Ume zela Asteasuko udaletxeko eskoletan ikasi zuen arren, eskolara nekez joaten zirela aitortu du, “eguraldi onarekin etxean geratu behar izaten baikenuen lanean. Gustura joaten ginen eskolara, baina etxean gusturago aritzen ginen aukeran: eskolan, ikasten ez bazen jo egiten baitzuten garai haietan”. Orain bezala orduan kotxe nahiz autobusik ez zenez, zazpi anai-arrebak eta auzoko gainerako gazteak oinez abiatzen ziren Asteasuko Goi bailaratik herriko plazaraino, “guztiak pilatu eta builaka egiten genuen bidea”, gogoratu du irribarretsu. Eskolatik etxera etorritakoan, berriz ere lanera: “baserri dezentea genuen eta baita soroak ere: garia, artoa…, denetik egiten genuen. Soroaz gain, ganadua ere gobernatzen genuen”, azaldu du Lorenzok. 20 urte zituela Hernaniko Loretokin egin zuen soldadutza. Aurrez, Santanderren aritu zen instrukzioak hartzen eta soldadutza ikaragarri ona pasa zuen: “Kabo bezala jarri ninduten Loretokin, hipikan ibiltzen ziren zaldiak gobernatzen. Gertutik gertura, kotxea izan banu, egunero etxera lotara etortzeko moduan! Egiten nuen lanagatik kobratu egiten nuen gainera! Egun onak izan ziren soldadutzakoak”, gogoratu du. Soldadu joan aurretik Andoaingo baserri batean urte eta erdi aritu zen morroi lanetan. Soldadutzatik etorritakoan, berriz, Iruran hasi zen lanean lehenik, handik Labordera igaro zen lau urtez eta gero Mitxelinera beste bizpahiru urtez. Baserriko eta fabrikako lanen artean argi du bere aukera: “nire denbora guztian nahiago izan dut kanpoko lana, hala ohitu gara beti eta”.
Artzain lanetan
1966an Asteasun ezkondu zen Lorenzo, 30 urte zituela. “Saskarate mendi etxea hartu genuen orduan eta lehenengo behiak jarri genituen arren, ardi batzuk ekarri genituen gerora”. Ezkondu ondorenean ekin zion artzain izateari. Denborarekin, artaldeaz gain, Zelatungo borda ere hartu egin zuten eta hortik Lorenzoren deitura: ‘Zelatungo artzaina’. Ardiak behiak baino gogokoago ditu Lorenzok, “behiek baino lan gutxiago ematen dute ardiek, baina lan lotua da: kasu egitekotan, haiekin ez dago jairik hartzerik”. Duela 10 urte Zelatungo artaldea saldu eta Iturriozkoa hartu zuen, etxetik gertuago egoteko, baina azaldu duenez, lehen bezala orain, bost artzain biltzen dira Zelatunen eta inguruetan, “ardiak elkarrekin eduki izan ditugu eta artzainon artean etxekoak bezala konpondu izan gara beti, gure artean sekula haserretu gabe. Ernio ingurua ardiekin ibiltzeko oso mendi polita da, ez dago beste hainbat mendi handitan bezalako arazorik”. Neguan, udaberrira arte, etxera ekartzen ditu ardiak Lorenzok, “azaro aldera ukuilura ekartzen ditugu ardiak eta, maiatzean, antzutzen hasten direnean, berriz mendira eramaten ditugu. Mendian direnean egunero egiten diet buelta, kotxez Iturriotzeraino joanda”. Egun 240 buru ditu eta artalde dezentea bada ere, 700 buru ere izan ditu. Artzainak banaka-banaka ardiak erraz ezagutzen dituela azaldu du, “haiei begira jarriz gero, pertsonak bezala bereizten dira, igual-igual. Ardiak ezagutzea baino zailagoa da gauez jaiotzen den arkumearen ama zein den jakitea. Izan ere, arreta jarriz gero, ardi bakoitzak bai baititu bere ezaugarriak”.
Esnea, zentralera
Artaldea hartu aurretik, etxean zituzten ardi bakan haien esnearekin gazta egiten hasi ziren. Azokatan ere saltzen zuten ardi-esnea. “Aurrerago, Ardi Latxaren Elkartean sartu ginen aurrena eta Idiazabal izendapenean gero. Urte dezentetan aritu ginen etxekoen artean gaztak egin eta saltzen, baina gaztandegietan oso neurri zorrotzak jarri zituztenez, gazta egiteari utzi ondoren, azken urteotan, esnea zentralera bidaltzen dugu letxeroaren bidez”. Bestalde, diru gutxi ematen dutela argitu duen arren, arkumeak erraz saltzen dituzte, Gabon garaian batez ere, “erosi beharreko generoa garesti dago eta saltzen dena, orain 20 urteko prezio berean. Batere margenik gabe ari gara lanean”, dio. Hala ere, bizi den artean artzain lanetan jarraitu nahi du Lorenzok; egunero ardiak jetziz, asko entretenitzen baita.
Herri kirolak, mendia
Saskarate baserria nekazalturimoa da duela hamahiru urtez geroztik. Lorenzo baino gehiago bere emaztea, seme-alabak eta erraina arduratzen dira hura aurrera eramateaz. Ardiez gain, oiloak, txerriak edota behorrak hazten ditu Lorenzok etxe inguruan eta baratze koskorra ere badute etxe atarian. Eginbeharrak bukatu eta denbora librea hartzen duenean, herri kirolak ikustea gustatzen zaio eta, dudarik gabe, mendian ibiltzea, “kalera baino lehenago joaten naiz ni mendira. Herrira ganadu azokak ikustera joatea gustatzen zait, baina ez festara”. Dudarik gabe, Ernio eta ingurukoak dira gehien zapaldu dituen bideak. Ez du bide haietan galtzeko arriskurik.