Gainerako anai-arrebekin batera, baserriko lanetan trebatu zen umetatik Euxebi, Loidi baserrian. Egokitzen zen lanari erantzun zion txikitatik eta ittulean bezala, txokorra jotzen aritzen zen. “Egun, jende askok ez du jakingo zer den txokorra jotzea: bada, lurrean behiaren laguntzarekin goldea pasa ondorenean ateratzen ziren kozkorrak mazoarekin jotzea. Gogortutako lur puskak biguntzea, alegia”. Gainontzean, baratzean nahiz soroan ere asko ibilitakoa da, “garaian garaiko barazkiak izaten genituen baratzean, denetik. Gerra ondorenean, ogirik ez zen garaian, garia ere ereiten genuen: goiz garia aurrena eta artoa gero. Tartean, animaliak ere hazten genituen: lau behi eta haren txekorrak, baita oiloak ere”, adierazi eta, behientzat belarra ekartzekotan, mendira joan behar izaten zutela gaineratu du, “orain etxe inguruan dena belarra den arren, orduan soroak baitziren”. Aspertzeko denbora handirik ez zutela dio Euxebik eta eskola gutxi izan zutela aukeran. “Denbora gutxi izan genuen guk eskolarako. Zizurkil goiko eskolan hasi baginen ere, laster, behera jaitsi ginen, orain ikastola dagoen lekura. Marinak ematen zizkigun eskolak. Oinez joaten ginen etxetik eskolara, orduan ez baitzen ez kotxe, ez autobusik. Bideak ere halakoak ziren: harria eta lokatza”. Eskola garaiko oroitzapen politak gordetzen ditu zizurkildarrak: “gustura joaten ginen eskolara. Eskribitu eta leitu erdaraz egiten genuen, baina euskaraz hitz egiten genuen Marinarekin: euskalduna zen. Etxerako apenas bidaltzen zigun etxeko-lanik, eskolan egiten genuenarekin moldatzen ginen. Jakinduria guztia liburu potolo batetik jasotzen genuen”. Eskolatik atera orduko baserriko lanetan laguntzera joaten ziren etxera, “umetan jolasean inoiz ibili ginenik ez dut nik gogoan. Gerora, gazteagotan, etxe inguruko lagunak seiko urrean, kartaketan aritzeko biltzen ginen jaietan. Gainerakoan, oso berandu hasi ginen etxetik ateratzen. Mezetara bai, jaiero joaten ginen elizara”.
Talleres Adunan eta josten lanean
29 urte zituela ezkondu zen Euxebi Zizurkilgo San Migel baserriko Esteban Salaberriarekin eta bertan bizi da geroztik. Hirugarren umea izan bitartean, Adunara joaten zen egunero lanera, goizean goiz jaikita. “Ezkondu aurretik hasi nintzen Talleres Adunan torlojuak egin eta roskak ateratzen lanean. 13 urtez aritu nintzen bertan. Gogorra egin zitzaidan hasiera: abuztuaren 7an hasi eta, biharamunean, Amabirjinaren eguna izanik, jai emango zidatela uste banuen ere, lanerako deitu zidaten. Gogoan dut nola joan nintzen goizeko meza entzunda. Hamar orduz egiten genuen lan, 08:00etan hasita. Oinez joaten nintzen tailerrera, noski. Korrika franko egindakoa naiz ni!”, adierazi du alai, oraingo hankak ez zituela aipatuz. Lanetik ateratakoan Villabonara joan ohi zen josten eta brodatzen ikastera. “Albaite etxearen goialdean, Maritxurekin ikasi nuen josi nahiz brodatzen eta neronek egiten nituen etxerako arropak, jostundegian bertan oihalak ebakita. Puntua nahiz gantxilloa ere ikasi nituen beste maistra batekin. Adunako tailerretik kanpora ere okupatuta ibiltzen nintzen, beti izan dut ikasteko gogoa”, azaldu du.
Esku-lanak eta loreak, gogoko
1993 urtean Villabonako jubilatu etxean esku-lanen ikastaroan eman zuen izena eta geroztik, langintza horretan jarraitzen du bere gisara, “oso gogoko dut margotzea eta lehen baratzean bezala, orain, denbora dudanean, lan horretantxe aritzen naiz. Une honetan, esaterako, marmita bat margotzen ari naiz”. Eskulanez gain, gogoko du loreak zaintzea ere, “etxe inguruko loreak zaintzea asko gustatzen zait; gauza polita da lorea: alaitasuna ematen du”.
San Migel ermitaren zaintzaile
Txikitatik ezagutzen du Euxebik Zizurkil goiko San Migel ermita. “Betidanik gerturatu naiz San Migel edota San Antonio egunetan egin ohi diren mezetara, baina ez nituen aurrez ermitaren inguruan egiten ziren festak ezagutu. Etxe ondoan dugunez, urtetan zaindu eta txukundu izan dugu San Migel ermita eta oraindik ere gu arduratzen gara lan horretaz”. Urte asko atzera eginda, Zizurkilgo ermita zaharra erre egin zela jakinarazi du Euxebik, “antzina, egun ermita dagoen gunean baserria zegoen eta serora bizi zen bertan. Baserria erre eta gero, ermita bazuela gogoratuz, ondoan ermita altxatzea erabaki zuten. Harrigarria bada ere, ermita osorik erre zen arren, santua bere horretan mantendu zen”. Egun ere, San Migel eta San Antonio egunetan izaten dira mezak ermitan eta eskualdeko herritar ugari gerturatzen da bertara.