Baserrian jaio eta baserriko lanak egiten ikasi zuen Kontxik gaztetxotan, “gurea ez zen baserri handia eta baserriko lana fuerte egiten ez bagenuen ere, ikasi behintzat egin genuen”, azaldu du. Ume zela Zaldibiako herri eskolan ikasi zuen eta gazterik hasi zen fabrikan lanean, “17 urte betetzerako Biloren hasi nintzen lanean eta bost urtez aritu nintzen han, ezkondu arte. Gaueko txandan egin nuen beti lana; gogorra zen, baina gazteak izanda gustura joaten ginen. 20 emakumeko taldea aritzen ginen, oso talde polita”. Zizurkilgo Arantzazuko Ama elizan ezkondu zen Kontxi Alkizako senarrarekin eta bertan bizi dira geroztik. Lehen urteetan Zizurkilera egokitzea kosta egin zitzaiola aitortu du, “hasierako urteetan normala da bakoitza bere jaioterriarekin gogoratzea. Ztik Zra etorri nintzela esaten dut nik beti: Zaldibiatik Zizurkilera. Jaioterria beti gogoan izaten badut ere, Zizurkilen oso auzo onean bizi gara (Bulandegi bidean) eta ez nuke inondik ere aldatuko, komodotasun guztiak ondoan baitauzkagu”. Zizurkil herriari ez dio faltarik nabari, nahiz eta giro aldetik zertxobait behera egin duela uste duen, “ni Zizurkilera etorri nintzenean izugarrizko jendetza biltzen zen festetan. Pasusko festetara jende piloa etortzen zen eta baita Zizurkil Goiko Amabirjinetara ere. Autobusak jendez beteta joaten ziren garaia ezagutu nuen”.
Ardandegia, denda, taberna
Zizurkilen bizitzen jarritakoan, Iruretagoiena ardandegia jarri zuen senar-emazteak abian, Bulandegi bidean bertan, “orduan kupeletik saltzen genuen ardoa eta jende ugari bertara etortzen zen ardoa erostera. Dendaz gain, senarrak inguruko baserri nahiz etxeetan banaketa egiten zuen garrafoietan edo botiletan ardoa hartuta”. Kontxik berriz, etxeko lanak ez ezik, ardandegian harrera egiten zuen, “lan guztia eskuz egiten zen orduan: botilak garbitu, bete… Botila asko garbitu behar izaten zen gero!”. Ardoez gain likoreak ere saltzen zituzten ardandegian eta urte batzuk geroago, elikagai-denda jarri zuten leku berean, “ardo eta likoreekin batera, kontserbak, olioak eta bestelako elikagaiak saldu nituen hainbat urtez”, aipatu du zizurkildarrak. Ardoa eskuz botilatzearen inguruko arauak aldatu zirenean, ordea, denda itxi eta taberna zabaltzea erabaki zuten, “1988ko Urtezaharrean inauguratu genuen taberna eta 1989ko Urteberrian hasi ginen lanean. Ni hiru urtez soilik aritu nintzen tabernan. Gero senarrak eta semeak hartu zuten hango ardura, eta ni, gaixoak zaintzen hasi nintzen, osasunak utzi zidan arte”. Egun, semeak bideratzen du tabernako martxa eta botilatutako ardoak saltzen jarraitzen du: Iruretagoiena ardo arrunta edota Errioxako ardo bereziak.
Ardandegiko pasarteren baten inguruan galdetuta, egunero bisitan etortzen zitzaion hirukotea aipatu du Kontxik: “Herrian oso ezagunak ziren Hilario, Xanti eta Bordabe (Mendizabal aizkolaria zenaren aita) eguneroko bisitariak izaten nituen. Basoerdia hartuta, beren pasadizoak kontatzen aritzen ziren. Konpainia egiten zidaten egunero”.
Liburuak, eskulanak, bidaiak
Dendari eta tabernari lotuta egondako urteetan ez zuen hainbesteko denbora librerik, baina orain, aukera duenez, herriko hainbat ekintzatan parte hartzen du. Azken urteotan, Elizpe jubilatu elkarteko zuzendaritza batzordeko kide da. Gustuko lana du, baina beharrezkoa ere badela deritzo: “elkartea norbaitek eutsi beharra dauka, bestela bukatu egingo bailitzateke. Jende askorik animatzen ez denez, guri egokitzen zaigu lan egitea eta ahal duguna egiten ahalegintzen gara”. Gainontzean, irakurtzea da Kontxiren zaletasunik nagusiena, “orain oso gutxi irakurtzen dut lehengo aldean. Gaztea nintzenean nobela asko irakurtzen nuen, poliziakoak edota dramazkoak batez ere. Genoveva de Brabante eta Fray Escoba oso gogoko liburuak nituen. Orain, tarteka, Uztapide, Txirrita edo Lasarteren bertso liburuak irakurtzen ditut, baina egunkariak edo aldizkariak gehiago”. Eskolan ikasitako eskulanak lantzea ere gogoko du: gurutze puntua eta bahinika; hala ere, gehiago gustatzen zaio bidaiatzea, poltsikoak laguntzen duenean. Orain artean, Galizia, Avila edo Extremaduran ikusitako txokoak asko gustatu zaizkio. Bere nahia egunen batean Erroma ezagutzea litzateke eta baita kruzero bat egitea ere.