Zizurkilgo Fraisoro etxean jaio zen Sorkunde Etxezarreta eta zazpi urte zituen arte bizitu zen bertan, bere amarekin batera, “handik Aginagako senar-emazte baten baserrira eraman ninduten; hiru seme zituzten arren, alaba nahi baitzuten etxeko lanetarako. Ama Fraisoron geratu zen neskame lanetan eta ni baserrira joandakoan, denbora luzez egon ginen elkar ikusi gabe. Hasiera gogorra izan zen, baina gero Aginagako bizimodura ohitu egin nintzen”, azaldu du, haurtzaro latza egokitu zitzaiola aipatuz. Aginagan baserriko lanetan trebatu zen: baratzean nahiz soroan, belar mozten… “Oraindik ere, garai hartan segarekin nahiz igitaiarekin egin nituen arrastoak ditut gorputzean”, gogoratu du. Baserriko lanarekin aspertuta, 22 urte zituela, zer edo zer berria ikasi nahi zuela eta Donostiara abiatu zen neskame lanetara, “Esterlines kalean zegoen Bar Españan aritu nintzen sukaldean nahiz zerbitzatzen. Filarmonika jotzen zuten igandetan tabernaren kanpoko terrazan eta jende asko biltzen zen txikiteora. Hiru urte eskas egin nituen han, etxekoandrea oso gogorra baitzen eta bertan aritzen ginen bost neskek batera alde egin genuen”, azaldu du Sorkundek. Handik, beraz, lanerako beste txokoren baten bila abiatu behar. Eta aurkitu ere laster aurkitu zuen, “on Inazio Barriola mediku ezagunaren etxean hasi nintzen umezain, Aieten. Bost umeri egin nien kontu hiru urtez. 25 urterekin, berriz ere Aginagara itzuli nintzen, baserrian zertxobait laguntzera”. Dudarik gabe, baserritik Donostiara abiatzea aldaketa handia izan zen Sorkunderentzat, baina orain bezala lehen, ausarta izan dela adierazi du.
Sukaldari fina
23 urte zituela ezagutu zuen gerora senarra izango zuen Jose Luis Lertxundi oriotarra. “Kamioiarekin egiten zuen lan eta Orion, orduan ere, kamioia aparkatzeko leku handirik izaten ez zenez, Andoainen erosi genuen etxea. 27 urte nituela ezkondu nintzen Andoainen bertan eta Kasakunara joan ginen gero lore-sorta uztera. Geroztik Andoainen bizi naiz, oso gustura”. Andoainek itsasorik ez duen arren, ez omen du bereziki faltan bota, “ez naiz oso itsaso zalea eta gainera, hemendik ere, autobusa hartuta, egoki daukagu joateko”, azaldu du. Senarra gazterik hil zitzaion, 53 urte zituela, eta berak bakarrik atera zituen aurrera euren lau alabak, sukaldari lanetan hasita. “Andoaingo La Salleko fraideak, haien sukaldari gisa lanean hasi nahiko nukeen galdetzera etorri zitzaizkidan, hango ahizpetako bat hil zenean. Nik baietz erantzun nien eta 15 urtez aritu nintzen haientzat bazkari eta afariak prestatzen, gustura gainera!”. Fraideen esku uzten zuen menua: “bigarren platera aukeratzea behintzat bai” eta egunero-egunero, dozena lagunentzako otorduak prestatzen zituen. “Beti gustatu izan zait kozina, ibilian eta ikusian ikasi dut. Liburuak ere erabili izan ditut zertxobait gehiago ikasteko. Orain, Argiñanorena erabiltzen dut: oso txukuna da, asko gustatzen zait”, azaldu du. Sukaldariarena bere langintza izateaz gain, zaletasun nagusia ere badu: “berriz jaioko banintz, sukaldaritza ikasiko nuke. Esker oneko lana izaten da gehienetan, nahiz eta gogo txarrekoa ere izan daitekeen: emandakoa gustura jaten ez badute”. Eltzekoak, biribilkia (redondoa), tripakiak edota tarteka, txerri hankak prestatzea gustatzen zaio gehien Sorkunderi, “biribilkia oso goxoa egiten dudala esaten didate. Egia esan, egiten dudan guztia gogo handiz egiten saiatzen naiz”.
Santakrutzetako pregoilari
Sukaldeaz gain, jostea ere gogoko du, baita etxeko lanak egitea ere: “beti ikusten dut egiteko lanen bat eta ezin izaten dut geldirik egon. Hori bai, periodikoa leitzea ere gustatzen zait. Kale zalea baino etxe zalea naiz gehiago”, argitu du. Gazteekin gustura konpontzen dela dio eta haiek eskatuta, 2000. urtean, Santakrutzetako pregoilaria izan zen, “nahi nuena esateko eskatu zidaten eta etxean frogak eginda, Olajaunatik bota nuen pregoia. Mesedeak konplitzeko konforme izaten naiz, baina ez zait lehen ilaran jartzea gustatzen, ezta elizan ere”. Santakrutzak oso gustuko ditu, nahiz eta lehen politagoak zirela aipatu duen, “orain hainbeste etxe berri eginda, auzotik urrundu egin dizkigute eta tristura ematen dit horrek. Eskerrak plazako musika behintzat entzuten dugun”.
Concepciónetik Sorkundera
Fraisoroko sor Concepción izan zuen ama besoetakoa Sorkundek eta hark, Maria Inmaculada Concepción Echezarreta izena jarri zion. Urteak aurrera, izena euskaratzen lehenengoetakoa izan zela adierazi du, “Andoaingo udaletxera jo nuen alabekin batera izen-abizenak euskaratzera. Geroztik Sorkunde Etxezarreta izan naiz beti, nahiz eta oraindik Maria deitzen didaten gutxi batzuek”.