo pasarte xelebrea kontatu du irribarre artean: “Gasteizko batek besoa puskatu zuen eta egun hartan niri tokatzen zitzaidan asistente lanak egitea. Bigarren pisuan zegoen eta lehenengo, trajea eramateko eskatu zidan. Trajearekin joan nintzenean, zapatak eramateko. Gau hartan, paisanoz jantzi eta zirkoa ikustera joan nintzen, hurrengo goizera arte ez ninduen ikusi, alproja hark!”.
Erlijio ohiturak
Oraingoen aldean, apaizek errespetu handia ematen zutela esan du Ceslestinok: “Kalean ikusi eta eskuan muin eman eta ‘ave maria purisima’ esan behar izaten genien”. Garai batean, Asteasun lau apaiz egon zirenaren oroitzapena du Celestinok eta orain, apaiz bakarra lau herritako mezak egiten ari dela esan du. Horrez gain, gaixo zeudenen etxera bedeinkapena ematera kanpai txikia joaz joaten omen ziren eta etxeetako soroak eta baserriak ere bedeinkatzen omen ziren; ondoren, ordainsari gisa oilaskoak edota arrautzak ematen omen ziren. Ilurdi baserrian gertatu zena ekarri du gogora Celestinok: “Ilurdi baserria urruti zegoenez, apaizak Andazarratetik bedeinkatu zuen baserria. Hurrengo egunean, apaiza eta etxeko jabea kalean elkartu eta apaizak hala esan omen zion: ‘Atzo izan nintzen zuen etxea bedeinkatzen!’ Eta besteak erantzun: ‘Bai, nik ere oilaskoak bidali nituen, baina, nonbait, ez ziren iritsi!’”.
Gerra eta gerra ondorena
Gerra piztu zenean, Celestinok sei urte besterik ez zituenez, ez ditu oroitzapenak oso garbi, baina gogoan du 1941 urte inguruan egon zen ogi eskasia: “Gu ogi zaleak ginen oso, eta ogirik ez zegoen. Orain gure etxeko ganaduak jaten dituen ogiak orduan harrapatu izan bagenitu…”. Gerra ondorenean, garia estraperloan erosi eta ogia etxean egiten zutela esan du Celestinok. Beste batzuek, gauez errotara joan, arto-irina egin eta bertan uzten omen zuten, trukean olioa etxera ekartzeko. Urte batzuetan, txerria hiltzea ere galarazia zegoela esan du, eta hala nola hil behar izaten omen zuten. Horrez gain, kalera lakari bat babarrunen bila joan eta bueltakoan autobusean guarda sartzen bazen, babarruna bazterrean uzten omen zen, inorena ez balitz bezala, gainontzean, isuna izaten omen zen.
Festetarako ilusio gehiago
“Lehen festetarako ilusio gehiago izaten zen, ez da adinaren kontua bakarrik”, azaldu du. Garai hartan, festetan oiloa saltsan jateko ohitura handia omen zen eta Celestinok horretarako ilusioa izaten zuen. Festen garaian ere, apaizek agintzen zutela aipatu du: “Apaizak alkateari abisua ematen zion plazan baltsik ez jotzeko esanez, baina orkestinak beti jotzen zuen. Bat baino gehiago, kongregaziotik bota egin izan zituen apaizak neskarekin dantzatzeagatik”. Garai hartako musika atsegin zuen Celestinok: “Soinu garbia izaten zen, arratsaldeko 4ak aldera hasten zen festa eta gaueko 12ak inguru arte luzatzen zen. Ondoren, neska laguntzera joaten ginen”, azaldu du. Apaizak ez ezik, Sanpedroetan nahiz Santamañetan, beti, Andoaindik Guardia Zibil bikote bat ere etortzen omen zen festa kontrolatzeko asmoz.
Asteasuko Kanpai Handia
Lehen Asteasuko Kanpai Handia urtean hiru bider jotzen zela esan du Celestinok: “Asteasuko Kanpai Handia hamazazpi herritatik entzuten dela esaten da. Orain ohitura ez da hain zorrotz mantentzen, baina lehen, urtean hiru aldiz jotzen zen Kanpai Handia: Sanpedro bezperan, Gorputz egunean eta abenduaren 8an”.
Apustu eta ganadu azoka zalea
Edozein motatako apustua du gustuko Celestinok: aizkora, idiak, sega… Bizkaiara ere joan izan da: “Gauean lau edo hiru idi pare ikusi eta Abadiñotik etxera bueltan etortzerako, goizeko hirurak izaten ziren askotan. Eta hurrengo egunean lanera”, esan du. 1973an, Donostiara joan ziren Celestino eta lagun bat San Tomas egunez Trinitate plazan egiten zen idi apustua ikustera. Donostiara iritsitakoan, jendea Trinitate plazatik behera zetorrela ikusi zuten. “Madrilen Carrero Blanco hil zutelako suspenditu egin zen idi apustua”, azaldu du. Ikusmirarako nahiago ditu aizkora apustuak Celestinok, baina jokatzeko grina duenez, bere ustez, joko gehiago ematen dute idiek. Oraindik ere grina hori mantentzen du: “Orain hamabost egun Aian izan nintzen idi apustuak ikusten”, esan du. Euskal Herriko abere azoka guztiak ere ezagutzen ditu Celestinok. Zumarragara ia urtero joan izan da, baita Azkoitira ere, baina gustukoena Abadiñoko azoka du.
Frantziako Tourrera
Tourra ikustera behin baino gehiagotan joan izan da Celestino Frantziara: “Autobusean joaten ginen, bertan lo egin eta toldo baten azpian egiten genituen otorduak. Han primeran ibiltzen ginen, Patxi Alkortak akreditazioa ibiltzen zuen eskuan eta horren aitzakian, helmugaraino joaten ginen eta bertatik ikusten genuen txirrindularien helduera. Lehen ibiliak zahartutakoan ez du penik izaten”, esan du.
Urtainen konbatea ikustera
1970. urtean, sei laguneko koadrila Madrilera joan zen Urtainen konbatea ikustera, tartean, Celestino: “Kotxea alokatu eta Madrilera joan ginen, Somosierran bazkaldu eta hurrengo egunerako etxera buelta”, esan du. Madrilen bertan ere abenturaren bat izan zuten, halaxe ekarri du gogora: “Nire lagun batek, soldaduskan lagun egindako bat zuen Madrilen, garai hartan kargu garrantzitsu bat betetzen zuena, nonbait. Madrila iritsi ginenean, kotxea aparkatzeko tarte txiki bat bilatu genuen, baina kotxea kabitzen ez. Horrela, madrildar honek hala esan zuen: ‘Venga, a mover los coches’. Horrela, beste kotxeak eskuekin mugitzen hasi ginen gurea aparkatzeko eta horretan ari ginela, aguazila etorri zitzaigun, baina madrildar honek mutututa bueltan bidali zuen”. Egun hartan, Urtain Europako txapeldun izan zen.