Herritarren txokoa

Ebaristo Elduaien, soinujole adunarra

Ebaristo Elduaien Sorondo, Adunako Aizpea baserrian jaio zen 1947 urtean. Azken urte luzeetan Tolosan bizi bada ere, ez du jaioterria ahaztu eta sarritan gerturatzen da bertara.

Bost anai-arreben artean gazteena da Ebaristo; gaztetxotatik baserriko lanetan aritua, soroan nahiz animaliak zaintzen. Adunako herri eskolan ikasi zuen 10 urte bete arte. “Adunako udaletxera joaten ginen aurrena eskolara, Josefa Amas andoaindarra genuen maistra. Lehengo udaletxe zaharra bota eta berria eraikitzeko garaia bizitzea egokitu zitzaigun eta tarte horretan, Adunako Gaintza etxean jaso genituen eskolak”, ekarri du gogora. Behin Adunako ikasketak bukatuta, Andoaingo La Sallen aritu zen beste lau urtez. Lehen urte haietako oroitzapen gogorrak gordetzen dituela azaldu du: “hasiera batean oinez joaten ginen Adunatik Andoainera, bukaerarako bizikletan. Eskolako lehen urteetako oroitzapen gogorrak gordetzen ditut, dena erdaraz irakasten baitziguten eta gure giroa oso euskalduna baitzen. Lezioak ikasita joaten ginen arren, 12 urte betetakoan hasi ginen ikasten genuena ulertzen”. La Salleko ikasketak amaituta, Amasa-Villabonako Sacem lantegian hasi zen tornulari moduan lanean. Bost urte egin zituen bertan eta gerora, jubilatu arte, langintza berean aritu zen lantegi ezberdinetan.

Gaztetatik soinuari lotuta
Irratian nahiz herriko festetan akordeoia entzutea ikaragarri gustatzen zitzaion eta doinu haiek erakarrita, 17 urterekin soinua jotzen ikasi zuen Ebaristok. Gogoan du nola eskuratu zuen lehen eskusoinua, “igande goiz batean benetan ikasi nahi al dek soinua?, galdetu zidan aitak, nik baietz erantzundakoan, Tolosara joan eta Belokiri erosi genion izan nuen aurrenekoa. Urtebetez, Tolosan ikasi nuen Juan Jose Tarragonarekin, gero Donostiara joan nintzen Pepe Yantzirengana”. Pixkanaka, herri giroan eta lagunartean hasi zen soinua jotzen, “herriko festetan lagunartean jotzen nuen, gainerakoan Oiartzundik Txikierdi orkestina etortzen baitzen”. Gaztetatik, soinua eta kantua izan dira Ebaristoren zaletasun nagusiak, horren adibide, bere hitzak: “lanaz gain, musikari denbora asko eskaini izan diot beti”. 36 urte zituela, lantegiak beheraldia izan eta zer edo zer egin behar zela pentsatuta, Ostargi laukotea osatu zuten lau musikarik: “plaza txikitan ere aritzen ginen noizean behin, baina ezkontzatan batik bat: asteburuetan egokitzen zirenez, primeran moldatzen ginen. Oso esperientzia polita izan zen, oso alaia. 53 urte nituela utzi nuen taldea, lan horretarako zaharregia ikusi bainuen nire burua. Taldekideek beste bi urtez jarraitu zuten, gerora DJek hartu zuten bide hori”, azaldu du. Laukotea utzi eta bi urtera Tolosako orfeoian aritu zen lau urtez. Orain Tolosa Kantari ekimeneko antolakuntzan hartzen du parte eta berriz ere soinua hartzera bultzatu du horrek, “lehen oso zaila zen partiturak lortzea. Orain, internet bidez eskura ditugu guztiak eta zeharo harrapatuta nabil. Etxean ditudan momentu libreetan soinua jotzen aritzen naiz. Hilean behin biltzen gara Tolosan kantu-jiran aritzeko, gero eta jende gehiago elkartzen gara eta oso pozik gaude”.

Jaioterria gogoan
24 urterekin Tolosara ezkondu bazen ere, jaioterria gogoan izan du beti Ebaristok, “hasieran herriko kutsua mantendu arren, denborarekin fisikoki galdu egiten da harreman hori. Hala ere, Adunaren inguruko berriren bat entzun orduko, hara joaten zaizkit begiak. Adunakoak dira nire umetako eta gaztetako oroitzapen guztiak”. Bi anaia bizi ditu Adunan eta haiengana etortzean, lehengo jendea etxekoa bezala sentitzen duela aitortu du, “orain galduxeagoa sentitzen naiz, gazte jendea ez baitut ezagutzen”. Duela bi hilabete, Aiztondo Mankomunitateko Jubilatuen festan jaioterrian aritu zen soinua jotzen, “aurtengo festa Adunan egokitzen zen eta anaia tartean zebilenez, berak proposatu zidan soinua jotzera etortzea. Besteak ez dakit, baina ni behintzat oso gustura aritu nintzen”, argitu du.
Gazte garaian Adunako festen antolakuntzan aritzea gogoko zuen: “17 urte ingururekin asko bizitzen nuen lan hori. Arrakasta beroa izan zuen dantza sueltoko txapelketa antolatu genuen bi urtez. Frankismo garaian, plazan politikarekin lotutako bertsoak abesten zituztelako, Lopategi eta Azpillaga bertsolariei lehenengoz Adunako festetan kantatzea galarazi zietela ere gogoan dut”. Urte guztian Adunan beste ezer izaten ez zenez, festak oso handiak zirela aipatu du, hirugarren eguna bereziki: oilasko jokoarena, “goizeko seietarako abiatu eta herriko baserri guztiak igarotzen genituen: kafea batean, entsalada bestean, pattarra…, denetarik  ematen ziguten eta dena ondo sartzen zen edade hartan. Oso egun polita izaten zen, zain-zain egoten ginen. Musikari dagokionez, Tolosako txistulariak, festetako soinujolea eta neroni ere tartean izaten ginen”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!