Hiru urte zituela lehertu zen 1936ko Gerra. Gertaera anker haiek ume-umetan harrapatu bazuten ere, gogoan iltzatuta geratu zaizkio garai hartako hainbat irudi, “gogoan dut nola bonbak bota zituzten Mutiloan. Bi izeba bizi genituen bertan, bi errotatan. Batean kristalak ere puskatu egin ziren, jaurtitako bonben indarraren eraginez”. 1940 urtean, Villabonara etorri ziren bizitzera, Gillermok ondo gogoratzen duenez, sei urte bete zituen egunean bertan, “aita mikeletea genuen, Etxegarateko kaboa. Gerra garaian, lanik gabe geratu zen eta, ama, Manolo Laborde, Sacemgo kideetako baten senitartekoa zenez, gaueko guarda lanetara etorri zen bertara. 64 urte bete arte aritu zen langintza hartan aita”, jakinarazi du.
Sacem lantegian langile
Villabonako udaletxeko eskolatan ikasi zuen umetan, “udaletxearen eskuinetara, goian mutil txikientzako eta behean mutil handientzako gelak zeuden. Ezkerretara biltzen ziren neskak. 14 urtera arte ibili nintzen eskolan eta ahal nuena ikasi nuen”, aipatu du. Villabonara etorri zenean gaztelaniaz hitz egiten ez zekiela etorri zaio gogora, “orduan nik gaztelaniaz jakin ez eta egin nuen lehenengo lagunak ez zekien euskaraz. Lagun harekin, Migel Mari Arnas Barberekin ikasi nuen gaztelaniaz hitz egiten”, adierazi du. Villabonako eskolako ikasketak amaitu ondorenean, 14 urterekin Sacemera joan zen aprendiz gisa. “Tailerrean lehenengo, limatzen gero, bulegoan geroago…, azken batean deliniatzaile-proiektista lana egin nuen Sacemen, 65 urte bete nituen arte. Estanis Iturrioz izan genuen nagusi eta hark esandakoa betetzen genuen”. Jakina denez, makina-erremintak egiten zituzten Sacemen eta lanik gehien Alemaniarako egiten zutela adierazi du Gillermok, “Alemania, gerra garaian banatuta geratu zenez, guk ekialdeko alderako egiten genuen bereziki lan. Izugarrizko makina piloa saltzen zen; Alemanian asko, baina mundu guztian zehar ere bai. Migel Lasa lagun eta lankidea munduan barrena ibili zen herrian egiten genituen makinak saltzen: Japon, Errusia, Mozanbike, Indonesia… Hizkuntza ugari ikasi zuen, besteak beste, alemaniera, bere kabuz”. Sacem lantegiaren urterik emankorrenetan, 300 langiletik gora aritu zen bertan lanean. Gainerakoan ohikoena 200 langile inguruko kopurua zen. Langile gehienak herritarrak zirela argitu du Gillermok eta bakoitzak zenbaki bat zuela, “ni 199.a nintzen”.
Zentro parrokiala, herriarentzat pizgarri
Gazte garaiko oroitzapenetara etorrita, txiki-txikitatik, lagun taldea Villabonako bost mutilek osatzen zutela esan du: “Bittor Arruabarrena, Jose Luis Oiartzabal, Migel Mari Ezkioga, Migel Mari Arnas eta bostok. Txiki-txikitan ezagutu ginen eta oraindik ere harremanari eusten diogu”. 1951 urtean, herriko gazteentzat izugarrizko pizgarria izan zen zentro parrokiala inauguratu zen Villabonan. “Zentro parrokiala bultzatzen lan asko egin zuen on Epifanio Garmendia Mendizabal apaizak. Bera izan zen zentroa eta aurretik, 1948ko urriaren 12an, Villabonako zinema zabaldu zituena”. Zalantzarik ez, zinemaren irekiera oihartzun handiko gertaera izan zen herrian. Gillermok oraindik ere gogoan du nola, irekiera egunean, Gunga din filma begiak zabal-zabalik ikusi zuen lehenengoz besaulkietan eserita. “Zinemaren irekierak izugarrizko poza sortu zuen herritarron artean. Pentsa, Villabonan zinema egin aurretik Tolosara joan behar izaten genuen eta aurretik, hiru pelikula soilik ikusi nituen. Horietako bat, La canción de Bernardete”. 1951 urtean, berriz, zentro parrokiala inauguratu zenean, Gipuzkoako parrokietako gazteen lehen bilkura egin zen Villabonan. “Donostiako lehen gotzaina etorri zen festa hartara, katalana zen: Jaime Font Andreu. Aurrez Gasteizen egoten zen gotzaina. Festa handia izan zen egun hartakoa”. Zentroa irekitzeak, herrian berebiziko mugimendua sortu zuela aipatu du Gillermok, gazte nahiz helduen artean, “beheko solairuan taberna zegoen orduan ere eta asko jokatzen genuen ping-pongean. Jesus Mari Beristain eta Joakin Zapirain herritarrek behin baino gehiagotan irabazi zituzten txapelketak. Nik ez nuen sekula irabazi, nahiz eta bigarren lekuan behin baino gehiagotan geratu nintzen”. Urteak aurrera, Caritas elkartea sortu zuten hainbat herritarren artean, “Kruz Martinez zen helduena eta hark bideratzen zuen taldea. Gainerako kideak: Iñaki Oiartzabal, Pili Zapirain, Kontxita Goñi, Jaxinto Etxeberria (Amasako arduraduna) eta neroni izan ginen. Esne hautsa ekartzen ziguten eta zentrifugadore baten laguntzaz, esnea egiten genuen herriko behartsuei banatzeko”. Zentroko beste gune batean, Pedro Mari Ricorekin batera, eskolak ematen ere jardun zuen Gillermok, “aritmetika nahiz geometriako eskolak eman genizkien Villabona, Zizurkil nahiz Asteasuko mutilei. Inguruko herrietako mutil asko etortzen zen”. Lehenengo telebista 1958 urtean ailegatu zen zentroko tabernara, ez dauka ahaztuta: “30 lagunen artean erosi genuen eta 30.000 pezeta ordaindu genuela gogoan dut. Juan XXIII. Aita Santuaren inguruko dokumentala ikusi genuen telebista hartan lehenengoz. Txuri beltzean zen, noski, eta ez zen oso ondo ikusten, baina hari begira egoten ginen, pozik”, adierazi du Gillermok. Telebista erosi zutenean, egile-eskubideak kobratzera ere etorri zitzaizkiela azaldu du. Taberna, hasiera-hasieratik zabaldu zuten zentroan eta Praxku Lasa izan zen bertako lehen tabernaria.
