Hiru urte zituela harrapatu zuen 1936ko Gerrak, baina oso umea zenez, oroitzapen handirik ez duela esanez hasi du solasaldia, “garai hartan, gure etxera bi soldadu lotara etortzen zirela soilik gogoratzen dut. Gainerakoan ezer gutxi”, aipatu du. Sei senidetan zaharrena da Ixiar eta helduena izaki, segidako anaiarekin batera baserriko lanetan erantzutea egokitu zitzaion txikitatik, “etsi-etsian etxean lagundu egin behar”, azaldu du Ixiarrek. “Behiak eta idiak genituen lanerako, orduan ez baitzegoen traktorerik. Haientzako jana nahiz azpi-gaiak ekarri eta banatzen nahikoa lan izaten genuen”. Baserriko lanetan umetatik aritu arren, 14 urte bete zituen arte joan zen Ixiar Villabonako eskolara, “beti esaten dut guk ez genuela alferrikako gairik ikasi, baina behar dena ondo ikasi genuela: aritmetika, esaterako. Udaletxeko eskoletara joaten ginen, gustura joan ere. Ostegun arratsaldea jai izaten genuen, bestela goiz eta arratsaldez aritzen ginen eskolan. Handik itzulitakoan baserriko lanetan laguntzen genien gurasoei”. Maiz, etxe ondoko garbilekura gerturatu beharra ere egokitzen zitzaion ganadua eramatera, ura hartzera edota arropak astintzera.
Bizikletaz festara
Gaztetan erromeria nahiz festarako tartea gustura hartzen zutela azaldu du, baina ez zutela non joanik izaten eta inguruan ibiltzen zirela, askotan bizikletaz gerturatuta, “gustura ibiltzen ginen festan. Orduan, jendeak grina gehiago zuen festarako eta jende asko biltzen zen, ez orain bezala”.
Josten ere ikasi zuen Villabonako Maritxu Alustizarekin, “neska asko joaten ginen josten ikastera. Han ikasitakoari etxean ematen genion segida eta egokitzen zena egiten genuen: galtzak, mantalak, soinekoak… Etxerako arropa. Ezkondu ondoren ez dut josteko denbora askorik izan, baina behin ikasita, behar izandakoan beti izaten da aukera”, argitu du.
Astoarekin aurrena, karroarekin gero
Legarreta auzoan jaio eta 27 urte zituela, bertan ezkondu zen Juanzurinea baserriko Inaxio Ezeiza auzotarrarekin. Juanzurinean bizi da geroztik. Behiak izan zituzten bizibide urtetan, esne-saltzaile gisa 38 urtez aritu zen Villabonan Ixiar. “Ezkondu eta berehala esne-partitzen hasi nintzen Villabonan eta Elbarrenan. Aurrenetik astoan marmitak hartuta joaten nintzen, baina gerora galarazi egin zuten eta gurpildun karroa egin nuen. Inguru zelaia zenez, oso ondo moldatzen nintzen karroa hartuta. Gainera karroak ez zuen enbarazurik egiten espaloian utzitakoan ere. Ez dut sekula autorik izan, ez dut maneiatzen ikasi. Beharrik ere ez dut sumatu, eliza eta tren geltokia etxetik bi pausotara izan baititut beti”. Behiak gobernatzen aritzen zen arren, senarrak jezten zituen goizero. Etxeko lanak egindakoan, eguerdi partean egiten zuen banaketa lana Ixiarrek. Esne-saltzailearena gogoko langintza zuela aitortu du: “ondo moldatzen nintzen, jende onak nituen. Oraindik ere, Villabonara joaten naizenean batzuetan ikusten ditut. Oraingo konturik ez zen orduan: denak izen-abizenez ezagutzen ginen. Gerora, etxe berriak egin eta kanpoko jendea etorri denean aldatu egin da hori”. Urteak aurrera, esnea kontsumitzeko modua ere asko aldatu dela uste du Legarretakoak, “garai hartan erremediorik gabe behar izaten zen baserriko esnea. Orain, grasa gehiegi daukala esaten dute batzuek eta asko jaitsi da. Gu, ordea, esne harekin hazten ginen”.
Egurraren beroa
Etxerako adina behi dituzte egun Juanzurinean; baina ez esnetarako, haragitarako baizik. Bestalde, txakur, oilo nahiz untxiak ere hazten dituzte. Bestelako lanen artean, baratzea zaintzea gustatzen zaio Ixiarri, “beti etxearen ondoan izan dugu baratzea eta etxe ondoko gauzak asko balio du”, adierazi du. Gainerakoan Legarreta auzoan bertan paseatzea gustuko du, “kamio onak ditugu hemen. Villabonara eginbeharren bat dudanean joaten naiz, baina gainerakoan, ez naiz hara paseatzera joatera ohitu. Etxe inguruan gusturago ibiltzen naiz”. Ahizpekin planak egitea eta ilobak zaintzea ere gogoko du, “umeak poza ekartzen baitu etxera”. Udazkeneko giro paregabea kontuan hartuta, azken egun hauetan hasi da sukaldeko ekonomika pizten, “orain arte ez dugu behar handirik izan. Orain, eguartean behintzat gustura hartzen da sukaldeko beroa eta egurraren berotasunarekin goxoagoak ateratzen dira jakiak ere, potajea bereziki”.