Eskola lehenengo, jostun lanak gero, gaztetxotan baserrian lan gutxi egin zuela aipatu du Juanitak. “Andezarrate inguruko umeok, auzora kanpotik etortzen zen andereño batengana joaten ginen aurrena. Gerora Elemendira hasi nintzen, han eskolak partikular ematen aritzen ziren bi señoritekin”, azaldu du. Eskola haiek amaituta josten ikasteari ekin zion herrian bertan, “Asteasuko Juanita Ugartemendiarekin ikasi nuen josten eta gerora Donostiara joan nintzen kortea ikastera. Asko josi nuen garai batean”.
Gaztea zela taberna izan zuen Juanitak Andezarraten eta bertan jarri zuen Asteasuko lehen telebista, “aurretik ez zen telebistarik herrian, nik jarri nuen lehena. Agotenekoak autobusa hartu eta partidaren bat zenean hara igotzen ziren ikustera”, gogoratu du. Tabernako lana gustatu eta hamar urte inguru Andezarraten aritu ondoren, hura utzi eta Asteasuko Kale Nagusian zabaldu zuen Etxetxo jatetxe-taberna geroago. “Andezarratekoak baino komedore handiagoa zeukan eta neskak aritzen ziren zerbitzatzen. Gustuko lana nuen nik tabernakoa, baina lan lotua eta neketsua da, denbora asko igaro behar izaten baita zutik”.
Kamioilari eta taxista
18 urte betetzear zituela atera zuen gidabaimena Donostian. Ez edonolako gidabaimena, ‘primera espeziala’ baizik: autoak, kamioiak nahiz autobusak gidatzeko balio zuena. “Halako karneta atera nuen lehen emakumea izan nintzen Gipuzkoan. Kamioia neukan eta hura gidatu ahal izateko behar nuen. Orduan karneta lortzeko kamioiaren gurpila aldatu behar izaten zen eta askatzea asko kostatu bazitzaidan ere, moldatu nintzen”. Kamioia hartuta Aia eta Zarautz aldean ibiltzen zen batik bat lanean, “ez nintzen gustura hasi lan hartan, baina egin beharra zegoen. Orduan oso arraroa zen beste emakume kamioilariren batekin topo egitea. Iruñako batekin topatzea egokitu zitzaidan noizbait”.
Mercedes 180 autoa ere bazuen Juanitak eta taxista lanetan aritu zen urtetan, joan-etorri ugari eginez. Taxista bezala emakume bakarra zen inguruan eta denetarik entzun omen zuen, “gauza onak asko, jende askori lagundu bainion. Txarrak ere bai tartean, inbidia handia baitzen. Hala ere, nik ez diot jendeak esaten duenari begiratu, bakoitzak berea egin behar du”, azaldu du. Taxi gidari garaiko pasadizoez galdetuta, nondik hasi ere ez dakiela dio, liburu bat idazteko adinako pasadizo mordoa duela.
Oraindik ere oso gogoko du Juanitak gidatzea, egun gidabaimen arrunta izanagatik, “54 urte daramatzat gidatzen eta oso gustura sentitzen naiz, etxean bezala. Oraintxe, kotxea hartu eta Madrilera abiatuko nintzateke lasai ederrean”, dio irribarretsu. “Joaten naizen lekuetara joaten naizela, beti neroni joaten naiz gidari. Konfiantza handia dut nire buruarekin”.
Ehiza eta mendia
Gidatzeaz gain, ehiza ere gustuko zaletasuna izan du asteasuarrak: “oso mugitua izan naiz ni. Eskopeta gazte-gaztetatik izan nuen, propio niretzat egina. 8-10 egun libre nituenean, kotxea hartu eta kanpora joaten nintzen usoak ehizatzera”, azaldu du. Mendian ibiltzea ere asko gustatzen zitzaion eta urtean lau bat bider behintzat igotzen zen Juanita anaiarekin batera Erniora. “Ernioko iraileko erromeriak ere izugarri bizitzen genituen, poz handia ematen zuen bertan sortzen zen giroak. Orain ere giro polita izaten da, baina ordukoaren erdia ere ez”.
Bizikleta saioak egunero
31 urte zituela ezkondu zen eta hiru seme-alabak izandakoan, haiek zaintzeko utzi egin zituen ordura arteko lanak. Etxeko lanetan jarraitu zuen aurrerantzean. Orain 72 urte ditu eta bere buruarekin oso gustura aurkitzen da. “Jaungoikoak indar hori eman diezadala urte askoan. Goizeko 07:00etarako etxeko lanekin hasten naiz eta 23:30ak ematen dizkit oheratzerako. Villabonara etortzen naiz egunero erosketak egitera eta aurrez bertan gosaltzeko aprobetxatzen dut”. Kirola ikustea izugarri gustatzen zaio; bai pilota, bai futbola, bai tenisa… Egin ere, egunero egiten du Juanitak bere saioa, “belaunak gogor ez daitezen, bizikleta estatikoan ordubetez aritzen naiz egunero. Erremediorik gabekoa, jatea bezalakoa da niretzat bizikletan ibiltzea. Izerdi ederra atera eta berria bezala sentitzen naiz saioaren ostean. Ez dago sofan eserita geratzerik”, amaitu du.