Bederatzi anai-arrebetatik gazteena da Bibiana. Ikasketa gehienak Adunako udaletxe azpian zegoen eskolan egin zituen arren, 7 urte ingururekin Sorabillara joan omen zen ikasturte bat osatzera. Halere oroitzapenik handienak Adunako eskolan bizitakoak ditu. Garai hartan, arraroa bada ere, mutilak eta neskak bateratuta egoten omen ziren klasean eta hauei erakusten berriz, irakasle “castillano” bat. Gizagaixo hutsa omen zen eta hamaika burla egindakoak omen dira. Euskaraz ez zekienez, “txorixo” deitzen omen zioten eta behin maisua tabernara bazkaltzera joan eta hala galdetu omen zion bertako zerbitzariari, ea zer esan nahi zuen. Orduan bukatu omen ziren burlak. Maisu honen ondoren, beste maistra batzuk ere izan omen zituzten. Hauetako bat nahiko zorrotza omen zen, elizkoia oso. “Igandetan elizara joan behar izaten genuen ebanjelioa entzutera, eta astelehenean galdetu egiten zigun bezperan apaizak zer esan zuen. Ondoren esandakoarekin iruzkina egin behar izaten genuen”, adierazi du irribarre artean. Horretaz gain, egunero elizan izaten zen arrosarioaren aurretik ezkutaketan eta jolasean ibiltzen omen zen Bibiana, eta gehienbat mutilekin: “Maistra bera ere plazan bizi zenez, zelatan egoten zen eta hurrengo egunean errieta egiten zidan mutilekin ibiltzen nintzelako”. Irakasle bezala, ordea, ona zela gaineratu du: “Urruti bizi zirenak bazkari eta guzti etortzen ziren eskolara eta maistrak bazkariak berotzen zizkien, ondoren jolaserako tartetxo bat uzten zien eta klasera sartu aurreko ordu erdian kaligrafia erakusten zien”.
Frankismo garaia zenez, eskolan guztia gazteleraz egiten omen zuten, baina lagunen artean euskara hutsean. Gogoan du goizero-goizero eskolak hasi aurretik egin beharrekoa: “Goizero bandera espainolaren aurrean Cara al sol kantatu behar izaten genuen”. Josten ere ikasi omen zuten eskolan, puntuan, gantxilloa egiten…
Ukuiluko lanak gizonezkoek
Ganadua izaten omen zuten etxean, baina ukuiluko lanak beti gizonezkoek egiten omen zituzten. “Animaliek betidanik errespetu handia eman didate, baita txakurrik txikienak ere”, azaldu du. Gainerako lanetan, ordea, emakumeek ere laguntzen omen zuten, besteak beste, egurra txikitzen, garoa biltzen eta jatenak egiten. “Gure amak ere sekula ez zuen ikasi behiak jezten, hark esaten zuen ukuiluko lana gizonezkoena zela!”, gogoratu du.
Sukaldari eta aktore
Adunako Zabala sagardotegian 20 urtetik gora omen daramatza sukaldari lanetan. Horretaz gain, aktore lanetan ere ibilia da Bibiana. Guztira hiru iragarkitan eta laburmetrai batean hartu du parte, ustekabeko eskaintza baten ondorioz. Produktore koadrila bat Adunan erreportaje bat egitera etorri omen zen eta ondoren, Zabalara afaltzera. Bibiana, betiko moduan, han omen zebilen atzera eta aurrera eta nonbait honen itxura eta izateko era, hauei gustatu: “Hurrengo egunean sagardotegira joan nintzenean telefono zenbaki bat utzia zeukaten nik hara dei nezan; deitu eta halaxe hasi nintzen”, adierazi du. Azkoitian grabatu zuten iragarki batean, adibidez, arrosarioa errezatzen jarri omen zuten, eta Bibianak latinez errezitatu omen zuen. “Edozeini gomendatzen diot. Lehenengoan akaso ez duzu ondo egingo eta bigarren aldian ere ez, baina oso esperientzia polita da. Jende asko ezagutzen da eta giro polita sortzen da. Nik behintzat oso ondo pasatzen dut”, esan du.
Dantza zale eta ume zale amorratua
Betidanik gustatu omen izan zaio Bibianari dibertitzea: “Lehen Villabonan musika izaten zen eta han gustura ibiltzen nintzen dantzan”, gogoratu du. Halere, gaur egungo gazteen dibertimendua ez du batere gustuko, tabernan sartu eta han egotea nork gehiago edan eta parranda handiagoa egin, ez du oso zentzuzkoa ikusten. Bibianak, herri giroa du gustuko.
Orain gaztea izango balitz eta ikasteko aukera izango balu umeekin erlazionatutako zerbait ikasiko lukeela adierazi du: “Gaur egun asko ikasi beharra dago eta hori gehiegi iruditzen zait, baina umeak beti gustatu izan zaizkit eta umeak dauden leku batean lan egitea gustatuko litzaidake”.