Umetan ezagutu zuen Fernandok baserriko lana eta etxean laguntzen aritzen zen. “Behiak eta idiak beti izan ditugu baserrian eta azienda zaintzeaz gain, baratzean, nahiz soroan aritu izan gara beti lanean. Baserria txikia zenez, mendian ere lan asko egiten genuen: belarretan, garotan …”, adierazi du. Baserri inguruko mendietan ez ezik, Belabietaraino ere joaten ziren lanera. “Etxerako lanean aritzen ginen, ganaduarentzako jatena ekartzen. Orduan etxe inguruko belarra gutxi izaten zen; gaur soberan dago”. Bi txekor ditu egun Fernandok, dioenez, goizean jaikitzeko obligazioa izateko. “Erremediorik gabe, distraitu egin beharra dago”.
Baserrian eta lantokian
Villabonako eskolan ikasi zuen ia hamar urte bete zituen arte. “Etxean lana izaten zen eta goiz utzi nuen eskola. Gerora, beste hainbat mutilekin batera, Amasan partikular ibili nintzen Etxeberriarekin eta 17tik 20 urtera bitarte, Elbarrenako gau eskolara joan nintzen. Han dezente ikasi nuen. Egia esan, oso gustukoa nuen eskola, baina denbora gutxi nuen, lana gogotik izaten baitzen baserrian”.
31 urterekin ezkondu eta 35 urte zituela hasi zen baserriko eginbeharrak utzi gabe fabrikan lanean, “Portunean aritu nintzen aurrena zazpi urtez, paper pastari kolorea bota eta pasta fintzen. Oso gustuko lana nuen, baina gaueko txandan aritzen nintzenez ez nuen ondo agoantatzen: gaua lotarako izatea gauza ederra da, baserrian batez ere”.
Handik Subijananean hasi zen lanean, fabrika itxi zuten arte, “oihalean koloreak finkatzeko estanpazioa baporatzen nuen. Denak ezagunak ginen, herritarrak. Oso fabrika polita zen, baina lastima, ez zuen martxa onik izan”, aipatu du.
Dantzarako tartea
Lanerako bezala, gaztetatik, festarako nahiz dantzarako zaletua izan da Fernando. Azaldu duenez, nolabait ere, hartzen omen zuten denbora pixka bat. “Bietara aritzen ginen: sueltoan eta agarratuan. Gazterik ikasi nuen dantzan, bastante moldatzen nintzen. Soinua entzunez gero, gustura!”. Hemen bertako erromeriatan disfrutatzen zuten, kanpora joan beharrik gabe: “Villabonan, Zizurkilen, Adunan, Asteasun… Garai hartan Villabonan igande arratsaldero izaten zen musika eta jende asko biltzen zen dantzara”. Lagunartean nahikoa dantza egin eta gero, gustuko lana bete behar izaten zuten igande arratsetan, “abellanak patrikan hartu eta neska-laguntzera joaten ginen: poza izaten zen hura, ilusio handia”, gogoratu du irribarretsu.
Mapa toponimikoa osatzen
Arratzain baserriaren ingurua oso bestelakoa zen Fernando gaztetxo zenean. Aurrena bariantea egin zutela aipatu du eta haren ondorioz, Otsabitik barrena bide ona egin zietela behetik gora. “Geroago, eskolak eta futbol zelaia egiteko terrenoaren bila etorri zirenean, barre egin nuen nik aurrena. Gertuago leku egokiagorik ez ote zuten pentsatu nuen. Azkenean bertan egin zituzten eta, dudarik gabe, alaitasuna ekarri zuten hona. Etxe ondotik pasatzen diren gazteekin hizketan aritzen naiz maiz”, azaldu du.
Berriki, Amasa-Villabonako mapa toponimikoa osatzen lagundu du Fernandok, beste hainbat herritarrekin batera, “ikaragarri gustura egin dut lan hori, orain sikiera udaletxean gordeta geratuko baitira inguruko mendi eta borden izenak. Oraingo gazteek ez dakizkite guk ederki ikasi genituen izenak. Esaterako: Mandabideta, Lasturre, Onddo, Belabieta… Denetan ibilita nago ni lanean”.
Futbola Arratzainen
Herri kirolak ikusteko zaletasuna izan du betidanik. Berriki, San Isidro egunean gerturatu da Amasako plazara, “meza nagusia entzun ondoren, lagunartean hamaiketakoa egin eta ahari nahiz gizon apustuak ikusi nituen. Ikaragarri gustura egon nintzen ahari apustuari begira, oso jokalari onak ziren”. Eskolako garaian, esku pilotan jolastea asko gustatzen zitzaion, korrika joaten ziren Villabonako frontoira leku bila. “Orain telebistan jarraitzen ditut pilota partidak. Futbola gutxi. Hori bai, Arratzain futbol zelaiaren inguruan mugimendu handia sumatzen dudanean, jokalari onak izango direla pentsatuta, partidak ikustera gerturatzen naiz”, adierazi du.
Bederatzi urte zituela ezagutu zuen gerra. Ez dio inori opa: “tristea da hori”. Egungo gizarteari begiratuta, langabeziaren ondorioz, egoera txarra sumatzen du, baina halakorik berriro ez etortzea opa du, “gutxiago janda ere bakea izan dezagula”.