Baserriko lanetan ohitu zen Martin umetatik eta gaur egun mekaniko lanetan aritzen bada ere, eutsi egiten die baserriko eginbeharrei. Bederatzi anaia-arreba izan ziren guztira, nahiz eta orain ederki urrituta daudela adierazi duen. Eskolara joatea ez zitzaion gehiegi gustatzen, nahiago zituen baserriko lanak, “eguraldi txarra egiten zuen garaian joaten ginen gu eskolara, bestela etxean aritzen ginen lanean. Madrilgo maistra izan genuen, oso zorrotza: garai hartan, noski, ez zigun euskaraz hitz egiten uzten”, aipatu du. Baserriko lanetan, berriz, denetarik egiten zuten, “belarretan, sagar edo intxaur biltzen… Animaliak ere izaten genituen: behiak, idiak, astoa… Handik bizi ginen etxeko guztiak”. Igande arratsaldetan Larraulgo plazan biltzen ziren larrauldar gazteak. “Kartetan aritzen ginen 16 urtera arte behintzat. Gero erromerietara joaten hasi ginen: Aizterrazura gehienetan. Han, oker samar bada ere, trikitixa dantzatzen ikasi genuen”.
1990 urtean Larrunbide Erdikoa baserria erre egin zen eta berria egin zuten gerora. Bertan bizi da egun familiarekin eta etxearen azpialdean ukuilurik ez badute ere, aldameneko etxe-ordean nahiz inguruko zelaietan idiak nahiz ardiak ditu.
Herri kirolen jarraitzaile
Abere artean ohituta, 15 urterako hasi zen Martin ahari apustuetan parte hartzen. 20 bat ahari eduki ditu guztira 30 urtean zehar eta hainbat apustu eta erakustalditan hartu izan du parte. “Denean ibili ezin denez, ahariak utzi egin nituen eta duela 20 urte lehen idia erositakoan, idi apustutan hasi nintzen. Harrezkero beti izan dut idiren bat etxean. Gustatu egiten zait idiekin Alkiza aldera entrenatzera joatea, baina lan handia ematen dute. Udan, lanetik etorritakoan ondo moldatzen naizen arren, neguan zailagoa izaten da. Hala ere, beti izaten dut laguntzeko jendea”, azaldu du. Azken urteetan utzi samar badauka ere, inguruko herrietako festetako idi apustuetan hartu izan du parte: Larraulen, Zizurkilen, Amasan… Ikusle gisa, ordea, oraindik ere batetik bestera ibiltzen da larrauldarra, “lehen baino idi-apustu gutxiago egiten bada ere erakustaldiak ugari izaten dira eta maiz joaten naiz haiek ikustera, baita Bizkaiara ere”.
Herri kirol denak gustatzen zaizkio eta gertutik jarraitzen ditu: harri-jasotzea, aizkora… Esku pilota ere ikaragarri gustuko du: “partidak frontoian zuzenean ikustea gustatzen zait. Alde ederra dago frontoian bertan edo telebistan ikusi”. Xala eta Irujoren jarraitzailea da, “askotan topatu gara eta lagunak ditut. Egia esan, ez dut gustuko ez dudan pilotaririk: gainera, besterik badirudi ere, ez dira hainbeste”.
Orain gutxi ibiltzen den arren, ehiza ere atsegin du Martinek, “egun hauetan aukera sortzen bada ibiliko naiz zertxobait, baina etxetik gertu”. Perretxiko zalea ere bada; bizitza guztian gustatu izan zaio perretxikoak biltzea. “Baten batek bilduko zituen arren, aurten ez da apenas perretxikorik atera eta iaz ere gutxi. Normalean udazken aldean atera izan dira beti, baina harrituta nago orain. Badirudi eguraldi aldaketak-edo eragina izan duela… Udaberriko xixarik ere ez dut ikusi aspaldiko urte hauetan”, adierazi du.
Tabernari eta mekaniko
Berrogei urtetik gora daramatza Martinek mekaniko lanetan. Aurretik, ordea, tabernari gisa aritu zen Tolosan, “15 urte bete aurretik arreba eta koinatari laguntzen aritzen nintzen asteburuetan tabernan. Oso lotua den arren, oraindik ere gehien gustatzen zaidan langintza da tabernariarena”. 15 urte bete zituenean Resa lantegian hasi zen mekaniko eta handik gutxira Frantziara joan zen lanera, “hasiera batean anaia zen joatekoa, baina ezin izan zuen eta ni joan nintzen bere lekuan Aviñonera. Ondo ikasi nuen frantsesez, zer erremedio! Gogoan dut oraindik nola herriko festetan, San Bartolome egun batean abiatu nintzen Frantziara. Hauxe miseria!, pentsatzen nuen trenean nindoala. Aurrena bengaloi edo karabana batera eraman ninduten; gero hiru urte egin nituen Montpellierko hotel batean. Autopistak egiteko makinak konpontzen genituen”. 23 urte zituela, ez zuen samurragoa izan itzulera: soldadutza egitera eraman baitzuten Cartagenara aurrena eta marinara gero, “zortea izan nuen, enkarguak egiteko ardura jarri baitzidaten, baina nik ez nuen han egon nahi eta azken batean, soldadutza erdia egitea lortu nuen: bederatzi hilabetez”.
Autoekin ere lan egindakoa izanagatik, azken urte luzeetan autobusak konpontzen aritzen da autonomo gisa enpresa ezberdinetan.