Loatzo mendi taldearen sustatzaile
1950eko hamarkadan, zentro parrokialetik sortu zuten Loatzo mendi taldea hainbat gazte billabonatarrek. “Garai hartan on Epifanio parrokoari baimena eskatu behar izaten genion neska eta mutilak batera mendira joan ahal izateko. Zentroan bertan egiten genituen ibilaldiak prestatzeko bilerak. Hasiera batean inguruko mendietara joaten ginen: Lotazo, Belkoain, Ernio, Andatza, Adarra… Gerora Aralarrera, Mendaurrera, Pirinioetara… Aneto edota Picos de Europaraino ere ailegatu ginen urteak aurrera”, azaldu du Loatzo taldeko kide izan zenak. Taldeko lehenengo lehendakaria, berriz, Ignazio Goñi izan zen. Kanpora abiatu zireneko lehen irteerak autobusez egiten zituzten baina, lau hankako laguntzailerik ere izaten zuten tarteka: astoa, hain zuzen. Mendian hasteko zaletasuna nondik etorri zitzaien galdetuta, “Tolosako mendizaleengatik hasi ginen mendian gu. Orduan, talde modura, Tolosako futbol kluba soilik zegoen eta ez zuten beste talderik sortzen uzten. Baina 50eko hamarkadan, mendi taldea martxan jartzeko baimena eman zuten eta Alpino Uzturre taldea sortu zen Tolosan. Haren ondotik sortu genuen Villabonan Lotazo taldea”, erantzun du. Loatzo mendi taldeko kideek igandero antolatzen zituzten mendi irteerak eta herritar ugarik hartzen zuen haietan parte. “Ez ziren urte errazak izan. 70eko hamarkadan, esaterako, guardia zibilek ez ziguten mendira joaten uzten eta baimen eske ibili behar izaten genuen”, adierazi du. Mendia izugarri gustuko du Gillermok eta mendi taldeko ibilaldietan ez ezik, Euskal Federakuntzak antolatuta, 100 mendi lehiaketan hartu zuen parte, bost urtetan, Euskal Herriko 100 mendi igoz. 1965 urtean jaso zuen lehiaketa hura burutu zuela ziurtatzen zuen agiria.
70eko hamarkadan, Loatzo mendi taldea bertan behera geratu eta egun ere indarrean jarraitzen duen Aizkardi mendi taldea sortu zen. Bertako kide da hasieratik Gillermo.
Txirrindulari elkartea eta musika banda
Aurren-aurrena mendi elkarte bezala sortu zen Loatzo taldea, baina denborarekin, txirrindulari elkarte ere bilakatu zen. “Ni mendi taldeaz arduratu nintzen gehiago, beste herritar batzuk aritu ziren Villabonan txirrindularitza bultzatzen. Santa Ana egunean, esaterako, txirrindulari lasterketa antolatzen zen urtero herrian eta oso erantzun ona izaten zuen. Garaiko txirrindulari ezagunak etortzen ziren Villabonara lehiatzera”.
Gogoan duen beste oroitzapen bat, igande arratsero Villabonako plazan eskaintzen zen musika bandaren emanaldia da, “ni ez naiz dantzaria izan, baina giro polita sortzen zen igandetako dantzaldietan. Eskolara joaten ginen garaian, solfeoa erakusten zigun bandako zuzendari eta konposatzaile ezagun izan zen Luis Ubarretxenak berak”.
Zaletasun ugariko gizona
Gillermoren zaletasun nagusia mendia izan da eta egun ere asko erakartzen duela aitortu du, “ahal dudanean joaten naiz oraindik ere mendira. Urbia aldean ibili naiz aurten eta berriki, Oñatitik Arantzazurako martxan hartu dut parte”. Igeri egitea ere asko gustatzen zaio aspaldidanik, “1940ko hamarkadan, Oria ibaia garbi-garbi egoten zenean, Sacemgo zubiaren ondoko uretan nahiz Akezkon igerian ibiltzen ginen. Gerora, errekak zikindu egin ziren eta apar artean ez zegoen ibiltzerik”, azaldu du. Irakurtzea ere oso gogoko du billabonatarrak, “oraintxe bertan, Fernando Amezketarraren 600 orriko liburu mardula irakurtzen ari naiz. Amezketa eta Adunako istorioak kontatzen ditu eta oso liburu ederra da. Gainerakoan, Nafarroako historiari buruzko liburuak irakurtzea gustatzen zait eta gai horien inguruko hitzaldietan hartzen dut parte”. Bertso zaharrak irakurtzea nahiz bertso berriak entzutea edota pilota partidak ikustea ere oso gogoko du. Betidanik pertsona aktiboa izan da Gillermo eta orain ere bide berean jarraitzen du, “ahal dugun bitartean”.