Ume zelarik baserriko lanetan laguntzen aritu zen, 6-7 urterekin Zizurkilgo Imazen eskolara joaten hasi aurretik, “goizean goiz, ttaka-ttaka joaten ginen Adunatik Zizurkilera eskolara. Gela batean neskak eta bestean mutilak biltzen ginen. Orain denak batean ibiltzen dira eta gu ere gusturago ibiliko ginatekeen modu horretara! Gero, 12 urte betetakoan, Andoaingo La Salle eskolan hasi nintzen bi urtez”. Andoaingoa, Zizurkilgoa baino eskola serioagoa eta diziplinatuagoa zela aipatu du, txilibitua jo orduko ilaran formatu behar izaten zutela, “La Sallera ere oinez joaten ginen. 45 minutu behar izaten zen Adunatik eskolara iristeko. Bazkariarentzat saskia, marrazketa tokatzen zenean tableroa, liburuak eramateko telazko poltsa eta euria bazen, guardasola hartuta…, nola edo hala moldatzen ginen eskolara iristeko!”, azaldu du irribarretsu. La Sallen marrazketa lineala egiten ikasi zuen eta oso gogoko zuela aitortu du, berak egindako hainbat marrazki erakustearekin batera. 1953 urteko urrian 13 urte zituen Pakok eta urte hartako uholdeak etxetik ikusi zituela adierazi du bitxikeria moduan: “uholdeen eraginez ezin izan genuen eskolara iritsi. Bastero eta Kaletxiki bitartekoak soilik joan ahal izan zuten. Iritsi ezin izan genuenoi, ordea, falta jarri ziguten”.
Fabrikan nahiz udaletxean
La Salleko ikasketak amaituta, baserrian jarraitu zuen lanean, soldadutzara joan arte. Azienda zaintzen, baratzean nahiz sagastietan egin zuen lan; baita basoan ere. “Mendiko lanetan sei hilabetez aritu nintzen. Lan gogorra zen hura: egurra moztu ondorenean, bizkarka kargatzen genuen kamioia. Gero, 1956 urteko izoztearen ondorioz, 20 urteko pinudia kiskali egin zen eta berriro aldatu behar izan zituzten”.
Donostiako kuartelean egin zuen soldadutza, “soldadu boluntario aurkeztu nintzen, bestela agian Afrikara joatea egokituko zitzaidan eta ez nuen halakorik nahi. Modu horretan, handik etorri eta etxekoei baserriko lanetan laguntzeko aukera izaten nuen”. Soldadutzaren ondoren Maria Isabel Jauregi amasarra ezagutu eta bost urtez nobio ibili ondoren, ezkondu egin ziren. “Amasako elizan ezkondu eta Adunara etorri ginen bizitzera. Isase etxean bizitu ginen lehenik eta 1988 urteaz geroztik Gure Nahia etxean”, azaldu du.
1962an Andoaingo Michelin fabrikan hasi zen lanean eta bizpahiru lanpostutan behintzat aritu zen bertan; besteak beste, gurpilen azken marrazkien prestaketa lana egiten. Etxera etorritakoan emazteari laguntzen zion baratzean. Baserri eta fabrikako lanaz gain, udaletxekoa ere ezagutu zuen Pakok. 1983-1987 legealdian Adunako alkate izan baitzen, “aurrez ez nintzen sekula zinegotzi izan. Lau urtez alkate lana bete ondoren, ez nintzen gehiago aurkeztu; alderdi onak izango ditu lan horrek, baina txarrak ere bai. Denek ezagutu beharko genuke, zer den jakiteko”, azaldu du.
Kantua eta soinu txikia
Lanerako bezala, festarako eta bereziki kantuarekiko irrika gazte-gaztetatik datorkio Pakori. 13 urte zituela hasi zen elizako koruan abesten eta geroztik ere eutsi egin dio elizan nahiz taldean abesteari. “Ezkontza bat baino gehiagotan abestu izan dut eta azken urteotan Asteasuko Usarrabi kantu taldeko kide naiz. Kantu kalejirak egiten ditugu herriz herri. Donostiakoan ere behin baino gehiagotan hartu dut parte”, aipatu du. Bertsoak idatzi eta kantatu ere egin izan ditu eta soinu txikia jotzen ikasi ere bai, “alkate izan aurretik, betiko ilusioa bete nuen: Estrella soinu txikia erosi eta lau bat pieza jotzen ikasi nituen Astiasaran trikitilariarekin”.
Herriko jaiak, sakratuak
Herriko jaiak, Adunako Andramariak, sakratuak dira Pakorentzat, “Adunako festetan beste norabait joatea grabea izango litzateke”, dio. Lehen nahiz orain, herriko jaietan parte hartzea gustatzen zaio, “gazteak ginela, harria jasotzen, aizkoran nahiz aurreskua dantzatzen parte hartzen genuen lagunartean. Orain ere lagunartean biltzen gara: azken urteotan koloretako blusa jantzita joaten gara herri bazkarira”. Adunako jaiez gain, inguruko herrietako festetara joaten ziren gaztetan, bidezidorrez bidezidor; oinez, noski. “Asteburuetan lana izaten zen baserrian eta igande arratsaldeak bakarrik libratzen genituen festa pixka bat egiteko”. Duela 12 urte jubilatu zen eta, azaldu duenez, azken urteetan denbora aprobetxatzeko aukera izan du gustuko afizioak betez; kantu saioak, lagunarteko solasaldiak… Besteak beste, bertsolaritza, herri kirolak nahiz pilota ere jarraitzen ditu.